Irati Jimenez
Euskal kulturaren bilgunea

Durangoko Azoka, Atik Zra

Espainiako Estatuan Konstituzioaren zubia izaten da abenduko egun horietan, baina Euskal Herrian Durangoren bueltakoak dira, zalantza barik, jaiegun horiek. Kulturaren munduak bertara begiratzen du, jende uholde batek bisitatzen du Durangaldearen bihotza, hotza pasatzeko, bai, baina baita ere lagunak ikusteko, zuzeneko musika entzuteko, Gabonetako erosketak egiteko, idazleen sinadurak bilatzeko eta gure kulturaren plaza bere zabalera osoan disfrutatzeko. Mende erdia bete du dagoeneko Durangoko Azokak, baina beti gazte ageri zaigu Atik Zrako alfabeto honetan.

Arkupeak. 1965eko azaroaren 1ean, Francisco Franco hiltzeko hamar urte falta ziren eta Espainiako Estatuan diktadura militarra bizi zen. Durangon, Andra Mariaren basilikako arkupean, 100.000 pezetako aurrekontuarekin hemeretzi argitaletxek lehen aldiz antolatu zuten gaurdaino iritsi den disko eta liburu azoka, alor horretan Euskal Herrian egiten zen produkzioa ezagutzera emateko. Hurrengo urtean elizaren konponketa lanak zirela eta, azoka ezin izan zen egin, baina laster hartu zituen arkupeak berriz: 1966an 680 liburu eta 179 disko saldu zituen. Luzaroan basilikaren arkupeak izan ziren Durangoko Azokaren sinboloetako bat. 1974-1996 artean Merkatu plazara aldatu zen azoka, handik karpa erraldoi batera mugitu zen eta 2003an lortu zuen gaur egun daukagun egoitza: Landako Gunea. Aurten aldaketa: 240 stand handi eta 24 txiki izango dira eta 30 urtetan lehen aldiz zuriak izan beharrean egurrezkoak izango dira.

Barrenkale. Durangoko basilikako erdi-puntuko eta dobela itxurako arkuak Barrenkale kalean daude. Historiari kuku egiten diote, beraz, Landako Guneko gaur egungo kaleen izenek Durangoko Alde Zaharreko kale nagusienak mantentzen dituztenean: Barrenkale, Goienkale eta Artekale. 2019ko azokan lehen aldiz kolore berezituak izango dituzte, jendeari erraztasunak emateko.

Castellano. Euskal Herriko idazle batek baino gehiagok argitaratuko dituzte gaztelaniazko tituluak azokara begira. Dolores Redondo donostiarrak «Baztango trilogia» deitu denaren aurretik gertatu zena kontatu nahi izan du “La cara norte del corazón” liburu berrian eta Toti Martinez de Lezeak, azken urteotako ohiturari eutsiz, batera estreinatuko ditu bere azken eleberriaren gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak. “Hierba de brujas”/ “Sorgin belarra” lanean Larrabetzuko idazleak Zugarramurdikoa baino askoz odoltsuagoa izan zen sorgin ehizaren kapitulua kontatu du. 1525-1527 bitartean, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Erroko haranetan Inkisizioak 100-200 lagun bitarte hil zituen, urkatuta edo sutara botata.

DA! Badira urte batzuk Azokak “DA!” leloa erabili duela (Durangoko Azokaren akronimoa) eta lelo horri abizenak jarri dizkio gero. Iazkoan, 53. edizioan, “DA! asko dira!” izan zen goiburua eta aurtengoan, 54. azokan, “Osorik DA!” goiburua ageri da Oier Zuñigaren kartelean. Iruñeko artista honek egin du aurtengo kartela. Bere asmoa azokan dauden ekosistema desberdinak erakustea izan da eta kulturaren plaza bilakatu den topaguneak hartu duen zabalera erakustea.

Euskal. Euskal Herriko diskoen eta liburuen produkzioa ezagutzera emateko sortu zen Durangoko Azoka 60ko hamarkadan, baina ordutik hona definizio horren inguruan eztabaida bat baino gehiago egon da, besteak beste, hasiera batean gertatzen ez ziren fenomeno ugari gertatzen direlako orain. Espainiako Estatuko argitaletxeek euskarazko produkzioa dute eta Euskal Herriko askok elebiduna edo gaztelaniazkoa. Gerediaga elkartearen irizpideek diotenez, “euskal liburu eta diskoak” saldu daitezke, euskaraz edo gaztelaniaz, baina “euskal” horren definizioa labaingarri suertatzen da. 2008an, adibidez, debekatu egin zitzaion Alfonso Sastrek eta Eva Forestek (Bartzelona, 1928 - Hondarribia, 2007) sortutako Hiru argitaletxeari azokan egotea eta gutuna argitaratu zuen bere alargunak, Alfonso Sastrek (Madril, 1926), «pena eta lotsa» sentitzen zituela esanez. Sastreren ustez “euskal” horren bi definizio posible eta baliagarri zeuden, edo euskara hutsezko lanak aukeratu edo Euskal Herrian baina edozein hizkuntzatan egindakoak. Baina “euskal gaiak”, “euskal protagonistak” edo “gehienbat Euskal Herrian gertatzen diren liburuak” sartzea erdibide erridikulua zela argudiatu zuen, irizpide aleatorioa eta injustua salatuz. Hondarribiko Hiru argitaletxearen sortzailea, Eva Forest, argitaldaria, ekintzaile politikoa eta idazlea izan zen. Bereak dira “Operación Ogro: Cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco” eta “Tortura y democracia” liburuak.

Frankismoa. Frankismoan hasi zen azoka, orduko errepresio gordinari aurre egiteko asmoz eta frankismoaren garaira egin dute aurten bidaia egile askok, beren liburuen gai nagusi edo jokaleku literario nagusi bihurtzeko. Lehenengoen artean dago Joan Mari Torrealdairen “De la hoguera al lápiz rojo” (Txertoa, 2019), diktadurako zentsuraren “sukaldeari” buruzko liburua; eta bigarrenen artean aipatu daitezke gutxienez fikziozko bi liburu. Euskaraz, Irun Hiria sariaren irabazleak, Txema Garcia-Vianak “Pentaedroa” eramango du azokara, nazionalak iritsitakoan herri txiki batetik alde egin behar duen teatro talde bateko bost lagunen historia. Gaztelaniaz, argitaletxe berberarekin, Begoña Elorrieta bilbotarrak “Fuego amigo” dakar, bere lehen nobela. Bermeon gertatzen da, gerra garaian eta, besteak beste, Matxitxakoko Bataila epikoan gertatu zirenak hartzen ditu abiapuntu.

Gerediaga. Durangoko Azokaren antolatzaile nagusia eta beste elkarte, erakunde eta taldeen koordinatzailea da Gerediaga elkartea. Bere buruari aitortutako helburuak Durangaldeko nortasuna zaintzea, ikertzea eta zabaltzea dira eta helburu horrekin urtean gauza bat baino gehiago egiten du: “Astola” aldizkaria argitaratzen du, Durangaldeari buruzko dokumentazio zentroa dauka eta, besteak beste, Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa eta Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna antolatzen ditu.

Hotz. Arakatu zeure oroitzapenetan. Galdetu edonori zer gogoratzen duen halako edo bestelako azokari buruz. Eta goiz ala berandu, bai ala bai, esango dizute hitz hori: hotza. Euskal Herriko atlasean mendiak garaiak dira eta Anbotok, Mariren etxeak, negu luzeak eta hezeak ekartzen ditu Durangora, haizetsuak eta hotzak, oso hotzak. Urteko tarte hezeak zortzi hilabetetik gora irauten du eta epe horretan euria egiteko aukerak %26 direla kalkulatzen dute adituek. Azaroaren erdialdean aukera horiek %40ra iristen dira, ia-ia. Beroa norberak bilatu behar izaten du Durangon. Munduaren beste aldean, Victoria de Durangon, Mexikon, uda luzea izaten dute eta negu hotzak eta motzak.

Irudienea. Euskal Herrian zehar film laburren rallyak egiten dira urtean zehar, parte-hartzaileek epe motzean (12-48 ordu) ikus-entzunezko lan labur bat egin behar izaten dute, gai jakin baten inguruan, eta herri bakoitzak irabazle bat aukeratzen du. Horien guztien artean lehiaketa antolatu zuen iaz Durangoko Azokak, Dema S.A. izenarekin, ikus-entzunezkoentzako erreserbatu duen espazioan, Zugaza zineman. Aurten ere hantxe zabalduko da berriz Irudienea.

Jaia. Irailean ospatzen ditu Durangok herri jaiak, San Fausto egunaren bueltan, baina abenduko zubian bigarrenez egiten dira jaiak Durangon. Ezinezkoa da imajinatzea zer litzatekeen azoka egun osoan zehar zerbitzu ematen duten tabernetako giroagatik eta bertako langileek egiten duten lanagatik ez balitz. Kulturaren plaza herriaren plaza bihurtzen da Durangon eta plaza handi horretan batzen dira hainbat herritar musika entzuteko, liburuak eta diskoak erosteko, sinadurak bilatzeko eta kultur emanaldietan parte hartzeko, baina baita lagunekin disfrutatzeko, jateko, edateko, dantzatzeko eta parranda egiteko ere.

Kazetariak. Azokakoak lan handiko egunak izaten dira Euskal Herriko kultur kazetarientzat, begiratu besterik ez dago nola ibiltzen diren Landakon bertan dauden mahai, estudio eta platoetan. Izan ere, ez da erraza gertatzen den guztiari leku ematea. Xede horrekin sortu zen duela urte batzuk Azoka Telebista, abenduaren 5etik 8ra bitartean gertatzen den guztia ikus-entzunezko formatuan jasotzeko eta azokako webgunearen eta sare sozialen bidez zabaltzeko. Goiena Telebistaren eskutik eduki horiek egunero emititzen dira euskarazko tokiko telebista hauetan: Hamaika, 28 Kanala, Erlo, Goierri, Xaloa eta Oizmendi.

Landako. 2003tik hemen dauka azokak bere bihotza, 4.200 metro karratuko Landako Gunean. Durangoko Udalaren elkarte publikoak kudeatzen du eta urtean zehar 50.000 bisitari inguru hartzen ditu. Durangoko Azokaz gain 40 Minutu Rock jaialdia egiten da urtero eta aurten bertan egin dira 3.000 pertsona batu dituzten Euskal Herriko Mugimendu Feministaren Jardunaldiak, “Salda Badago” lelopean.

Musika Eskola. Azokari buruz hitz egiterakoan sarri erdi ahaztuta geratzen da musika, liburuen azoka dela ematen baitu eta ez liburu eta diskoena. Musikak, ostera, berebiziko garrantzia dauka Durangon. Hasteko, aurten, Musika Eskolan egingo da inaugurazio ekitaldia eta espazio berri horretan egingo da normalean Areto Nagusian egiten zen Gogoeta Plaza ere. Horrez gain, musika ezinbestekoa suertatzen da tabernetako giroa alaitzeko eta gauero izaten da protagonista Plateruenako kontzertuetan. Musika da, bestalde, egun osoan zehar entzun daitekeena Ahotsenean. 2008an sortu zen Sortzaileen Gunea edo Ahotsenea, azokaren 43. edizioan, eta lasai esan liteke azokaren izaera bera eraldatu egin zuela, sustraitik. Egun osoan zehar egiten diren aurkezpenei esker azoka liburuak eta diskoak saltzeko lekua izatetik kultur emankizunen plaza izatera pasa zen. Sortu zenetik Ahotsenea etengabe hazi da, aurten, adibidez, lehen aldiz egin du salto Durangotik kanpo, Berri Txarrak taldeak Kobetamendin antolatutako jaialdian parte hartzeko eta bertan bertso-emanaldiak, teatroa eta beste hainbat ekitaldi antolatzeko.

Nobedadeak. Euskarazko literaturaren arloan nobedadeak erosteko asmoa duenak aurten bat baino gehiago topatuko du Durangon. Bere azken eleberria argitaratu eta hamar urtera “Aitaren etxea” dakar Karmele Jaiok, “Amaren eskuak” ederrarekin edizioak eta edizioak egiten jarraitzen duen idazle gasteiztarrak. Pisu handiko beste idazlerik ere badator aurten azokara, nobedadea besapean. Unai Elorriagak duela bost urte argitaratu zuen “Iazko hezurrak” nobela eta “Iturria” (Susa, 2019) dakar orain, ipuin askorekin osatutako eleberria. 80tik gora urte dituzten bi adiskide, Erroman eta Soro, dira protagonistak. Biak abiatzen dira Europako herrietan barna, Pedro Iturria izeneko idazle misteriotsu baten peskizan, Iturriak idazten duenean Sorori buruz hitz egiten duela iruditzen zaielako. Elorriagaz gain, Bernardo Atxagak ere “Etxeak eta hilobiak” argitaratu du aurten (Pamiela, 2019). Narrazio askok osatzen dute lana, baina bere azken eleberria duela esan du asteasuarrak. Eta nobedadeen artean sartu behar da “Miñan” (Susa, 2019). Bertan, Gineako Errepublikan jaiotako Ibrahim Baldek lehen pertsonan kontatuko digu Europarako bidea, lehen nobela egin duen Amets Arzallusen bidez.

Ñir-ñir. Haurren begiak pozez ñir-ñir ikusi nahi dituenak Durangoko Azokako Saguganbara gunetik pasa behar du. Han, Landako Gunearen aurrean, haurrak eta ez hain haurrak batzen dira, gazteenak sormen tailerretarako eta ipuin kontaketak entzuteko; eta nagusiagoak, urtean zehar argitaratutako haurrentzako liburu, disko eta sormen lanak aurkezteko.

Ohitura. Jendarte batentzat ohitura bilakatu da Durangora joatea eta horrela lortzen ditu azokak lortzen dituen zenbakiak. 100.000 bisitaritik gorako markaren inguruan eta hortik gora ibili ohi da azoka. Horretarako garrantzitsua izaten da lehen eguna edo Ikasle Eguna, Euskal Herri osoko hezkuntza zentroetatik etortzen direlako gazteak. Gauzak ondo egiten badira, etorkizunean haiek mantenduko dute bizirik azoka.

Plateruena. 2004an, Durangok eta Azokak leku berri bat irabazi zuten. Urte hartan, eta Zenbat Gara elkarteak Bilbon eta Ondarroan jarritako kafe antzokien bidetik, Berbaro elkarteak Plateruena zabaldu zuen, Landako Gunearen ondoan bertan, taberna eta jatetxeaz gain, kulturgune eta musika agertoki izan nahi zuen lekua. Aurten bertan joko duten taldeen artean sorpresaren bat iragarri da eta horrez gain hainbat talde eta bakarlari: Arabako ETS (En Tol Sarmiento); Zetak, Pello Reparaz musikariaren talde berria; Arrasateko Arkada Social punk-rock taldea eta Maider Zabalegi kantaria.

¿Qué es Durango? Abenduko zubian Euskal Herrian egiten denari buruzkoa bada galdera, erantzun erraza dauka, gure kultur industrien topagune nagusia da. Baina Durango hainbat gauza dira, Mexikoko Victoria de Durangon jaio zen Pancho Villa; Ameriketako Estatu Batuetan Durango bi daude (Coloradon eta Iowan); Italian autoak fabrikatzen ditu Durango Automotive SR enpresak; Luis Cernudak “Durango” izeneko poema zoragarria idatzi zuen (“En Durango postrado, / Con hambre, miedo, frío, / Pues sus bellos guerreros sólo dieron, / Raza estéril en flor, tristeza, lágrimas”); “Perdita Durango” filma egin zuen Alex de la Iglesia bilbotarrak; “La Naranja Mecánica” pelikulan Durango 95 bat gidatzen zuten drugoek; Ramones taldeak haren omenez egin zuen izen bereko kantua eta tarte batez horrela jarraituko bagenu Durango batean mila kabitzen direla frogatuko genuke, zer den Durango birdefinitzen jarraitzeko.

Rol jokoa. Durangoko Azokaren Sormen Beka iaz sortu zen eta sortzearekin bat euskaraz egindako sorkuntzaren itsasoa uste dugun baino zabalagoa izan litekeela frogatu zuen. Izan ere, “ATOPIArpg” rol jokoa saritu zuen, euskaraz egindako lehena. Etzi Portu Maritimoa izeneko taldeak aurkeztu zuen eta aurtengo azokan argitaratuko da liburu bezala, Durangoko Udalak eta Azokak ematen duten 15.000 euroko sariari esker. “ATOPIArpg” Euskal Herri alternatibo batean gertatzen da, itxura batean geurearen oso antzekoa da baina konspirazioa eta fakzioen arteko gudak gurutzatzen dira eta parte hartzen dutenek satira politiko batean, detektibe nobela batean edo beldurrezko film batean bezala jokatu ahal dute.

Saiakerak. Euskal Telebistan “Mihiluze” edo “Tribuaren berbak” moduko saioetan egindako lanagatik aski ezaguna da Kike Amonarriz eta idatziz dator orain euskalgintzak aro historiko berri honetan dituen erronkei buruz hausnarketa egitera, “Euskararen bidegurutzetik” (Elkar, 2019) lanarekin. Ez da izango euskararen eta Euskal Herriaren inguruan hausnarketa egiteko balioko duen saiakera bakarra. Iñaki Egañak “Historia vasca de la humanidad” (Txalaparta, 2019) dakar, zientziak egin dituen aurrerapenak ardatz hartuta, Euskal Herriaren eta gizateriaren historiak kontatzen dituen liburua eta Joseba Sarrionandiak Habanako gaukariaren bigarren zenbakia dakar, “Airea ez da debalde” izenekoa. Feminismoaren alorrean, berriz, euskarara ekarritako liburuen historia txikian mugarria jarri du Elkar argitaletxearen Eskafandra bildumak, XX. mendearen bigarren partean eragin handiena izan duen liburuetako bat argitaratuta, Simone de Beauvoirren “Bigarren sexua”.

Teatroa. Arte eszenikoek aspalditik dute lekua azokan, Szenatokia espazioan. Abenduko zubian izen hori hartzen du San Agustin kulturguneak eta han egiten dira, Landakotik gertu, dantza eta teatro ikuskizunak. Aurten programazio ederra dakar San Agustinek, benetan. Abenduaren 5ean, lehen egunean, gazteentzako tailerrak egingo dira, Ikasle Eguna baita; abenduaren 6an, berriz, Jon Maya dantzariaren Kukai dantza taldeak –2017ko Max sarien irabazleak– “Erritu” ikuskizuna emango du; eta abenduaren 7an eta 8an, lehen aldiz egingo da Mikropiezen Jaialdia. Euskal Herriko hamar antzerki taldek antzezlanak prestatu dituzte eta egunean zehar bakoitzak bi-hiru aldiz egingo ditu. Guztira 30 emankizun baino gehiago egingo dira, San Agustin kulturgunearen espazio desberdinetan (eszenatokia, harrera gunea, bulegoak…) ikusleen gozamenerako. Cía Paganini, Haatik, Abarka edo Goitibera taldeez gain, Gilkitxaro taldeko bi aktoreak ere egongo dira agertokian, Ane Zabala eta Galder Perez, 7K-ko kolaboratzailea.

Urtea. Zaila da neurtzen argitaletxeentzat zer garrantzi ekonomiko duen azokak. Aspaldi, %20-30 inguruan kalkulatzen zen –kanpoko argitaletxeei sinestea kostatzen bazitzaien ere– baina kopuru hori jaitsi egin zen aspaldi eta argitaletxez argitaletxe aldatu egiten da orain.

Vanitas vanitatum. Euskal literatura eta kultur mundua ezagutu gabe idatzi zen duela bi mila urtetik gora Bibliako “Ecclesiastes” liburua. Bertan dioena egia bada, kontuz ibili behar du norberak Durangon harrokeriarekin eta harroputzekin, izan ere, «hitz asko dagoen tokian beti dago banitate handia».

Willis Drummond. Azaroaren hasieran argitaratu zuen Willis Drummond taldeak bere estudioko seigarren lana, “Zugzwang” izenekoa (Tabula Rasa Records & Like Litteraly, 2019) eta musika nobedadeen alorrean sartzen da Baionako taldearena. Ez dira lan berri batekin datozen musikari bakarrak. Eñaut Elorrietak bere bakarkako bigarren lana dakar, “Irteera argiak” (Elkar, 2019); Zea Mays taldeak bere estudioko bederatzigarren lana, “Atera”. Gauza bitxi eta ederrak bilatzen dituenak izango du zeren bila ibili diskoen artean. Bi adibide, hiru talde bilbotar –Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band eta Zazkel– bederatzi abestiko diskoa egiteko batu dira, “Ezpatadantza” izenekoa eta Kafe Antzokiaren zigilu berriak, Soinuk, Ruper Ordorikak bertan grabaturiko hemezortzi abestirekin biniloa argitaratu du.

X. Ez da algoritmorik behar aurtengo Durangoko Azokaren balorazioa ezagutzeko. “Arrakasta” hitza entzungo dugu abenduaren 8an antolatzaileen eskutik eta hitz hori errepikatuko dute argitaldariek ere. Urteroko miraria? Baikortasun giroari eusteko balantzea? Lerro hauek idazteko orduan ez dakigu erantzunik.

Yurre Ugarte. Azken urteotan idazle askok topatu dituzte komikigintzara jauzi egiteko arrazoiak. Ilustratzaile bikainak, literatura mota honen alde apustu egiteko zeuden bertoko argitaletxeak eta azken urteotan, administrazioaren babesa ere bai. Irakurleek erantzun egin dute eta zorioneko gara aurten ere, azoka ederra datorrelako komikigintzarentzat. Mundu horretan lehen pausoa eman duten idazleen artean dago Yurre Ugarte, adibidez. Idazle eta gidoigile honek “Joana Maiz” eramango du Durangora, agindutako historia ofizialari buruzko gidoia filmatzeari uko egiten dion profesionalaren kontakizuna. Harkaitz Canok, berriz, gidoi bat izan behar zen komiki bat dakar azokara. Izan ere, inoiz filmatu gabeko bere gidoi bat erabili du oinarri Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Txalapartaren eskutik eta Adur Larrearekin batera “Antzara Eguna” egiteko eta Santi Brouarden hilketa kontatzeko. Herri Batasunako mahaikide eta medikuaren historiaz gain, Canok besterik ere badakar azokara. “Xabiroi” aldizkariaren harrobi oparotik sortutako “Amets alokatuak”, Iñaki Holgadok marraztuta, subkontzientearen merkatu beltzean zehar eramango gaituen narrazio distopiko eta onirikoa. Adibideak baino ez dira, komikigintzak momentu ederra bizi du eta lan ikusgarriak erosteko aukera egongo da azokan.

Zu. Zeu zara azoka. Zeuk egiten duzu posible urtero Euskal Herriaren tamainako leku batek Durangoren neurriko plaza ireki bat izatea. Zeu itxaroten zaitu, beraz, aurten ere Landakok eta zeu izango zara Durangoko Azokako protagonista, zeu kulturgile, zeu irakurle, zeu entzule, zeu parte-hartzaile, zeu zara Durango eta zeurea DA!