2019/12/01

Alaia Martin
Gordetzea
Nik ez dut eskatu gabeko aholkurik nahi, epairik nahi, onespenik nahi. Nigatik, gorde. Ez baitaukat argi… gordetzen ez duguna zenbateraino adierazten dugu parekoa ilustratzeko eta zenbateraino gu lustratzeko?

Gordetzea ez da hain txarra. Gordetzea diodanean ez dut esan nahi “lainoan” gordetzea edo USBan gordetzea, edo mugikorrean babestea edo ezagun ez ongietorri bat hurbil dagoenean zuhaitz baten atzean atzentzea. Ez nintzen horri buruz ari edo ez behintzat nahita. Gordetzea ez da hain txarra, zer erakutsirik ez daukagunean edo zer erakutsia izanagatik erakusteko gogorik ez daukagunean. Ongi legoke eskubide hori badaukagula jakitea. Gordetzea ez da txarra, isilik eta zaratatik metro batzuetara bizitzea ez da delitua. Gordetzea susmagarritzat jotzen du jendarte honek, baina agian erakustea jo behar litzateke susmagarritzat, erakutsi behar hori, egon behar hori, frogatu behar hori. Ni aspertu egiten naiz.

Orain jabetu naiz idatzitakoaz. «Ez dela txarra» diodanean ez dut ona zer den badakidanik iradoki nahi. Egia esan, horren zantzurik ere ez daukat. Iritzia etengabe eman beharrak, txiokatu beharrak, defendatu beharrak, interesgarri eta ertzeko izan beharrak iritzien txotxongilo bihurtzen gaitu batzuetan. Haria galtzen dugu. Perspektiba.

Gordetzea ez dago hain gaizki. Ziurrenik gordeko zineten noizbait. Triste-triste zeundetelako, oposizioak gainditu ezean zeuen buruei zer aurpegiraturik ez izateko, zuen herria itogarri egiten zitzaizuelako, sudur puntan garau handi-handi bat zeneukatelako edo energia agortuta zeneukatela sentitzen zenutelako. Ziurrenik gordeta pasatako aldi hartan ekoitziko zenuten zer erakutsia. Arnasa ematen du gordetzeak, pilatzeak, urruntzeak, begiratzeak, ez eragiteak. Etengabe erantzunez bizi beharrean galdetzeko tartea ematen du gordeketa jolasak. Batzuetan ez da hautazkoa, gainean lurra eta lurra pilatzen zaigunean hartzen dugu ostruka izaera batzuetan, ezin altxatuak eserarazten gaitu bide ertzean. Baina ez legoke soberan, aldian behin, geuk hala nahita, geuk aukeratuta, gordetzea. Bazterrek, behe lainoaren soinekoz, Mikel Laboaren begietan egiten zuten bezala, gordetzea. Nik behintzat askotan esan ditut edo erabaki ditut erabakitzeke neuzkan gauza asko, nire buruarentzat tarte bat gorde ez izanagatik. Esan eta erabaki ditudanak hargatik erakutsi ditut agian erdi gordean, erdi zalantzan, izateko denborarik eman ez eta izaten ikasi ez balute bezala. Eta behin izaten saiatu eta ez izan eta gero, zaila da berriz izaten saiatzea.

Gorde diodanean ez naiz sekretuez ari, ez sekretuez bakarrik. Aholkuez ere ari naiz. Nik ez dut eskatu gabeko aholkurik nahi, epairik nahi, onespenik nahi. Nigatik, gorde. Ez baitaukat argi… gordetzen ez duguna zenbateraino adierazten dugu parekoa ilustratzeko eta zenbateraino gu lustratzeko? Gorde diodanean ez naiz gauza guztiez ari, baina askori buruz ari naiz. Puri-purian dauden hainbat eta hainbat eztabaida zenbateraino plazaratu behar dira sare sozialetan? Ez al lirateke talde bilera, barra ertz eta sofa hizketaldietarako gorde behar? Ez al ditu erakutsi beharrak kamusten, arrakalatzen eta hauskor bihurtzen?

Udazkena izango da, negu usaina edo hibernazio beharra, batek daki. Besterik gabe, nigatik horixe baino ez. Gorde eta azaldu nahi duzunean.