Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Begien hondoan

Claremonten (AEB) Jesus, Maria eta Jose preso daude. Bertako Eliza metodistako Karen Clark artzainarena izan da hiru protagonistok performancean jartzearen ideia. Eta hauxe izan du helburu: Gabonen bueltan munduko milaka etxetan goratzen diren irudiok etorkinen egunerokotasunera ekartzea. «Haien egoera zaila ezagutu dugu. Ikusi dugu nola jaso eta tratatu dituzten asilo eske dabiltzan etorkinak. Familia santuak izenik gabeko pertsona horiek ordezka zitzaten nahi genuen, beraiek ere errefuxiatuak direlako», aipatu du Clark artzainak berak.

Ez dira milaka izango, baina Euskal Herriko eta Kataluniako hamarnaka etxetan, berriz ere, ohe hutsek, aulki hutsek beteko dituzte esna garaitzen diren amets horiek.

“Presoen amak”

Joseba Sarrionandia, “Kartzelako poemak” (Susa)

Oroitzen zaitudanean,

ama,

sukaldean egoten zara

mahaia bostentzat atondu,

aulkian eseri

eta leihotik,

kristala lausotzen duen lurrina ezabatu gabe,

neguari begira

eta ni

—badakit—

zeure begien hondoan nagoela.