2019/12/29

Erreportajea
 
Klima larrialdia: hondamenditik kataklismora
Mikel Zubimendi
092_besteak06

Klima larrialdiarekin gertatzen diren gezur edo gaizki-ulertuen artean handienetakoa «oso konplikatua» delako ustea da. Zientzialarien kontu bat dela, konplexuegia giza jende korrientearentzat. Planetaren egoera klimatikoaz ezin dela diagnosi argi eta laburrik eman fenomeno globalegia delako, iheskorra oso. Eta hortik aurrera, larrialdiaren beraren existentzia ezeztatzera iristeko ez da jauzi handirik egin behar, eszeptizismoak erraz harrapa gaitzake.

Baina ez da Zientzian lizentziaduna izan behar gertakari hiltzaile batzuez ohartzeko. Adibidez, Artikoa urtzen ari dela. Denok dakigu beroegi dagoenean izotza urtu egiten dela. Eta datuak hor daude: azken 70 urteetan izotzaren %70 urtu egin da, eta horrek tenperaturaren igoera dramatiko eta berehalakoa ekarri du, eta lehen aurreikus zitezkeen sasoien zikloa hautsi ditu nekazariak beldurtzeraino. Beraz, Natura Zientzietan lizentziaduna izan gabe esan daiteke planetan izotzik ez badago kaosa izango dela nagusi.

Tenperaturaz hitz egin genezake. Nola karbonoak atmosferan 10 eta 30 urte inguru behar dituen tenperaturak igotzeko, eta gaur bertan karbonoa isurtzeari utziko bagenio ere, datozen urteetan beroketa ezingo genukeela ekidin. Eta beroketak milioika eta milioika jenderentzat gosea esan nahi du eta hainbat herrialderentzat kolapso sozial erabatekoa. Horixe dela erreala larrialdia. Karatxin, adibidez. Iazko batez besteko tenperatura 44 °C-koa izan zen eta kontaezinak izan ziren beroak jota hildakoak. Baina, jakina, Karatxi Karatxi da, eta lekutan dago!

Hondamendia badator eta datorrenean oso azkarra izango da. 30 urte daramatza munduak krisiari soluzio bat bilatzen eta bitartean karbono jaurtiketak %60 igo dira. Eskandaluzkoa benetan. Zer egin, baina? Hasteko egiari begietara begiratu. Errazkeriak utzi, klimaren beroketaren aurrean haize egokitua dugula alternatiba pentsatzeari utzi adibidez. Eta gero, sistema aztoratu eta sakrifizioak onartu beharko dira, kolektiboak eta norbanakoak. Kontzientziazko ekintza dugulako, gizalegezko betebeharra.