2020/01/05

Ainciart Bergara, zazpi belaunaldiko ondarea

Larresoroko frontoiak ez du eskuin paretik, baina izango balu, Ainciart Bergara familiaren etxeko horma izango litzateke. Han jaio, hazi eta hezi zen Charles Bergara, pilotari ohia eta makilagile ospetsua. Egun, 93 urte ditu eta oraindik makilak egiten jarraitzen du, bere arbasoek egiten zuten modu eta leku berean.

Haritz Larrañaga, argazkiak: Bob Edme
093_makila05

Dena gordetzen dugu, baina belaunaldi bakoitzak bere ekarpena egin du», argitu du Liza Bergarak, Charles Bergararen bilobak. Horregatik, azken 200 urteetan makilen forma eta erabilera aldatuz joan da Lapurdiko erdialdean kokatutako Larresoro herriko lantegi artisau ospetsu honetan. «Langile bakoitzak bere atalean, bere estiloa du», gehitu du Nicole Bergarak, Charlesen alabak. Horrela, familia bereko hiru belaunaldik bat egiten dute Ainciart Bergara Makhila izen “ofiziala” duen lantegian.

Bergaratarren etxea «museo bizi» bat da. Bertan ikus daiteke, esaterako, makilak azken bi mendeetan izan duen garapena. Hasieran, punta zabala zuen, gero hiru punta, artean, heldulekua borobiltzen hasi ziren, eta pixkanaka, geroz eta zorrotzago bilakatzen zen heinean, heldulekuak perretxiko baten forma hartu zuen. Hasieran artisauek ez zekiten idazten; beraz, ez zuten inolako inskripziorik egiten, baina hori denborarekin aldatu zen.

Antzina, makila bastoi gisa erabiltzen zen soilik, baina gerora, Santiagoko erromesek bidean aurkitzen zituzten lapurrei aurre egiteko arma ere bilakatu zen, horregatik du punta hain zorrotza. Gaur egun jende askok opari edo apaingarri moduan erabiltzen du makila; dena den, badira mendian edo karrikan ibiltzeko erabiltzen dutenak. «Hemen inguruko jende askok erabiltzen du, horregatik bezero askok puntan jartzeko gomazko babesgailuak eskatzen dizkigu», azaldu du Marie France Hirigoienek, bergaratarren etxean hogei urte lanean daraman larresoroarrak.

Emakumeei esker galdu ez zen lanbidea. Familia bereko zazpi belaunaldik egin dituzte makilak. Hasiera batean Ainciart familiaren izena inskribatzen zuten. 1796an jaio zen Gratien Ainciart hasi zen bere abizena inskribatzen. Bere semeak, Antoine Ainciartek, ez zituen egin, baina haren emazteak, Catheriene Ainciartek, lanbideari eutsi zion, eta Jean Ainciarti, bere semeari, erakutsi zion ofizioa. Jeanen ostean, bere alaba Marie-Jeannek hartu zuen lekukoa, baina Jean Bergararekin ezkondu eta haren abizena hartu zuenez, aurrerantzean, haien semeak, Charles Bergarak, Ainciert-Bergara izena ezarri zien Larresoroko frontoiko atelierrean oraindik egiten dituen makilei.

Mundu osoan ezaguna. Urtean 700 makila egiten dituzte Larresoroko lantegian. Eskari gehienak Belgikatik jasotzen dituzte, baina baita Argentina, Kanada, eta munduko leku anitzetatik ere. Ordea, Ipar Euskal Herrian asko saltzen dituzten arren, Hego Euskal Herritik oso eskari gutxi jasotzen dituzte.

«Mundu guztian ibili naiz, eta beti, buruzagi handiekin», aipatzen du Charlesek. Horren lekuko dira atelierreko horman itsatsita dituzten argazkiak, bertan mundu osoko buruzagi eta pertsona famatuekin agertzen baita familiaburua. San Joan Paulo aita santua, Reagan presidente estatubatuarra edo Vincent Cassel aktorea bezalako pertsonaia ezagunak aurkitu daitezke hor-hemen hormako irudietan.

Are gehiago, Estatu frantseseko presidente guztiek dute Ainciart Bergara makila bat. Baina etxeko gazteenaren esanetan; «Guk ez dugu begiratzen norentzako eskatzen duten, makila bakoitza ahalik eta ongien egiten saiatzen gara, eta beti prozesu berari jarraitzen diogu, salbuespenik gabe».

Eskari bat jasotzen den unetik bukatuta egon arte 18 hilabete pasatzen dira, eta batzuetan bezeroak kexu direla aitortzen du Liza Bergarak, halere, bere esanetan, «hori da gure eskari guztiei behar bezala erantzuteko behar dugun denbora, ez da beste aukerarik».

Charlesek gehien maite duen makila Larresoroko lantegian dago eta ez duzue argazkietan aurkituko, horman txukun ezarria baitago. Haur zela aitak oparitu ziona da, eta irri batekin heldulekua seinalatzen du, «zazpiak bat» leloa du zilarrean inskribatua.

Hormako argazkietan agertzen ez den arren, gogoan duen beste makila kuttuna Telesforo Monzoni oparitu ziona da. Oraindik gogoan du Charlesek zer idatzi zion: «Bergarakoari Bergarak egina».

Museo bizia. Baionako Euskal Museoan 1889. urtean ohorezko saria jaso zuen bat dago erakusgai. Ainciart familiak egindakoa da, baina egiazko museoa etxean dute bergaratarrek. Duela ehun urte Jean Ainciartek lan egiteko erabiltzen zituen mahaiek eta tresnek han jarraitzen dute, leiho ondoan, plazari begira. Badirudi aldatu den gauza bakarra kanpoaldea dela.

Zaldiak ibiltzen ziren errepidean orain autoak dira jaun eta jabe, eta frontoian pilotan aritzeko gazteek eramaten duten arropa oso bestelakoa da. Barrualdean, ordea, bergaratarren etxeko atelierrean, ezer gutxi aldatu da, lehengo eguzki berak igortzen ditu lantegia argitzen duten izpiak. Leihoaren ondoan dauden bi mahaietako batean aritzen da Marie-France larruarekin, makilaren ilekordak egiten. Aurki hogei urte egingo ditu bergaratarren etxean lanean eta prozesu osoa ezagutzen du, baita txirikordak egiteko teknika sekretua ere. «Ezin diogu inori esan ahal, gure berezitasun bat baita», aitortzen digu.

Prozesu luzea. Osagai nagusia Europako hego-mendebaldetik datorren mizpira egurra da. Hiru metro inguruko altuera duen zuhaitza da eta adar meheak ditu, baina oso sendoa da.

Makila bat egiteko prozesua oso luzea da. Basoan mizpira adarrak markatu eta erosleak makila jasotzen duen arte 17 urte pasa daitezke.

Lehenik makila egiteko mizpira adarrak topatu eta markatu behar dira. Hori udaberrian egiten dute, Bearnoko basoetan. Alderik alde azalean marra bat eginaz identifikatzen dituzte hautatutako adarrak, eta marka hori, hasiera batean zuzena dagoen arren, denborarekin bihurri bihurtzen da. Hortaz, makila bakoitzaren ezaugarri errepikaezina bilakatzen da hastapenetako aztarna.

Negua iristen denean jada markatuta dituzten adarrak biltzen dituzte eta, horren ostean, mizpira makila zaintzeko prozesu luze bat hasten da. Azala kendu eta egurra zuzendu behar da lehenik, eta horretarako labea erabiltzen dute. Charlesek ia bizi osoa darama teknika lantzen, eta oraindik prozesu zaila dela nabarmentzen du, baina eginbehar garrantzitsua da, mizpira adarra makila bilakatzen den unea baita.

Atontzen hasteko hamabost urte pasako dira, baina artean zuraren osasuna zaindu behar da. Adarra hautatzeko orduan alderik alde markatu zuten mizpira egurra olioztatzen dute bi edo hiru urtean behin, hezetasunari aurre egiteko. Txukun sailkatuak dituzten makilak berrikusten dituzte aldizka, eta mizpirari egindako markaren zauritik lizuna ateratzen denean olio berezi batekin sendatzen dute. «Berak eskatzen du, adibidez, zaurian (marka) lizuna baldin badu olioa behar du, baina inoiz ez dakizu amaieran zein kolore izango duen, zeren makila bakoitzak bere izaera du eta pixkaka kolore propioa hartzen du», azaldu du Hirigoienek.

Urteetako zainketaren ostean, makila bakoitzak kolore propioa hartzen du, beraz ez dago aurrez jakiterik egur bakoitzak zein kolore izango duen, baina artean, hauskortasunari ere kasu egin behar zaiola ohartarazi digu Hirigoienek: «Bada une kritiko bat, zeren makila lantzen hasterakoan okerdura baldin badu, zuzendu egin behar da, eta tentu handiz ibili behar da ez hausteko».

Hamabost urteren ostean, makila prest dago. Oihanean egurra markatu zutenean egindako marra zuzenak, makila alderik alde zeharkatzen duen bihurgunez beteriko suge luze baten itxura hartzen du, eta aldi berean, gogorragoa bilakatu da.

XIX. mendeko idazkunak. Makila prest dagoenean, bi muturrak lantzeko prozesua hasten da, hau da, puntaren aldea eta heldulekua. Hautatutako modeloaren heldulekuan familiako hizkiak edo armarria grabatu daitezke. Horixe da Lizak egiten duen lana. Lehenik, eskatzaileen hizkiak «XIX. mendeko hizki bilakatzen» ditu, eta jarraian, pazientzia eta talentu handiarekin, eskuz marrazten ditu eskutoki borobilean.

Makila buruaren forma obaloa izateak lana zailtzen duela aitortzen du Lizak, eta erabili behar den materialaren arabera ere, lana errazagoa edo zailagoa izan daitekeela nabarmentzen du.

Makilaren bi muturrak babestu eta atontzeko Ximunek erabiltzen dituen xaflak, zein Lizak lantzen dituen makila buruak egiteko, antzeko materialak erabiltzen dituzte, horregatik biak ados daude erabiltzen dituzten hiru metalak sailkatzeko orduan: «Errazena zilarra da, biguna baita; zailena alpaka da, hau da, kobrea, zinka eta nikela biltzen dituen material zurruna, eta bien tartean, letoia aurkitzen da».