Andoni Urbistondo
Mendizaletasunaren babesleku

Belaguako aterpea, euskal mendizaleen kabia berria

Bukatzear da 15 urteko iluntasun aroa. 2004an itxi zituen ateak Belaguako aterpeak, Euskal Herriko goi mendiko aterpe bakarrak, baina irailean zabalduko ditu berriro. Kanpoko lanak bukatzear daude, barrukoak hastear, eta udan, eskola ikasleen egonaldiak bukatuta, martxan izanen da berriro Angel Oloron aterpe ezaguna. Euskal mendizaletasunaren eta mendizaleen ikur, kranpoiak lehen aldiz jartzen ziren tokia. Ofizio bat ikasten denean bezala, Belaguan lo egin arte mendizale oso ez zela esan ohi zen. Koldo Aldaz gidaria izan da Belagua berriro irekitzeko aktibo garrantzitsuena. Bidelagun izan ditu Erronkari Juntako lagunak, Nafarroa Kirol Elkarte mendi taldeko hainbat kide, eta noski Europako Poctefa proiektuak bideratutako sosak: 900.000 euro, aterpea berritzeko. Erronkari ibaxa, Euskal Herria, zain da. Euskal Pirinioetako txoko kuttunena bueltan da.

Kartxela. Lakora. Txamantxoia. Arlas. Petretxema. Ukerdi. Budogia. Anielarra. Auñamendi. Hiru Erregeen Mahaia. Euskal Herriko edozein mendizaleren irudimenean ahazten ez diren izenak dira. Euskal Pirinioetako gailur mitikoak, gazte garaiko ametsetako tontorrak. Hamaika mendi izen, baina denak izen propio bakarrari lotuak: Belaguako aterpea. San Martingo Harrira bidean, errepideko eskuin magalean 1.428 metrora dagoen Angel Oloron aterpe ezaguna, euskal mendizaletasunaren historia bizia. Mendizale gutxi egongo da, aterpean gaua pasa, ogitartekoa jan edota edariren bat edan ez duena, bakarren bat baldin badago. Bere kanpoko itxura berezia memoriaz deskribatuko luke edonork. Belaguan janzten ziren kranpoiak lehen aldiz, eta handik abiatu Hiru Erregeen Mahaia edo Auñamendi, gure bi tontor kuttunenak, igotzeko abenturak.

Nafarroa Kirol Elkartea, Club Deportivo Navarra ezaguna izan zen Belaguako aterpearen jagolea. Mendi talde hartako kideen ekimen eta bultzadaz hasi ziren proiektuan pentsatzen. Aspaldi, pasa den mendeko 40ko hamarkadan. Joaquin Salbotx elkarteko kideak hartu du hitza: «Hasieran Pedregon gunean jartzekoak ziren aterpea, haranean. Gero gorago jartzea erabaki zen. Lanen bilakaeraren lekuko izan ginen, 60ko hamarkadan, hango elur erauntsi eta guzti. Asteburuero joaten ginen, obrak ikuskatzera. Gure ekimena izan zen, eta hitzarmen bat egin zen garaiko Madrilgo Kirol arduradunekin, lanak hiru taldek ordaintzeko. Heren bat Madrilek, bestea Nafarroako Aldundiak, eta hirugarren zatia guk. Lau milioi pezeta izan ziren denera, 1,3 milioi pezeta elkarteak». Mendi elkarteak 1.200 bazkide pasa zituen garai hartan, baina kreditu bat eskatu behar izan zuten, eurei zegokien herena jartzeko.

Dirua baino oztopo zailagoak izan zituzten: militarren etengabeko zaintza. Belagua Bearnoko mugatik dozena erdi kilometrora dago, eta Zuberoako lurrak kilometro eskasera, Lakora mendiaren bestaldean. «Betidanik militarrak izan dira aterpea eraikitzeko oztopo gehien jarri dituztenak», aitortu du Salbotxek. Hainbesteraino, hainbat zulo egin behar izan zituztela eraikuntzan, «bertan lehergailuak sartu eta eraikina eraitsi ahal izateko. Militarren baimena jasotzeko lehergailuen zuloak egin behar izan genituen!». Mehatxua zein zen galdetuta, «batek daki… Frantziarren inbasio baten beldur izango ziren, agian».

Mendi elkarteko eta Nafarroako mendizaletasuneko izen ezagunenetakoak hartu dio txanda Salbotx-i: Pakita Bretos, 92 urteko andrea, Angel Oloron aterpeari izena ematen dion gizonaren alarguna. «Ohituak geunden militarrekin. Haiek ez zirenean Guardia Zibila baitzen. Beti muga inguruan ibiltzen ginen, eta dokumentazioa askotan eskatzen ziguten. Pirinioetara eramaten gintuen autobusean ere beti etortzen zen poliziaren bat, infiltratua. Haren omenezko abesti bat kantatzen genuen, amildegi batetik botako genuela eta, haren izena esan gabe». Salbotxek ondo gogoan du Nafarroa eta Frantzia arteko garaiko aduana berezia. Bi guardia zibil egoten ziren roulotte antzeko batean, «aterpearen gainaldean. Elektrizitatea guri esker zeukaten, eta haiekin ere izan genituen gogoratzeko moduko pasadizoak».

1971n inauguratu zen aterpea, eta lehen bi hamarkadak arrakastatsuak izan ziren oso. Gipuzkoa, Bizkai eta Arabatik haraino hurbiltzea ez zen lan erraza lehen urteetan, baina urteen joan-etorrian errepide sarea asko hobetu eta Belaguan tokia lortzea lantegi zaila bilakatu zen. Iraupen eskirako zaletasuna hazi egin zen, Arette-eko eski estazioak ere jendea erakartzen zuen, eta txoko hark daukan berezko magiak Belagua eta Erronkari ibaxa jendez bete zituen. Koldo Aldaz mendi gidaria 12 urtez izan zen Belaguako aterpeko zaindaria, eta zera dio: «Izabak San Fermin festetako itxura hartzen zuen. Herrian ehunka gipuzkoar batzen ziren asteburuetan».

Berrikuntzatik itxierara. Ehun bat lagunentzako tokia zeukan jatorrizko eraikinak. Bost logela, inguruko mendien izenekin. Urrezko aroa. Eta 1992a iritsi zen. Aterpea berritu zen, erdiko eskailerak, dutxa gehiago «eta hobi septikoa». Azken hori nabarmendu du Salbotxek, «fosa hori izan baitzen Belaguako aterpea ixtearen lehen arrazoia. Ingurumen neurriak gero eta zorrotzagoak ziren, garbiketa biologikoa egin behar zela exijitu ziguten Ebroko Konfederazio Hidrografikoko kideek. 15 milioi pezetako kostua zuen, eta hori egin ezean, aterpeak ezin zuen indarrean jarraitu. Klubak, noski, ez zeukan halako baliabide ekonomikorik, eta aterpeko jabetza Erronkariko Juntari uztea erabaki zen, beraiek lan horiek egin, eta aterpearen kudeaketarekin egokiena zena erabaki zezaten».

Itxieraren mamua indarra hartzen hasi zen, urteak aurrera egin ahala, eta azkenerako etorri egin zen. Ezustekoa izan zen mendi elkarteko kideentzat, «ez baikenuen espero. Juntak lanak bizkar gain hartu eta aterpeak irekita jarraituko zuela pentsatu genuen, baina ez zen hala izan. Juntak bailarako gazte batzuen esku utzi zuen aterpea hasieran, baina azkenerako itxi egin zen». Koldo Aldazek Juntaren erabakia ulertzen du: «Jende gutxi egongo zen tamainako ardurak hartzeko prest. Zazpi herri txiki, zazpi alkate, eta biztanleria txikia… Ez zen erraza Belagua kudeatzea».

2004. urtea zen. Mikel Iraizoz mendi elkarteko kideak ere zintzo bota du: «Ez nuen sinesten. Ordurako bertaratzen zen mendizale kopuruak behera egin zuen, eta iraupen eskiko garai emankorrena ere bukatu zen, eta Erronkariko Juntarentzat aterpeko gestioa arazoa bilakatu zen, aukera on baino gehiago. Aterpea ixtea erabaki zuten». Nafarroako Kirol Elkarteko kideek kritika asko entzun behar izan zituzten, itxieraren erantzule zuzenak zirela uste zutelako askok, hala ez zenean. Pakita Bretosek anekdota hau kontatuz oroitzen du Belaguak zer suposatu zuen bere belaunaldiarentzat: «Iruñetik gauerdian ateratzen ginen autobusean, aterpera egun argiz iritsi eta mendietara joateko. Pentsa!».

Belagua itxi aurreko pasadizoren bat kontatzeko eskatu diogu Koldo Aldazi. 12 urteko zaindari jardunean asko ezagutu zituela dio: «Beti kontatzen dudana esango dut. Ipar Euskal Herriko artzainak bertaratzen zirenean gorriak ikusten genituen. Bi metroko mutilak ziren, handiak. Oloroeko festetatik bueltan etorri ziren Ainhoako bi gazte. Mozkortu ziren, eta iskanbila handia sortu zuten logelan. Saiatu nintzen lasaitzen, baina alferrik, muturreko bat jaso nuen ia, eta nire logelan sartu eta erauntsia pasa zain geratu nintzen». Jan eta edatera jende asko hurbiltzen omen zen, batzuk mendi buelta egin eta gero, besteak autoan hara hurbilduta, eta noizean behin norbait neurria galduta ibiltzea ez omen zen arraroa.

Aldazi samina, tristura nabaritzen zaio aterpea itxita egon den epeaz galdetuta: «Oso mingarria izan da, nire bizitzako parte handi bat han baitago. Aitona zahar bat heriotzaren atarian dagoenean bezala izan da, pixkanaka eraisten ari baitzen, eta itxura penagarria erakusten. Baina hain egitura indartsua du, non ez baita erortzen. Nik prentsan idatzi ditut, gutunak, erregutuz, eraikina bota zezatela, zegoen itxura penagarrian edukitzea mendizaleontzat mingarria zelako. Baina hor ere diruaren mugarekin egin genuen topo. 300.000 euro kostatzen da eraistea. Nork ordaindu behar zuen dirutza hori? Inork ez».

Berpiztearen lan nekosoa. Aldazek berak eta Lorenzo Eizmendi Txin-ek, Nafarroa mendi elkarteko beste kide batek, jarri zuten abian aterpea berpizteko ekimena. «Txinek piztu zuen sua, baina gero bakarrik utzi ninduen», dio Aldazek barrez. «Serio esanda, erantzule handiena bera da». Nafarroako Mendi Federazioko lagun batek, Europan Poctefa izeneko proiektu bat bazegoela esan omen zien, halako proiektuak berpizteko dirua ematen zuen funtsa. «Aukera horrek zabaldu zuen atea, bestela ezinezkoa litzateke. Crowdfunding baten bitartez, adibidez, ezinezkoa zen». Poctefa ekimenari esker ia milioi bat euroko proiektua gauzatu ahal izan da Belagua aterpea berritzeko, eta beste bi milioi euro beste hainbat lan eta aktibitateak burutzeko: Laberouat-eko aterpea berritu, Bearnoko Laskun herritik Laberouat aterperaino doan bidexka hobetu, inguruko mendi bide guztiak hobetu eta handitu, eta hainbat aktibitate, ikastaro eta beste, aterpe bietan, haur eta helduentzat.

Aldazek Erronkariko ibaxako Juntako hainbat lagunek musu truk egin duten lana eskertu nahi izan du, aterpea irekitzeko hilabete gutxi batzuk falta diren honetan: «Aitor Perez, Patricia Biskarret, Gorka Bueno, Alberto Urtasun mendizalea, Erronkari ibaxako Garapen Agentziako Amaia Mauleon… Hark eman zigun deialdien berri, 2014an, zer egin, nola…». Aholkularitza teknikoaz arduratuko zen enpresa bati aurrekontua eskatzea izan zen lehen pausoa, Erronkariko Juntari zer egin nahi zuten jakinarazteaz bat. «Bertako Juntak fedea izan zuen gugan, Aitor Garmendiak, hain zuzen ere. Aholkatu gintuen, gestioaren ardura 20 urterako hartzea, gero eraikina bailarari bueltan emateko, egoera onean».

Hori guztia, Europako funtsak ekimena onartuko zuen edo ez jakin baino lehenago. Politikoki jasotako bultzada ere eskertu nahi izan du mendi gidariak: «Aurreko gobernuko, Geroa Baiko gobernuak lagundu zigun. Lehen deialdia atzera bota ziguten, euro gutxi batzuengatik, eta etsitzear ginenean, Ana Herrera Isasi kontseilariak deitu zigun, presazko bilera batera, eta mezu argia eman zigun: ‘Belaguako aterpea proiektu estrategikoa da gobernuarentzat, ez etsi, gure babes osoa daukazue’ mezua helarazi ziguten». Eta proiektua onartu zuten. Arau zorrotzek mugatuta. Aterpeak, adibidez, ezin du irabaziak sortuko dituen aktibitaterik babestu. Eta sortuko balira, irabazi horiek aterpeko mantentze-lanak ordaintzeko erabiliko lirateke, aterpea beti ondo eta txukun egongo dela bermatuz. «Mendizalea, federazioa, Erronkariko Junta… denak ateratzen gara irabazten», dio Aldazek.

Aldaz bera Irunen zen berria jakinarazi ziotenean, telefonoz. «Baiezkoak lan gehiago suposatuko zigula onartua geneukan, baina esaten den moduan, gustuko lekuan, aldaparik ez». Mendi elkarteko kideak, eta Euskal Herriko mendizale asko egunak eta asteak kontatzen ari dira, dagoeneko, aterpeak berriro ateak ireki arte. Gauzak normal irailean izango da, uztailean eta abuztuan ikastoletako haurrentzako aktibitateak antolatu beharko direlako aterpean aurrerantzean. 60 lagunentzako tokiarekin, oraingoz.

Zer dira, baina, zortzi hilabete eta erdi, 15 urte luzeko hutsunearen ostean? Hutsaren hurrengoa. Irakurri, bestela, Pakita Bretosek nola sentitzen duen Belaguako aterpearen berrirekitzea: «Jaso nezakeen berri pozgarrienetakoa da. Pentsa, 92 urte ditut, ez dakit noiz arte egongo naizen bizirik, eta berriro Belagua irekita ikusteko aukera edukitze hutsak bizipoz latza ematen dit. Mundu honetatik aterpea berriro irekita ikusi gabe joango nintzela sinetsita nengoen!». Igandero 9-11 kilometro egiten ditu oinez Pakitak, ordekan, Joaquin Salbotx kidea lagun duela, baina Belaguako irekiera oso hunkigarria izanen da berarentzat. «Ez ahaztu aterpeak nire senarra zenaren izena, Angel Oloron izena, daramala». Han ere aldaparik gabeko txokoren bat bilatuko du, ziur, Pakitak, bere-bereak izan diren hormek kontatzen diotena entzuteko.