JOKIN URAIN
IRITZIA

Jokoa

Apustu egiteko aitzakiaren antza izan du jokoak iraganean eta badu orain ere, kirolean eta beste ariketa batzuetan. Lehen lana bera bilakatu bazen kirol, jolasa behar lukeena joko bilakatu zen gero, eta gaur dena da apustu, eta apustutik kanpo ez dago ia ezer. Herri kirolak, besteak beste, erakusketan baino apustuan sona handiagoa bildu izan duela esango nuke. Apustu egitea indarrak neurtzeko modua da, eta indarraren ingurumarian gauzatzen da ondasun zakua ere.

Haurrak ginenetik izan dugu, gutxi edo gehiago, joko eta apustu munduaren ezagutza. Orduan ere baziren halako edo holako apustuak irabazitakoak, eta baziren galdutakoak. Aizkoran, harri jasotzen, korrika, pilotan... apustu handiak, epikoak kasik, irabazi zituztenen izenak entzuten genituen. Eta jokoan –kirolean batik bat– balentria handiak egin dituztenen izenak errepikatzen dizkigute.

Jokoan eta jokoaren inguruan dirua eta ustezko ohorea dago ezbaian; bata gabeko bestea ez da nahikoa. Biak bat, ohorearekin dirua eta diruarekin ohorea. Nor izateko ia modu bakarra horixe dela erakusten digute. Ume-umetatik jolasa izan behar lukeena joko bilakatu eta lehia bizira bultzatzen dira haurrak, kosta ahala kosta irabazi behar horretara, gaur inoiz baino gehiago beharbada. Mundu guztiaren aurrean irabazi, beti irabazi, denei irabazi. Hori da balio duena. Eta jokoan ari denarekin bat egiteko apustua egiten dugu, irabazlearekin irabazteko.

Galtzaileak ere uzten ditu, ordea, jokoak; irabazle baino galtzaile gehiago uzten du beti, nor izatera bidean huts eginda bazterrean ahaztuta geratzen den hamaika. Jokotik kanpo geratzen direnak dira, inork aintzat hartu nahi ez dituenak, irabazleak irabazleago bilakatzeko misioan eurena eman eta hondoa jo dutenak.

Eta hala ere telebistan, kirolarien kamisetetan, egunkarietan, ez-dakit-zenbat-lekutan erakusten dizkigute apustu enpresen iragarkiak, apustu egiteko gonbidapenak; aberasteko edo dirutzak irabazteko erraztasunak eta eskaintza tentagarriak botatzen dizkigute muturrera. Baina eskaintza horiek ez dituzte galtzaileek bultzatzen. Galtzaile bila dabiltzanen iragarkiak dira.

“Jokoa ez da errenta, hobe kapoia erreta” dio esaerak, Kepa. Galtzaileren batek asmatutako esaera ederra, eta, hamaika esaera ederrek bezala, ezertarako balio ez duena, dirudienez.