Alaia Martin
IRITZIA

Grisa

Izango dituzu grisari itzal egiten diozun egunak. Argi guztiak lehen aharrausian ahotik ihes egin dizula sentitzen duzun egunak. Zeure burua pausoz edo hautuz motel sentitzen duzun egunak.

Lo gutxirekin hasitako egunak ezagutuko dituzu ziurrenik, ohetik ugaztun baino narrastiago ateratzen zaren egunak. Ispilurik baduzu egun horietan iskin egingo diozu agian, bezperako aurpegiera bertsua izanagatik badakizulako ez diozula berdin begiratuko zeure buruari. Iheska hasiko duzu eguna.

Zortekoa bazara lanera iristen zarenean kideren batek begirada irakurri eta kafe makinarantz gidatuko zaitu, baina baliteke etxeko langilea izatea, etxean lan egitea, lanik ez izatea edo zeure urteko hamaikagarren lantokia izatea zure lan eremua eta kiderik ere ez izatea, begirada irakurtzeko moduan. Hala bada, sorbalda uzkurrez, zeure lanari ekingo diozu eta prestatu ez duzun edo dizuten bazkariaren faltak lanean jarraitzera bultzatuko zaitu, zeure egunari ez diozulako makinako sandwich minimalista baten zaporea gehitzea opa.

Adimen emozionala lantzeko baliabideak eta aukera baldin baduzu, tartetxo bat hartuko duzu, lantokian bada ere, zeure grisaren osagaiak bereizten saiatzeko. Beltza eta zuria apur bat bereizi eta errazago ikusiko dituzu bai argia eta bai iluna eta itzalak ez dizu halako zamarik sortuko bizkarrean. Lantzeko tresnarik edo gorputzaldirik ez baduzu, grisak indarra hartuko du orduz ordu eta nekeari gose atzeratua gehituko zaio, gose atzeratuari eztarria estutuko zaio eta eztarri estutua nekez ausartuko da korapiloa askatzen gune eta une erabat erosoa aurkitu arte.

Lanorduak amaitutakoan, babes sare egonkor eta zaindu bat baldin baduzu, sare horretan utziko duzu eztarriko mataza eta apurka laxatzen lagunduko dizunik ere topatuko duzu inguruan, segur asko. Kasu horretan, grisari bizkar eman beharrean begiratu egingo diozu eta ez zaizu hain kolore tristea irudituko, falta zaizkizun koloreak gogoraraziko dizkizu; nondik ez, nondik bai. Baliteke, baina, lanorduak amaitutakoan nora jo ez izatea, zuk bilatu eta eraiki ezean. Baliteke zeure sarea aspaldian estaldurarik gabe egotea edo hegazkin moduan erabili izana. Baliteke zeure egunik ahulenean sarea eskatzeko indarrik ez izatea… Edo sarea eta indarra izan baina denborarik ez izatea, batek daki noiz aukeratu zenituen lehentasunetan aurrerago dauden zereginak egiteke dauzkazulako edo zaintza, zeuk behar izanda ere, zeuk baino gehiago behar duen norbait daukazulako gertuan.

Etxera iristen zarenean beharbada norbait egongo da etxean eta beharbada ez. Beharbada norbait nahiko zenuke etxean eta ez dago, edo, beharbada, egun horretan soberan egongo da etxean dagoena. Beharbada zuk aukeratutakoa da konpainia, beharbada zuk aspaldi aukeratua baina ez aukeratuko zenukeena, beharbada alokairuaren prezioak aukeratu zuen konpainia.

Lotara joan aurretik denbora gutxi geratuko zaizu. Grisari begiratu ez badiozu itxura beltzagoa hartuko du begiak ixtean. Begiratu badiozu biharko argian izango duzu burua, gaurko grisean bainoago. Zuk uste baino interesgarriagoa da zure grisa, zuretzat eta ingurukoentzat.