Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Argiaren trazua

Metaleko enpresa batean hartua izan liteke goiko irudia. Langile bat, burniaren goriaren ekaitzaren kontra, borroka betean. Lerroon gaineko argazkia, ordea, ez da fabrika batean ateratakoa, eta ez dago burdinarik irudian, bai goririk, ordea. Pekinen egindako lana da, pasa den otsailean Roy Wang argazkilariak egina. Eta surik eta burdina arrastorik gabe, argiaren ibilbidea trazatu zuen argazkilariak, ikusten denaren eta ez denaren arteko jolas bat irudikatuz. Langilea bera ere, bada langilea, baina ez burdindegi batekoa, ez metal fabrika batekoa. Koronabirusaren aurka erabili ohi diren NBE edo jantzi bereziz estalitako medikua da bertan agertzen dena. Eta, hain zuzen, osasun arloko langileei eta, oro har, krisi epidemikoan era guztietako lanak egiten aritu diren zaintzaileei gorazarre egiteko baliatu zuen lana argazkilariak.

Argiarekin egin zuen marrazkia, marrazkia deitu ahal zaion neurrian argazki kamera batekin egiten den lanari. Ehunka argi izpiren zertzeladak jaso zituen Roy Wangek, mundua astindu duen osasun krisiaren beltzaren gainean egon diren esperantza, baikortasun, ontasun printzek ilunaren gainean duten balioa goretsiz.

Luzea eta gogorra. Halakoxea da ikusezina zaigun birusak milioika pertsonari harrarazi digun borroka. Borroka bai, baina ez guda. Ohar baikaitezke orain norberak izan dezakeen gerra bakana zoriontasuna bilatzen bere buruarekin daukana izan daitekeela.