Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Izotz azpiko mundua

Kalera irten zara. Hotz dago kanpoan. Artilezko jertsea, lumazko berokia, bufanda, txapela eta eskularruak daramatzazu soinean. Barrua ileztatuta duten oinetako sendoek estaltzen dituzte zure oinak. Kea darizu arnasaldi bakoitzean. Aurpegiko azala zartatuko zaizulakoan zaude; aire hotzaren ziztua labana zorroztua da zure ezpainen inguruetan. Aho alboko muskuluak mugitzea kostata egiten duzun ariketa dela ohartu zara. Ez diozu elurrari irribarrerik eskaini nahi. Mingarri dago eguraldia.

Izoztutako laku bateraino iritsi zara kasik oharkabean, inguruko zuritasunak sortu dizun ameskeriarekin jolasean eman baitituzu azken hamabost minutuetako pausoak. Zinta baten gainean bezalatsu iritsi zara kristalezko lurra dirudien lakuan islatuta ikusten dituzun mendi eta zuhaitzen irudiak bistaratzera. Eta zinemara joaten zarenean bezala jarri zara pantaila erraldoi horri begira, buruak barnean eskaintzen dizkizun fotogramak patxadaz ikuskatuz.

Eta une batez pentsatu duzu zer litzakeen zutaz lakuaren erdiraino gerturatu eta izotzak behera egingo balu, pantailari zuloa egin balitzaio eta, zu, zure eskularru, bufanda, lumazko txamarra, artilezko jertse eta ileztatutako botekin irentsiko bazintu. Kea darizu arnasaldi bakoitzean, azkar, eta airearen ziztua labana are zorrotzagoa da orain aurpegiko azalean. Aho inguruko muskuluak mugitu nahi dituzu, baina dagoeneko ezin duzu. Irribarre egin nahi diozu elurrari, mingarria eta ezinezkoa zaizula dakizun arren.