2020/05/10

GALDER PEREZ
Itzal artean ibili
Bizi izan dugun egoera ikusita, eta biziko dugunarekin pentsatuta, hain logikoa den goibeltasuna isilarazi eta debekatu nahi izan da, itxurazko zoriontasuna inposatzeko. Ohituko gara, bai, inposatutako hainbeste gauzetara, baina zoriontasunaren ipuintxoak gehiegizkoa eta zikina dirudi.

Munduak bira emateari utzi ez badio ere, guk ibiltzeari utzi diogu. Ibili esatean, zentzu guztiez ari gara, oinez joan, aritu, nola izan… Orain datorkigun kontua izango da berriz ibiltzeari ekitea. Datorren horri normaltasuna deitzea oso lizuna da, itzal artean ibiltzea tokatzen baitzaigu. Nahiago Amalia Rodriguesekin fado bat kantatu eta esan, «estranha forma de vida». Fadistaren bihotzak bezala, guk ere ez dugu jakingo nora goazen. Antsietatez bizi izan gara eta biziko gara. Kolpeka jarraituko dute bihotzek, geure buruekin kolpeka. Zenbat kolpe gorde izan dira azken asteetan. Ea ibiltzearekin batera, hankak askatu eta sentimenduak askatzen diren. Izan ere, beste diktadura askoren artean, azken asteetako zoriontasunaren diktadura nabarmena izan da. Nola ez, itxurazko zoriontasuna. Gezurra eta zoriontasuna, askotan, elkarrekin ibiltzen dira.

Umorearen aldeko aldarria egingo dut beti, nola ez. Umoreak adimenari laguntzeaz gain, beldurrak ezabatzen laguntzen digu eta hausnarketarako ezinbesteko tresna da. Perspektiba berriak zabaltzen dizkigu umoreak, zalantzei ateak irekitzen dizkie barreak, ezinbesteko galderak plazaratzen ditu eta gure kontraesanak mahai gainean jartzen ditu. Baina umorea eta zoriontasuna ez doaz eskutik helduta. Egunotan, umoreaz gain, ados, askotan gaindosia eta txiste txarrekin, bai, baina umoreaz gain, gehiegizko zoriontasuna inposatu nahi izan da toki askotatik. Ezin sinetsi dezaket horrenbeste jende hain zoriontsu izan denik. Jota ibili den jendearen gaineko estigma egin da. Balkoietatik bezala, gaizki dagoen jendea markatu da, kontzentrazio-esparru batean bageunde lez, hiruki, gurutze edo borobil batekin berdin zait, baina seinalatuak izan dira. Bizi izan dugun egoera ikusita, eta biziko dugunarekin pentsatuta, hain logikoa den goibeltasuna isilarazi eta debekatu nahi izan da, itxurazko zoriontasuna inposatzeko. Ohituko gara, bai, inposatutako hainbeste gauzetara, baina zoriontasunaren ipuintxoak gehiegizkoa eta zikina dirudi.

Ikusiko dugu nola ibiliko garen, elkarrekin edo bakoitza bere bidetik, aristokratek botatzen dizkiguten ogi papurren atzetik. Beharbada zoriontasunaren diktaduraren aldekoak hegan egiten hasiko dira orain. Lurretik zentimetro batzuetara igo nahi izango dute lehenbizi eta, gero, hegalik gabe, apurka hegan egiten hasteko beharra piztuko zaie. Baina hegaldia ez da hain goxoa, hain samurra izango ziurrenik. Itxialdian absurdoaren errege den Ionescoren bisitak izan ditugu berriz. Aukera hobeagorik ez, egoera absurdo batean. Bere antzezlan batean, Berenger, ustez zoriontsu den protagonistak, aireko oinezkoak, “Le piéton de l´air”, hegaz egitea lortuko du; baina zer eta handik goitik lurra sutan eta jendartea usteltzen ikusteko. Zoriontsuagoa zen paseoan paisaiari begira.

Horregatik, bestelako inposaketa gehiegi izango ditugulako, itzaletan izango bada ere, berriz ibiltzen hasteko, utz diezaiegun min, atsekabe eta amorruei gurekin paseoan ibiltzen. Erne mantenduko gaitu horrek. Ahal bada, umorea galdu gabe, noski. Bila ezazue bestela amildegira doan zaldi edo gameluaren txiste hura. Bai, ‘uff’ esaten duen hori.