Xabier Izaga
LITERATURA

Sarean hala moduz

1111_7K_lit
1111_7K_lit

Posta elektronikoa zabaldu dut. Egunero begiratzen dut azken asteotan. Mezu bi. Lehenengoa, bankuarena. Urteko komisioak. Nire diru apurra derrigortuta haien eskuetan uzteagatik ordaindu behar dudana. Kobratu didatena. Hori bai, hipoteka eder baten jabe egin ninduten duela hogeita hiru urte. Etxebak bideratu zidan, hala moduz. Zoritxarrean topatu nuen kalean egun batzuk lehenago. Aspaldiko partez elkar ikusi gabe, ordubeteko hitz-aspertuak gai ugaritarako eman zuen. Gehiegitarako, gero. Buruan gainez egiten zidan pisuaren kontua aipatu orduko, bere sukurtsalera joan nendin tematu zen, plan on bat egingo zidala. Nik sinistu, edo «nola esango zioat ezetz» pentsatu, eta joan egin nintzen.

Gaztetako laguna dut Etxeba. Umetatik ezagutzen dut haren begirada goibela, auzo berean bizi ginenez gero. Urte haietan auto gutxi ibiltzen ziren kalean eta bertan ematen genuen egun osoa. Behin baino gehiagotan izan da gure etxean. Ni harenean, berriz, behin ere ez. Igotzeko esaten zidanean, aitzakiaren bat emango nion. Kuadrilla berean ibiltzen hasi eta zenbait hilabetera, kontatu zigun aurreko gauean bere aita haserre bizian iritsi zela etxera. Auzoko autoetako matrikulen azpiko bonbillak lapurtzen zituen mukizua harrapatu zuela. Eta, hala eta guztiz ere, haserre zegoela. Zioenez, ez zuen ulertzen. Guk ere ez. «Eta jo egin duzu?», galdetu ziola. «Bo, pena eman zidak», erantzun ziola. «Hire aita…». Nik uste nuena izatera, eta eguzkia baino argiago zegoen bera zela, zer nazkagarri klase zen esan nahi nion. Berak aurrea hartu zidan: «Nire aita, zer?», egonezinez bezala, eta atezuan. «Hire aitak zenbat urte ditik?», aldatu nuen galdera. «Ez zakiat, hogeita hamazazpi edo. Zer duk belarrian?».

Hogeita hamazazpi urte izango zituen osaba Juanitok, guretik gertu bizi zenak. Igande goizero paga ematen zigun hiru anaiei eta lauroi. Ezkongabea zen, baina gaur egun emaztea duenarekin zebilen orduko. Beti pozarren hurbilduko zitzaigun, beharbada igandea zelako, edo neskalagunarekin geratuta zegoelako. «Zer, satelitiok?». Eta bosna pezeta emango zizkigun. Lau duro, Francoren aurpegia eta guzti. Hark ere ondo irabaziko zuen lanean, gutxienez laurogei pezeta hilean. Osabak. Francok, gehitxoago. Txanponetan ez ezik, bertatik bertara ere ikusita daukat nik Franco. Ehun metrotik-edo, Gasteizko katedral berria inauguratu zuenean. Bost urte lehenago esne zentrala ere inauguratu zuen buruzagi espainiarrak Zaramagan, eta auzo horretako bostehun etxetako giltzak eman zizkien langile familiei.

Urte batzuk geroago langileak greban zeudela entzun nuenean, ez nekien zer zen greba. Anaia nagusiak azaldu zigun: Michelineko langileek ez zuten lanera joan nahi soldata txikia kobratzen zutelako. Baina horrela ez zuten ezer kobratuko. Oker nengoen.

Langileen alde egin beharra zegoela esan zigun anaia nagusiak eta ni ordu arte inoiz egon ez nintzen aldirietako eremu batera eraman gintuen. Harriak besterik ez zeuden inguru ageri hartara iritsi eta ehunetik gora laguneko talde bat ikusi genuen pankarta baten atzean, hiritik zenbait metrora igarotzen zen errepidearen erdian oihuka. Gu hogeita hamar bat metrora geratu ginen. Laster, eskuin aldetik, Poliziaren autoak heldu ziren. Grisak. Langileengana hurreratu, txakurrak autoetatik jaitsi eta gomazko pilotak eta ke-poteak jaurtika oldartu ziren. Langileak ez ziren kikildu. Harrika hartu zituzten eta grisak atzera egitera behartu. Neuk ere hartu nuen harri bat eta gutxienez bi metroraino jaurti. Bost minutu igarota, berriro agertu ziren grisak, oraingoan atzealdetik. Horiei ere aurre egin zieten, baina hasieran eskuinetik eraso zutenak ere agertu ziren atzera eta langileak, talde bien artean harrapatuta, sakabanatu egin ziren. Gu ere korrika hasi ginen langileen artean hiri aldera, elkarrengandik ez aldentzeko ahaleginean. Ustekabean, osaba Juanito ikusi genuen, guganuntz korrika. Oso bizkorra begitandu zitzaidan, bere adina kontuan izanda. Etxera joateko esan zigun, serio, haserre plantak eginez. Hura ez zela umeentzako lekua.

Umeak? Neu nintzen anaietan gazteena, hamaika urterekin, eta anaia nagusiak hamalau zituen. Nagusia zen, beraz. Kontuan izan beharra dago sasoi hartan adin horretako gazteak gaur egungo hamalaukoak baino azkoz nagusiagoak zirela. Anaiak eskutik heldu zidan eta poliziarik ageri ez zen kale bateruntz jo genuen laurok. Niri bururatu zitzaidan osaba greban bazegoen, nola emango zigun paga igandean. Berehala uxatu zitzaidan kezka hura, ordea. Sartu behar genuen kaletik gertu geundela, grisen lanrober bat atera zen handixe. Gu gelditu egin ginen bi segundoz eta ezkerretara jo genuen tximistaren pare. Berehala harrapatu gintuzten. Harrapa eta pasa, baina, metro batzuk aurrerago zegoen langile talde bat zutelako jomuga. Haien parean frenatu eta hamar bat txakur amorratu atera ziren autotik. Guk atzera egin eta kale kantoi batetik ikusita jakin genuen langileek, greban egonda ere, kobratu egiten dutela, barra-barra kobratu ere. Haietako bi harrapatu, lurrera bota eta bost minutuz dozenaka borrakada, kulata-kolpe eta ostiko eman zizkieten. Etxebaren aitak «segi» esan zidanean sentitu nuen amorrua biderkatuta nabaritu nuen egun hartan. Gaixotzeraino erresumindu zidan gorputz osoa. «Putasemeak!», oihukatu zuen gure anaietako batek, eta anaia nagusiak isiltzeko esan zion. «Zer nahi duk, txoro horrek, gu ere txiki-txiki egitea?». Eta etxera joan ginen, langile haietako baten aurpegi odoleztatuaren irudia luzaroko gordeta.

Bankuaren mezua ezabatu eta osaba Migelekin akordatu naiz. Berak lagundu zidan pisuaren sarrerakoa batzen. Neuk ere mesede galanta egin nion urte dexente lehenago, hamar bat urte nituela. Hura ere auzoan bizi zen eta eguerdi batean, beraren etxe parean, mutiko bat ikusi nuen auto baten matrikula azpitik bonbillatxo bat ateratzen. Berehala ezagutu nuen autoa. Ezagutuko ez nuen, ba, osabaren R8 berria zen-eta. Seizientos zaharra utzi eta R8a hartu zuen, lehen eskukoa. Ondo zebilkion beste batekin zuen negozioa, antza. Behin gure aitari aurkeztu zion bazkidea, Cabanillas. Hortik ezagutzen nuen nik. Larunbat iluntze batean, etxera bidean nindoala, dantzaleku batera sartzen ikusi nuen, emakume batekin. Andrea, nonbait. «Ez ditek salafiestasera joateko edaderik», pentsatu nuen. Hogeita hamazazpi urte izango zituzten. Kontuan izan beharra dago garai hartan adin horretako jendea gaur egungo hogeita hamazazpikoa baino askoz zaharragoa zela.

Osabaren autoko bonbilla hartu zuen mutikoa ni baino txikitxoagoa zen eta berehala harrapatu nuen. Bonbilla kendu nion, autoraino itzuli eta makurtu nintzenean, esku bat igarri nuen belarrian, tiraka. «Esaten nuen nik, ba, zer dela-eta kaleko auto gehienek bonbilla hori falta dute?», ziotsan Cabanillasen adinekotsu sasikume alu batek bere lauzpabost laguneko kuadrillari. «Niri ere kendu zidaten joan den astean», zioen putre ustel haietako batek, heldu zidan piztia nazkagarriaren hatzamarrek nire belarria kotxeko giltza bezala jiratzen zuten bitartean. Nik, oihuka, esan nien neure osabaren autoa zela, seizientos zaharra saldu eta R8a erosi zuela beste batekin zuen negozioa ondo zebilkiolako eta tentel batek bonbilla hartu eta eraman nahi zuela, eta aldameneko atariko hirugarren solairuko txirrina jo zezatela, osaba bertan bizi zela. Halako batean askatu zidan belarria urde zikin ez besteak. «Tira, segi», esan zidan hanpurutsu, mespretxuz eta ustez ziurtasuna adierazi nahi zuen aurpegi faltsua eginda. Hanka sartu zuela konturatu zen, ez dut zalantzarik. Nola hori aitortu ume bati, ordea? «Segi». Haizeputza halakoa. Haren kuadrillako beste txerri koipeztoek barre egiten zuten. Eta nik gau hartan eta hurrengo bost egunetan hamaika modu diferentetan moztu nizkien belarriak denei. Izan ere, belarriak taxuz moztuta ere, badago beti zer hobetua.

Biharamunean Etxebak zer nuen belarrian galdetu zidanean, ez nion erantzun, ezta galdetu ere berak zer zuen begian. Urtebete geroago arte ez nuen jakin zer esan nahi zuen bere aita haserre iritsi zela etxera esaten zuenean. Nik baino hobeto zekien zer nazkagarri klase zen. Behin Agirreri aitortu zion ama eta bera ikaratuta bizi zirela, aita mozkor eginda heltzen zenean etxea infernu bilakatzen zitzaiela. Batzuetan, sarritan alegia, epelak ematen omen zizkien.

Bigarren mezua zabaltzera noala, beste e-mail bat agertu da. Eskaintza bat. Progaganda. Aspalditik ez dut zakila luzatzeko eskaintzarik jasotzen. Ez dakit zergatik etorri zaizkidan e-mail haiek gogora. Garai batean egunero bospasei jasotzen nituen, eta uste dut halako eragina izan zutela nire sexu harremanetan. Edo nire begitazio bat ote zen? Behinola, andrea begira-begira geratu zitzaidan zera egin ondoren. «Zera? Zer duk zera? Txortan esan nahi duk?». Ez zuen ahoa zabaldu ere egin eta ezin garbiago aditu nion. «Nire e-mailak leitzen ditun, ala?», bota nion, eta niri begira jarraitu zuen, lehenengo bekozkoa zimurtuta eta gero harridura aurpegian. Luze gabe, buelta eman eta esan zuen: «Burutik hasita, ala? Txotxolo hori». Hura ez nuen entzun, baina.

«Gotzon Mirena Aperregik zure adiskidea izan nahi du Facebooken». Ezaguna dut, seguru. Uste dut badakidala nor den, beste ezagun baten kuadrillakoa. Baietz esan diot. Nola ez, ba. Orain, berrogeialdi arraio honetan, sareetan nabigatzeko asti gehiago daukat. Gehiago eta soberan, baina bankuak ez du denbora gordetzen eta gastatu egin behar dut. Tarteka, xahutu. Nork esango zidan honetara ezkero marinel ibiliko nintzela igerian ere ez dakidanau? (Ciber)nauta, -ae, lehenengo deklinazioa.

Lehen begiratuan oharkabe geratu zaidan ohar bati erreparatu diot: «Bi lagun dituzue komunean». Ze kristo! Nola dakite hauek non dauden gure lagunak, edo zer dagoen gure komunean? Badaezpada ere, andreari esan diot, begiratu dezala. «Hau ganbaratik zagon». Hau bai, ondo entzun dut. Hara, maizago katigatu beharko nuke sareetan. Gotzon Mirenaren eta bion lagunetako bat, komunean omen zeuden horietakoa, Marijose delako bat da, Marijose Cabanillas. Ez da izango… Urtebete baino gehiago da foro honetako lagunak garela eta orain artean ez dut horren berri jakin, edo ez diot erreparatu. Haren mezu batzuk irakurriz konturatu naiz lagunekin partekatzen diren memelokeriak informazio iturri oparoa izan daitezkeela. Bere lagun Maiterekin gaztaroko autoen gainean dihardu: «Nire gurasoek kuatrolatas batean 'enkargatu' ninduten, ja, ja, ja». «Guk otxozientozinkuenta bat genuen», diotsa bere lagunak. Eta Marijosek berehala: «Nik zortzi urte nituenean, gure aitak milkuatrozientostreinta bat erosi zuen, berri-berria, beste batekin zuen negozioa ondo zebilkiolako». Redios! Ikusita daukat nik kotxe hura, matrikula azpian bonbillatxo bat zuten haietakoa. Handixe irten ziren Marijoseren gurasoak dantzalekura sartu baino lehen. Berehala esango nuke.

Seat-en modelo hura Francok katedral berria inauguratu zuen urtean atera zen merkatura. Adituek, batez ere artean gidatzeko baimenik ez zeukaten adituek, katortze-treinta esaten zioten. Hurrengo urteetan Michelinek pneumatikoen produkzioa emendatu zuen, eta nik jakin nuen osaba Juanitok ez zuela bertan lan egiten, ezkondu arte paga eman izan zigun-eta igandero. Ezkondutakoan, beste auzo batera joan zen bizitzera. Baina langileen aldeko mobilizazio askotara joateko aukera izango zuen, harriak bota eta lagun odoleztatuak jasotzera.

Aldatu da mundua, gero. Horrelako zerbait esan genuen, harrituta eta ulertu gabe, «milurteko berria, sekula holakorik!». Gu artean pisu berrian bizi ginen, hipoteka eta bide batez pisua galdu arte ez baikinen osaba Migelen etxera etorri. Osabak beste bat erosi zuen erretreta hartu zuenean, beste batekin zuen negozioa ondo saldu zuelako, nonbait. Etxeba auzo berri batean bizi zen. Banku batean lan egiten zuen, hipotekak bideratzen-eta, hala moduz. Haren aitak hirurogeita hamar urte inguru izango zituen. Emaztea ospitalera eraman zuten gauean euria ari omen zuen. Agirrek kontatu zidan.

Etxebaren ama koma egoeratik atera zenean, salaketa jartzeko konbentzitu zuen erizain batek. Baina epaiketa baino lehen, senarraren abokatuak, auzoko parrokoak, «horrenbeste urteren ondoren...», eta bizitzako misterioek, «zer egingo dut bera gabe?», salaketa kentzeko konbentzitu eta senarrak hilabete bi baino ez zituen eman preso, behin-behineko espetxealdian. Istripu bat izan zela deklaratu zuen emazteak. Hilzoriraino eraman zuen istripua. Eta nahigabeko gertaera izan zela ebatzi zuen epaileak. Zuhurtziagabetasuna. Lupu zital hura zuhurtziagabea zen, beraz. Etxebak ere behin-behineko hamahiru hilabeteak baino ez zituen eman giltzapean, bere aitak salaketa kendu ez zuen arren. Urte biko zigorra ezarri zioten aita espetxetik atera zen egunean amak utzi berria zuen ospitalera bidaltzeagatik. Baina ez zuen kartzelara atzera sartu behar izan. Auzoan zalaparta izan omen zen. Protestaren bat antolatu zuten gazte batzuek Etxebaren aita jendaurrean salatzeko, eta beste bizilagun batzuk haren alde agertu ziren. Gertakari hark dexente makurtu zituen auzoko harremanak.

Orain hurrengoan aldarte oneko eta baikor sumatu nuen Etxeba. Azken krisialdiak haren sukurtsalera eraman ninduen bankuarekikoak kitatzera. Ne me quitte pas, xuxurlatzen zidaten hipotekak eta bide batez pisuak. Hala moduz azaldu zizkidan teknizismoak gorabehera, albiste ona eman zidan Etxebak. Krisiaren ostean munduak errotik aldatu behar zuen. Egia esateko, ez genuen aldaketa handirik nabaritu, hobera behinik behin, baina nonbait ere sistema ekonomikoa aldatu egin zen eta azpiegitura berriak gainegituraren aldaketa dakar orain. Arratsaldeko zortziak artean sareetara arrauna sartu besterik ez dugu konfinamendua amaitutakoan denok hobeak izango garela jakiteko.

Hilabete bi joan dira etxea mundu bizi garenetik. Dozenaka urte. Betiko auzoan, osabaren pisuko leihotik begira segitzen dugu. Parean dugun etxeko balkoian Etxebaren aita ikusten dugu egunero, marmarrean. Kaletik igarotzen den jendeaz, bizilagunez, emazteaz, munduaz gaizki esaka. Zantar alaena.