GALDER PEREZ
IRITZIA

Fisikoa eta soziala

Besarkada keinu fisikoa da, soziala, emozionala, afektiboa. Besarkada zailtzen duen “distantzia soziala” mantentzea gomendatzen da garai hauetan. «Fisikoa» esan beharrean, «soziala» esaten dute, behin eta berriz. «Normaltasun berria» terminoa ere erabiltzen dute, «anomalia berria» esan beharrean. Pandemia erraldoi eta itogarri honek araudi eta gomendio anbiguoen zerrenda amaigabea ekarri du. Eta ekarriko du, tamalez. Nahasmena da nagusi. Zientzialariek ere ez dute ziurtasun handirik, baina konfiantza ematen digute. Fisikoa eta soziala nahastea, ordea, zalantzagarria da oso. Hori ez dator zientzialarien ahotik, segurtasunik eta ziurtasunik ematen ez diguten agintarien aldetik, baizik. Sekulakoa da antsietate soziala. Ezkutuan eraman nahi bada ere, gero eta handiagoa bilakatzen ari zaigun antsietatea dirudi, dena primeran doala antzezten dugun bitartean. Beharra dugulako: lehen, beldurra etxean egotekoa zen; orain, askok probatu dute kalea berriz ere, anomalia honetako bizitza soziala dastatu dute. Eta berriz etxera bueltatzeko gogoa sartu zaie, etxean egoteko beharra. Ez da “txabola efektua” esaten zaion horren ondorioa. Ez. Anomalia honek ekarri duen zenbait jarrera sozialen ondorioa, baizik. Pentsatzen genuen epaileak balkoietan geratu zirela. Baina ez, hainbeste maite ditugun tabernetara eta kaleetara ere iritsi dira epaile berriak.

Konfinamendu garaian besarkaden gaineko kantuak egin ziren. Egun horietako besarkadei «debekatuak» esaten genien. Nork ez du besarkadarik maite eta, are, behar? Besarkada eman eta besarkada jaso. Baina besarkada hain afektiboa eta soziala den heinean, borondatezkoa behar luke. Egunotan zenbait besarkada, debekatuak izan ordez, inposatuak izaten ari dira. Eta musuekin antzeko zerbait esan genezake. Kasu honetan, debeku beharrean, oka egindako musuez aritu gintezke. Ezpainetan nahi ez duen horri musu ematen zaionean bezala: piko beharrean, pala. Inork ez du inposatutako ezer maite; are gutxiago, fisikoa denean eta, are gutxiago oraindik, estimatzen duzun norbaitengandik datorrenean. Egunotan ikusi ditugu besarkadak, eman eta jaso ere bai. Askok, ordea, besarkaden beharra badute ere, ez dituzte eman edota jaso nahi. Arduraz eta segurtasunez jokatu nahi dute. Eskubide osoarekin, gainera; besterik ez genuen behar. Baina besarkadarik jaso eta eman nahi ez duten horietako zenbat sentitzen da azalpenak ematera behartua: adineko gurasoekin bizi dela, arrisku handiko norbait aldamenean duela edo dena delakoa, baina besarkadetan ez galtzeko azalpenak ematera behartuta. Badira beren burua azalpenak ematetik libre sentitzen direnak eta badakite distantzia fisikoa mantentzen eta sozialki oso gertu egoten. Baina sozialki eta fisikoki urrun dauden lagunek epaituko dute hori, besarkadarik eman nahi ez duelako, paranoiak eta beldurrak irentsita dagoelakoan.

Eta badira ere ezer esatera ausartu ez direnak. Egoera sozialak irensten dituztenak eta nahi ez dituzten besarkadak jaso dituztenak. Bi beso handi gerturatu zaizkio eta bere gorputz txikia ustekabean erasota sentitu da. Nork esan behar zion kondoirik gabe txortan egin duena bezala sentituko zela lagunaren besarkada jasota. Paranoiak jota dago orain. Hiru hilabetez proba egin ahal izateko zain dagoena bezala. Eta badoa etxera, besarkaden beldurrak itota. Baina tabernan hasi berri den elkarrizketak beldur handiagoa ematen dio. Txertoen aurkako korronteaz hasi dira berbetan sozialki gertu dituen horiek. Eta urruntzen doa.