2020/06/21

Gonbidapena
Gurutze Anduaga
117_iruditan

Maneki-neko da horien izena. Eskua goratzen duten katu horiek dira, txinatarren denda eta jatetxeetan ikusi ohi diren animaliatxoak. Zorte onaren erakarle dira, Ekialdeko kondairek diotenaren arabera. Gonbidatzaileak dira, zortearen gonbidatzaileak. Ezker eskua mugitzen duten bitartean, eskuinekoan koban izeneko txanpon japoniarra heltzen dute. Lepoan, zintzarria. Izpiritu txarrak uxatzeko erabilia. Denda atarietan, jatetxeko sarreretan, etxeko egongelatan... Zorte ona eta, bide batez, dirua erakartzeko jarri ohi dira katuok, eta ez, datorren horri ongietorria emateko.

Jar gaitezen une batez hamarnaka Maneki-nekoren aurrean eta pentsa, une batez, zer duzun erakargarri horientzat. Edo, alderantziz, jarri momentu batez Maneki-neko baten barruan. Zu zeu gonbidatzaile. Zer litzateke erakarpen gurari?

Bizitzan, ateak zabaldu adina ixten dira, bidean aurrera egin ahala. Norberak ireki eta ixten ditu askotan; bestetan, nahi gabe zeharkatzen ditugu ate desberdinak eta uzten diegu zenbaitzuei gurekin gurutzatzen. Atea erdi itxita, erdi irekita uzten diegu usu, barrura sartuko den horren beldur, erakarriko digun horren izuaz. Baina bestetan, bizitza bera ustekabe polit bat besterik ez da, aterik gabe, arkurik gabe, ohartu gabe ondoan jarri zaizun jende multzoa. Nahi gabe maite duzuna eta erakarpena ahantzarazi dizuna.