2020/06/21

Erreportajea
«IZURRIA HEMEN. FOTODIARIO DE UN CONFINAMIENTO»
Historiaren zati bat, irudiz eta hitzez

2020a osasun krisiaren urtea izango da, covid-19arena, koronabirusarena eta bizitza goitik behera aldatu zigun pandemiarena. Historiarako zati esanguratsu bat. Gure historiarako beste mugarri bat. Oroimenean geratzeko bokazioz, Euskal Herria astindu duen krisia memorian gordetzera dator «Izurria hemen. Fotodiario de un confinamiento» liburu grafikoa. Harkaitz Cano gidari, FOKU agentziako hamasei argazkilariren irudiekin hornituta dator GARAk editatu eta argitaratu duen lan berria. Gertatutakoa ez dakigun hain erraz ahaztu.

Ariane Kamio, argazkiak: FOKU
017_izur10
Argazkia: Marisol Ramirez I FOKU

Txinatik zetorrela ikusi genuen. Urrun zegoen orduan. Gabonen buelta izango zen. Maskarekin? Etxetik atera gabe? Urrun. Oso urrun zeuden Txina are urrunago hartan hartu zituzten neurriak. Gugana ez zen iritsiko. Guri ez zigun eragingo. Nola, bada? Martxorako iritsi zen, nahiz lehenago hainbat zurrumurruk asaldatu zuten apur bat gure lasaitasuna. Martxoa eta etxera. Halaxe gogora daiteke co-vid-19ak edo koronabirusak gure ingurura (Hego Euskal Herrira, bederen) ekarri zuen alarma egoeraren hasiera.

Etxera. Eta etxean bizitzen hasi ginen. Etxera ohitu behar izan genuen, nekez atera ahal izan baikinen kalera, oinarrizko beharrak edo beharrezko zaintzak egiteko ez bazen. Egun horietan autoa hartu duen edonork jakingo du zer den herri bateko kale mortuetara iristea eta, gaizkile baten gisan, kasik ezkutuka, ibiltzea. Kalera ateratzea debekua zen eta debekuaren aurka egitea, delinkuentzia (edo desobedientzia). Gerra terminoetan bizitzen hasi ginen, agintariek ere halaxe hitz egiten baitzuten gaiaren inguruan. “Gerra baten aurrean gaude, eta irabazi egingo dugu”. Askorentzat covid-19ak sortutakoa ez zen osasun gerra bat, osasun krisi larri bat baizik, gure lurraldeetako sistemak zalantzan jartzeko gaitasuna izan duen krisi bat. Gerra ikusezin bat, guda distopiko bat kasik. Baina ez, ez zen gerra bat, elkartasun kontu bat akaso, baina inondik inora ez kalera tankeak ateratzeko arrazoiak ematen zituen guda bat. Eta halaxe egin genuen askok: “Ez dakit zer daukagun, bake ala gerra, baina nik badaezpada, egin dut puzkerra”. Eta horrela, “Furra furra”, egun bat, eta beste bat, aste bat eta beste bat. Martxoan, etxean, apirilean, etxean...

Argazkia: Andoni Canellada I FOKU

Argazkia: Andoni Canellada|FOKU

 

Ordu oro begiratu dugu telebistara, irratietara, komunikabideetara, sare sozialetara... eta ikusi ditugu kutsatutakoen datuak igotzen eta ikusi ditugu hildakoen kopuruak gora egiten. Eta batzuek jarraitu dituzte eguneroko datuak, egin dituzte taulak, grafikoak, irudikatu dute etorkizuna... eta besteek itzali dute telebista, irratia, out geratu dira sare sozialetan irakur zitekeenetik, eta jarri dute musika, piztu dute Netflix edo egin dituzte bizkotxoak haurrekin eta asmatu dituzte sekula buruak eskainiko ez lizkiekeen hainbat denbora-pasa.

Hau gerra bat izan bada, oraindik bizi garenok hamaika era desberdinetan pasatu dugu. Eta guda baten aurrean egon bagara, biziraun dugu, hobeto ala okerrago, gorago ala beheraxeago, baina badakigu gertatutakoak drama ugari utzi duela, arima asko urratu dituela (Gorka Urbizuk esango lukeen bezala) eta bidean odol gutxi baina gorpu asko geratu direla, eta tristeziak jende askoren bihotzak hartu dituela (ikus, bestela, joan den astean zaharrenei buruz argitaratu genuen 7K).

Gazteenok ez dugu sekula gerrarik bizi izan; are gehiago, ez dugu egoera ezohikorik apenas ezagutu. Ez gaituzte sekula etxean geratzera behartu, ez digute senitartekoak ikustea debekatu, ez digute korrika egiteko nahia ukatu eta ohartu gara, era berean, baimendutako sistema batean bizi garela. Baimenpean eta burokraziaren agindupean araututako osasun krisi bat bizi izan dugula. Zaharrenek oroituko dituzte frankismo garaiko denborak. Joan gintezke Segoviako ihesera, Burgosko prozesura, euskararen debekura, fusilamenduetara, debekuetara, denbora oldarkorretara... Haiek jakin badakite zer den baimenpean bizitzea. Besteoi, araututako gizartea gordinean ikustea egokitu zaigu.

Argazkia: Raul Bogajo|FOKU

 

Baina, zer gertatu da? Norainoko eragina izan du honek guztiak? Irudikatu ditugu askotan, itxialdiaren denboran, gure ingurukoen egunerokoak beren etxeetan itxita, haien goizak, haien arratsaldeak, haien gauak... Akordatu gara gurasoez, anai-arrebez, aitona-amonez, lagunez... Nola bizi izan dute haiek itxialdia? Pentsa dezagun, ordea, une batez, herrialde gisa, nazio gisa, eta egin dezagun gogoeta gure herriak nola bizi izan duen hau guztia. Aukera izango bagenu, “telebistaren mandoa” hartu eta hasiko ginateke arakatzen gainerakoen etxeetan nolakoak izan diren egun horiek. Orain, ordea, ahaztu telematizazioa eta joan betiko euskarrietara. Liburuetara.

Liburuak denboran irauten duten euskarri diren gisan dator orain “Izurria hemen. Fotodiario de un confinamiento” lana, GARAk argitaratua, osasun krisiaren “telebistaren mando” nazional baten gisan datorrena. Liburu grafikoa, 180 orrialdetik gorakoa, pandemia iruditan biltzen duena. Hamasei argazkilari orotara eta Harkaitz Cano idazle lasartearra orkestra zuzendari. Nork ez dio haren lumatik eta FOKU agentziako argazkilarien begietatik pandemiaren ikuspegi orokorrari begiratu nahi? Etorri eta ikusi.

Gure bizitzetan gertatu den ezohiko gertakizun baten kronika emozional eta grafikoa da lan hau, belaunaldi zaharragoek soilik duten tamainako krisi kolektibo baten memoria bitala.

Idazlea narratzailea eta kronista bihurtzen da. Argazkilariak, berriz, gizabanako ororen esku ez dagoen errealitatearen notario grafiko dira lan honetan.

Argazkia: Jon Urbe|FOKU

 

Ezohiko egoera baten egunerokoa jasotzen du lan honek. Pertsona anonimoak, ohitura berriak, distantziak, ilarak, hutsik geratu ziren kale eta errepideak, bakardadea, hornikuntza, polizia kontrolak, murrizketak, ospitaleetako asistentzia, larrialdietako zerbitzuen lana, probak, natura, paradoxak, bai eta distopiara gerturatzen den errealitate baten surrealismoa ere.

Harkaitz Canok eguneroko baten formatua baliatu du lan honetarako. Poema indartsu batekin hasten da bere testua eta sarrera desberdinen bitartez, pandemiaren aurpegiak eta bere adierazpide sozial eta pertsonalak perfilatzen ditu. Planetako beste hainbat tokitan gertatzen denaren zertzeladak ere ematen ditu idazleak. Erradiografia labur bat da, baina erraz identifikatuko da norbera hor aipatzen direnekin.

Halaxe dio idazleak idazketa prozesuari buruz: «Burbuila baten barrutik idaztea beti da interesgarria, zeure buruarekin aurrez aurre jartzen zaituelako, baina XXI. mendeko mendebaldarron konfinamenduak nahiko light dira, ezta? Ez daukate zerikusirik garai batean borda batean idaztera giltzaperatzen zirenekin... Susmoa daukat denok antzeko moduan bizi izan dugula: internetera erabat lotuta izan dugu zilbor-hestea, informazio gosea eta ebasio beharra tartekatuz modu apur bat konpultsiboan, baina nork bere eskafandra mentalaren eta gorputzaren aukerak eta mugak bere erara bizi ditu, ezinbestean. Horregatik hautatu nuen formatu diaristikoa, inguruan ikusten nuena eta horren aurrean sentitzen nuena modu subjektiboago edo gutiziatsuago batean prozesatu ahal izateko. Egunez egun lerro gutxi batzuk idazten nituen. Erantsi horri ZIUn lan egiten duen erizain batekin bizi naizela, zurrunbiloaren hegitik zetorren ildo narratibo bat eskaintzen zidan horrek. Baina ez zegokidan niri ‘Erizain baten egunerokoa’ idaztea ere, noski. Horrelako kasuetan, literatura ez da asmaziorako tresna, baizik eta katalizatzaile bat: muntaia –hurrenkera eta sintesia– izan liteke literarioa, baina kontatzen dena ez. Errealitatea bera aski distopikoa da asteotan, albisteek fikzio kutsu handiegia izan dute eta horrek zaildu egiten du idazlearen lana. Fikzioa erantsi baino, fikzio itxura gehiegizkoa kimatu behar. Orain, berriz, erabat liluratuta nauka ahazteko dugun erraztasun estonagarri honek».

Argazkia: Juan Carlos Ruiz |FOKU

 

Harkaitz Canoren testua bi hizkuntzatan emango du argazki-liburu honek, euskaraz eta gazteleraz. Izenburua soilik euskarazkoa izango da eta bi hizkuntzetan idatzitako testuek 20 orrialdetako luzera izango dute. Ondoren, alde grafikoa dator.

Fermin Munarriz editoreak azaldu duenez, alarma egoera piztu zenean sortu zen proiektu hau gauzatzeko ideia. «Oso garrantzitsua zen zerbait gertatzen ari zen eta, egunero jaso izan genuen informazio oldeaz gain, bagenekien gertatzen ari zena beste era batera kontatu behar genuela, denboran iraun behar zuen zerbait sortu behar genuela, pandemia hau belaunaldi desberdinetan bizirik mantenduko zen oroimena izango baitzen».

Eta jarraitu du: «Argazki liburu bat baino gehiago da. Harkaitz Canoren testuak izaera solido bat ematen dio lanari. Eta irudiek osasun krisi honen dibertsitatea erakusten dute inpaktu handiko lanen bitartez. Edizioko irizpideak ez dira izan autore baten obran erabiltzen diren berberak, hamasei argazkilariren lanarekin lan egin behar izan dugulako eta, arrazoi artistikoez gain, beste arrazoi batzuk kontuan izan direlako, adibidez, argazkiarekin batera eskaintzen den informazioa, ubikazioa, momentua… Bederatzi mila argazkirekin lan egin dugu. Hori zailtasun bat izan arren, narrazio bisual koherente bat egitea lortu dugu, informatiboa, batzuetan gogorra, baina baita ederra ere, epidemia honek sortu duen drama sekulakoa izan den arren».

Argazkia: Bob Edme|FOKU

 

“Itxialdi bateko argazki-bilduma / Fotodiario de un confinamiento” da liburuaren alde grafikoa (160 bat orrialdekoa). Orrialde bakoitzeko argazki bat, argazkilariaren sinadurarekin eta argazki oin labur batez lagunduta doana. Orotara, hamasei argazkilariren obrak jaso dira, FOKU argazki agentziako argazkilarienak eta beraien ohiko kolaboratzaileenak (Ipar Euskal Herrikoak –Mediabask– eta Hego Euskal Herrikoak). Guztion baturan, Euskal Herri osoko irudiak batu dira liburuan, kalitate grafiko handiko irudiekin.

Bertan, kalean eta etxeetan bizi izan diren ezohiko egoerak islatzen dira. Begirada indiskreto moduko bat dira. Baina argazkilari horien esfortzua beren lana libreki egin ahal izatea izan da; hain zuzen, emaitza hau eskaini ahal izateko, burokraziak jarri dituen trabak gaindituz, giza egoera askotan ezarriak izan direnak; batez ere, osasun jarduna edo beilatokien lana ikusarazi nahi izan dutenean.

FOKU argazki agentziak Euskal Herri osoan lan egiten du eta bertako hainbat komunikabide asetzen ditu argazkilaritzari dagozkion beharrez (GARA, “Berria”, etab.). Ikus-entzunezko ekoizpenean ere lanean ari den agentzia nazionala da.

Hauexek dira liburuan parte hartu duten argazkilariak: Jon Urbe, Marisol Ramirez, Iñigo Uriz, Jaizki Fontaneda, Gillaume Fauveau, Juan Carlos Ruiz, Idoia Zabaleta, Raul Bogajo, Gorka Rubio, Aritz Loiola, Andoni Canellada, Andoni Lubaki, Bob Edme, Luis Jauregialtzo, Jagoba Manterola eta Endika Portillo. Gozatu, laster etorriko baita gure eskuetara.