2020/06/21

amagoia mujika
Negarra
Bestearen negarrarekin aztoratu egiten gara, deseroso sentitu eta lehenbailehen isiltzea da nahi dugun bakarra. «Ez ezazu mainarik egin» izan da haurtzaroan gehien entzun dudan esaldia.

Negartia naiz eta izan naiz memoria daukadanetik. Negar egitea izan zen mundu honetara etorrita egin nuen lehen gauza, denok bezala. Gero ere maina asko egindakoa naiz. Eta memoria daukadanetik gaur arte ikusitakoak ikusita, lasai esan dezaket negartia naizela. Tira, lasai esan dezaket? Izan ere, gure jendartean ez dago ondo ikusia. Ahultasunarekin lotzen da, emozioak oso bistan uzten ditu eta horrek zaurgarri egiten gaitu. Neroni nola amorratu naizen neure buruarekin zenbait unetan negar egin dudalako. Biluzik sentitu naiz negarrez. Ez naiz minak eragiten duen negarrari buruz ari, hori baimenduta dago. Bestelako negarrez ari naiz, barruko korapiloek eta egonezinek sortzen dutenaz.

Bestearen negarrarekin aztoratu egiten gara, deseroso sentitu eta lehenbailehen isiltzea da nahi dugun bakarra. «Ez ezazu mainarik egin» izan da haurtzaroan gehien entzun dudan esaldia. Gauetan, oherakoan, minutu pare bat ematen nituen eguna errepasatzen eta egun osoan negarrik egin ote nuen galdetzen nion neure buruari. «Oso ondo, gaur ez duzu negarrik egin». Egun handia zen hori, lo gozoagoa zekarrena.

Pertsona bakarra ezagutu dut besteen negarrarekin aztoratzen ez zena. Emakume sendoa eta indartsua zen, magal epela eta zabala. Askotan probatu dut. «Egin mainak lasai, ona da azalarentzat eta ona da barrurako». Eta nik magal hartan sentitzen nuen poza eta lasaitasuna ezin dira deskribatu. Beti negarrari eusten, ahula eta eskasa agertzen nintzelakoan, eta hara non topatzen nuen negar zotinka lasai egoteko magal zoragarri bat. Babespe hartan negar saio eder bat egin ondoren, indartsuago sentitzen nintzen.

Baina, salbuespen hori kenduta, ez dut inor ezagutzen ondokoaren negarrarekin aztoratzen ez dena. Ez dakit zein alarma klase pizten digun barruan bestearen lantuak, baina ziztada eragiten digu. Eta egonezina ez da sortzen bakarrik maite ditugunen lantuarekin, ezezagunen negarrak ere mugitzen gaitu.

«Nire amak esaten du negar egiteko lasai, oso ona dela». Irakasleak esan zidan lezioa bazekiela eta lasai egiten zuela negar beharra zuenean. Baina haur txiki bat zen orduan eta hori ere baimenduta dago, haurrak negartiak dira eta kito. Baina zer gertatzen da handitzen garenean?

Eskaileretan topo egin dugu. Bizilaguna gora, ni behera. «Zer moduz telelanean?», galdetu diot. Haur txikien irakaslea da. Oso estututa egon dela esan dit, haurren presentzia behar duela lanerako eta ezin asmatu ibili dela. «Aurrekoan, etxean bakar-bakarrik nengoela, negar saio eder bat egin nuen eta askoz hobeto sentitu nintzen». Ze poza. Etxean bakarrik gaudela egiten dugu negar noizbait haur mainatiak izandakoek. Norberak topatu behar ditu negar lasai egiteko magalak.