Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Beldurra

Gogoratzen dut txikitako pasarte bat. Betikotutako pasarte bat. Ez dakit zuoi, niri bederen, buruan iltzatuta geratu zaizkit kontzientziarik, asmorik, jolas egitea ez beste nahirik ez nuen garai haietako hainbat akordu. Ez dakizu zenbat urte zenituen, ez dakizu une horretan zehazki non zeunden, zein arropa zeneraman soinean, zenbat urte zituen zure amak hori esan zizunean. Baina zure buruak istant hura gordetzeko ahalegina egin zuen. Gaurdaino.

Etxe ondoan geunden. Ataritik gertu. Zeozer nahiko nuen. Erostea, seguruenik. Eta temati jarri nintzen amarekin. Hark ezetz eta nik baietz. Ezetz eta baietz. Ezetz eta baietz. Azkenean, mehatxuaren mehatxuz, sekulakoa bota zidan. Huraxe zen, gaurdainoko akordua. “Interna”

sartuko ninduela, han ez zegoela ez amarik, ez aitarik, ez ahizparik, ez amonarik. Eta okerrena. Gauetan argirik gabe loak hartzen zutela bertako umeek eta Gabonetan eta udan soilik etortzen zirela etxera. Pentsatzeko ondo zer jarrera hartuko nuen aurrerantzean. Eta bai, pentsatzekoa zen. Orain amari maiz gogorarazten diot berak gogoratzen ez duena. Ukatu egiten du beti, berak ez zuela halakorik esan, berak ez zigula sekula mehatxu egin. Eta egia da, bere buruan ez da inoiz halakorik gertatu, bere memoriak ez zuelako halako esfortzurik egin istant hartan. Baina pentsatzekoa da sortu zidan beldurrak gaurdaino irauten duela gorputz bazterretan.