amagoia mujika
IRITZIA

Betiko gaitzak

Txorobirusak txoratuta» bizi dela dio. Adinagatik «talde arriskutsukoa» omen. Ezetz, arrisku taldekoa dela. «Berdin da». Berari grazia egiten dio besteak, «arriskutsu» izateak. Egunero ematen die bazkaltzen bilobei. «Errieta egiten didate lagunek, baina zer utzi behar ditut umeak bakarrik? Haiek zer kulpa daukate? Alabak lanera joan behar du nik ume horiei platera betetzeko». Superamona bat da, beste asko bezala.

Fruta-dendako saltzailea telefonoz ari da, alabarekin. «Goizeko hamaikak dira eta oraindik gosaldu gabe? Altxatu, gosaldu eta egin etxeko lanak ni joaterako. Bazkaldu eta berehala bueltatu behar dut lanera!». Denok entzun dugu solasaldia. Orain bakarrik uzten du etxean, ez dauka beste erremediorik. Lanean egonagatik, burua etxean dauka etengabe eta bere kulpa sentsazioak gehiago pisatzen du saltzen dituen laranja poltsek baino. Askoz gehiago nekatzen da.

Gosaritako trasteak eta bazkaritakoak pilatu zaizkio gaur. Dagoeneko bitan jaitsi eta igo du semearen bizikleta kaletik eta txikiak orduerdiro jotzen du etxeko txirrina, edozertarako. Ez dago udalekurik. Ordenagailuaren aurrean joaten zaizkio orduak eta komunerako buelta baliatzen du garbigailua husteko edota dilistak sutan jartzeko. Desordenaren erdian egunak motz joaten dira. Eta gainera sekulako zama sentitzen du ez duelako denborarik hartzen gurasoen Whatsapp taldean sustatzen dituzten eskulan liluragarri horietako bat egiteko txikiarekin.

Oporretako aste bat hartu behar izan du ama egun osoan zaintzeko. Eguneko zentroa, itxita. Kezkatuta dago datozen asteetan ez dakielako nola moldatuko diren. Lanean ere ez da giro. Itxialdi osoa lanean eman duten arren orain kaleratzeak egiten hasi dira, ez omen dago denentzat lanik. Berak ez daki zerrenda beltz horretan zenbatgarrena izango den. Gainera, azkenaldian baimen dezente eskatu ditu, amarekin medikuz mediku bueltaka ibili delako.

Aurreikusita zuena baino urtebete lehenago erretiratu da. Hamarkada luzeak daramatza erizain lanean, denetarik ikusi eta bizi izan du, baina martxoaz geroztik gorputzean pilatu zaion ezinak itolarria eragin dio. «Ez nago prest berriz horrelako zerbait bizitzeko». Lotsatuta bezala aitortzen du hori, heroien garaian erretiratzea erabaki duelako. «Akaso oraintxe naiz beharrezkoen, baina nik ezin dut gehiago».

Denak dira emakumeak. Eta, oinarri zientifikorik ez dudan arren, pentsatzen ari naiz “txoronabirus” horrek ez ote dien latzago eragiten emakumeei. Ez naiz ari oraingo birusaz, betiko gaitzez baizik, orain inoiz baino nabarmenagoak diren zuloez. Eta horiek tapatu nahian ikusten ditut hainbeste emakume. Hori ez da normalitate berria, hori betikoa da.