Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Tentakuluak

Ez gara oraino birus batek eragindako pandemiatik, osasun krisialditik, libratu. Ez gara gaixotasunetik libre, ez eta ondokoak eri ikustetik aske. Koronabirusak harrapatu gaitu eta aldizkari honetako horoskopoan Mila Aierbek dioen bezala, gurekin geratzeko etorri delakoan nago ni neu ere. Baina eritasuna eritasun, bada birusak ekartzen duen beste heltzekorik, edo, hobe esanda, bada berau ere olagarroak bezalatsu zortzi helduleku dituen espezie berria. Gaixotasuna da bata. Hortik eusten gaitu. Baina bada tentakulu handiago bat. Beldurra.

Hasi da iraila eta itzuli da jendea haien lanpostuetara. Batzuk, bederen. Beste hainbatek ez baitute halako aukerarik izango. Eta bueltatzeko aukera izan dutenen artean, ezinegona ere hortxe da, zelatan, beldurraren hasierako fase batean bezala, lanak noiz arte iraungo, krisiak zenbateraino eragingo. Haurren egunerokotasuna nolakoa izango den beldurra, haien zaintzarako etxean nahikoa baliabide izango diren kezka, aitona-amonei erreguan ez aritu behar izateko nahia. Denda txikietako saltzaileen beldurra, balizko ixteak ekar dezakeen kezka pisutsua. Eta, bitartean... birus batek zortzi tentakuluetatik helduta gauzkan bitartean, jarraitzen dugu bizitzan metroak egiten, bideak urratzen eta ahal den neurrian beldurrari tarterik txikiena uzten, norberak ahal duen bezala, bai baitakigu estamentu txikietan banaturik gaituztela gizarte honetan.