Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Salbatzaileak

Eskubideak. Eskubideez hitz egiten da maiz, baina askotan, edo gehienetan, horiek ez dira praktikan jartzen. Are gehiago, eskubideez ozenago mintzatu ohi da horiek sistematikoki gauzatzen ez direnean, aplikaziorik ez dutenean eta eskubide deritzen horiek noraez sintetiko batean geratzen direnean, aginteak ukitu nahi izaten ez duen linbo batean. Linboan, hortxe, infernuaren eta zeruaren erdi-erdian sorrarazi zuten geruza batean. Ez batera, ez bestera. Baina eskubideak urratzen dituen bermepeko sistema estrukturatu batean.

Goialdean doakizun irudia pasa den irailaren 27an hartu zen, Bogotan, Kolonbiako hiriburuan. Hain zuzen, legezkoa izango den eta amaren osasuna bermatuko duen abortuaren aldeko ekimena izan zen, tokiko feministek bultzatua, emakumeoi dagozkigun eskubideen artetik beste bat egikaritzeko aldarrikapenean.

Baina etorriko dira beltzarandutako lainoak, ekaitz mehatxuan datozen hodei zelatariak. Entzungo dira burrunbak, kexuak eta urrutian tximistaren baten argiztapen bat-batekoak. «Gu ere hemen gaude» edo halakoren bat iradokitzen duten arima salbatzaileak. Salbatzailetzat baitute beren burua abortuaren aurka ageri diren aspaldiko mamuen oinordekoek. Salbatzaile betierekoak, Kristoren gorputza defendatzen dutenak. Egia eta benetakotasuna aurretik daramaten horiek. Horietxek berak, eskubideen salbatzaile direla diotenak.