2020/10/18

JOKIN URAIN
Buztinetan
Imajinatzen hasita, ez dakit ez ote den askoz zailago herritarrei erasotzeko espresuki prestatuta ez dagoen Polizia bat. Ez dakit –ia ezer ez baitakigu– uniformeak ematen dien herritarrak eta mundua poliziakeria horrekin zaintzeko grina, ala grina hori dutelako janzten duten uniformea.

Iraganeko buztinetan estalita dauden aingurak onak izan daitezke museoetan ezartzeko, edo urtu eta berriak egiteko, baina ez dakit baliagarri ote diren, edo ona ote den belaontzi berrietan eraman nahi izatea. Beti gabiltza ekoizten ditugun traste guztiak garraiatu ezinean, ezertarako balio ez dutenak ere ezin baztertuz. Gero eta handiago egiten dugun pila horren zamarekin gero eta konkortuago goaz, zaharrak bere horretan gorde nahian, berritzearen eta aldatzearen beldur.

Zaharrak edo antzinakoak omen ziren duela urtebete Ertzaintzak buztina eta lurpean atzeman zituen zuloa eta bertan zeuden lehergaiak edo dena delakoak. Bertan usteldu eta desegitera kondenatuak zeuden seguru asko, baina ez. Polizia ez dela tontoa zioen gure garaiko esaera batek, eta egia izango da. Pentsa ezin daitezkeen gauzak daki egiten. Duela urtebete Ertzaintzak Arraia-Maeztun atzemandako hariari tiraka, gazte tenebrosoen etxeetaraino iritsi dira guardia zibilak eta enparauak. Munduko langileriak ez dakit inoiz elkar hartuko duen, baina hauek bai, hauek batzen dira horrelakoetarako. Hamabost egun ez dira oraindik atxilo hartu zituztela Ekhiñe eta Kepa eta Imanol eta gero Igor.

Delituen kontuak esan zituzten laster; legea, epailea, Poliziaren lana… halakoak ezin direla argitu gabe utzi. Beti dago argitu beharreko zokoren bat, eta batzuek pentsatuko dute mundua ilunpe kaotikoa litzatekeela arauen guarda beldurgarririk gabe, izua eragingo duen zaindaririk gabe. Zaila egiten da Poliziarik gabeko gizarte bat imajinatzea, baina ez dakit ez ote den zailago edozein herritarren aurrean larderiaz enpo agertzen ez den Polizia bat, langileen protesten aurrean armarik erakutsiko ez duen Polizia bat… Imajinatzen hasita, ez dakit ez ote den askoz zailago herritarrei erasotzeko espresuki prestatuta ez dagoen Polizia bat. Ez dakit –ia ezer ez baitakigu– uniformeak ematen dien herritarrak eta mundua poliziakeria horrekin zaintzeko grina, ala grina hori dutelako janzten duten uniformea.

Arraia-Maeztun zuloa eta lehergaiak atzeman zituen polizia horrek mendietan eta iraganeko buztinetan azterka aritzea baino errazago luke etxeko lohietan erreparatzea, delituen kontuak kezkatzen badu behintzat. Aise atzemango lituzke uniformea janzten duten torturatzaileak, esate baterako, eta torturatzaileen babesleak ere topatuko lituzke urrutira joan gabe.