IRITZIA

Mimoak

Akaso ez nau koronabirusak akabatuko, baina tristuraz hilko naiz». Egunero-egunero biloba txikiekin bazkaltzeko ohitura duen aitonari gogorra egiten ari zaio egoera. Tristuraren birusari apenas erreparatzen baitiogu.

Belgikan bai. Han itxialdi estuan daude, birusak oso gogor kolpatu duen herrialdea delako. Baina dagoeneko konturatu dira tristurak sabelean egiten dituen zuloak ez direla txerto batekin sendatzen eta bakardadeak eta penak ere prebentzio neurriak behar dituztela. Horregatik, nahiz eta etxean itxita dauden eta ahalik eta pertsona gutxienekin harremantzeko agindu dieten, herritar bakoitzak «mimoetarako lagun bat» aukeratu dezake eta horren bisita jaso etxean.

Herbehereetan aurretik asmatu zuten «etxeko laguna». Lehen itxialdi hartan harreman sexualak izateko bide hori zabaldu zuten. Alegia, harremanak izateko bisitak hartzeko baimena ematen zutela, baina beti pertsona beraren bisita jasotzeko aholkatzen zuten, «etxeko laguna» izendatutako horrekin. Pertsona horien ardura zen norberaren osasun egoeraren arabera jokatzea.

Pozgarria da agintari politiko batzuek osasun emozionalari ere begiratzen diotela ikustea. Harrigarria eta pozgarria da arduradun politiko baten ahotik «mimo» hitza entzutea. Era berean, penagarri samarra ere bada hemen malgutasun emozionalik batere ez sumatzea agintarien artean. Egia da malgutasuna arriskutsua dela, askotan «nahi duzuna egiteko» baimena ematen duen leihoa bihurtzen baita. Baina koronabirusaren izenean erabat profilaktikoak bihurtuta gaude. Azala garbitu eta garbitu gastatu arte, laztantzeko eta sentitzeko ere balio duela ahaztuta. Osasun emozionala bistara ekartzen duten agintariak izatea osasungarria litzateke oso, bai birus sasoirako eta baita beste garai guztietarako ere.

Bigarren olatu honetan tristura astunagoa sumatzen dut. Akaso izango da oinak bustita ditugula lehen olatutik eta hotzak eta zamatsuak igartzen ditugula. Arima hotzago daukagula begitantzen zait. Lehen kolpe hartan hain ginen harrituta, hain tokiz kanpo, hain arraro, inkontziente, inozo. Zirrikituetatik sartu da birusa, etxean, lanean, lagunartean, kalean... orain ja denok ezagutzen dugu birusa oso-oso gertutik. Batzuek dagoeneko hiruzpalau itxialdi daramatzate etxean sartuta. Beste askori gelaren isiltasunean birusaren sintomek baino min handiagoa egiten die erietxean bakarrik eta gaizki dagoen senitartekoaren bakardadeak. Baina min eta egonezin horietarako neurririk ez da entzuten albistegietan. Hori beti gerorako uzten da. Eta gero berandu izan daiteke, maskaren azpian itzali egin garela eta eskuetako azala gastatuta daukagula kontura gaitezkeelako gero.