Amagoia Mujika
IRITZIA

Sendatzeko eskubidea

Nik ez dut ezer esan berrogeita hamaika urtean. Hamabi urte nituela arazo bat izan nuen gizon batekin, zubiaren bestaldean. Jolasean ari nintzen hor goian, Erreizabalen, eta gizon batek bortxatu egin ninduen. Oraindik ez neukan hilekorik, garaia nintzen, neska izateko handia, hamabi urterekin. Etxera joan nintzenean gurasoek egundoko sustoa hartu zuten, batez ere aitak; gizonaren bila atera zen korrika».

Uxue Alberdiren “Dendaostekoak” liburuko narratzaileetako baten kontaketa da. Egiatakoa. Hain suabe kontatzen du, hain normal, bitan irakurri behar izan bainuen pasartea benetan kontatzen ari zena bortxaketa bat zela konturatzeko. Liburuaren 127. orrialdean gertatzen da hori. Ordurako, irakurleak badaki emakume askea dela, New Yorkeko maratoian parte hartu duela, munduko tontor garrantzitsuak ibili dituela lagunekin, ezkonduta dagoela, ama dela, lagunekin parrandan ibiltzen dela, korrika egitera joaten dela eguerdietan, liburu mordoa irakurri dituela, egunero ardo pare bat hartzen dituela ahizparekin lana bukatuta. Bizitza bat josi duela, bere zulo, tarratada eta puntillarekin, bizitza guztiak bezala. Bere lagun eta ezagun askok orain jakin omen dute duela berrogeita hamaika urte gertatu zitzaiona. Batzuk isilik geratuko ziren, beste batzuek «ze nezesidade» pentsatuko zuten. Berak kontatu egin nahi zuen eta kontatu egin du.

«Berrogeita hamar urte izango dira ordutik. Udaleku batean, ez dio axola non... Niri axola zaidana da gaur egiten ari naizen ariketa honetan, beste noizbait egiten saiatu naizen honetan, oraindik dardarka ditudala eskuak. Izan ere, gaur da eguna, urte askoren ondoren, hau, nire bizitzan geroztik gertatu den guztia, amets bat dela eta bizitza hura dela uste dudana. Eta beldur naiz amets honetatik esnatu eta zazpi urteko neska hura izango ote naizen, hormari itsatsita. Amarekin telefonoz hitz egin nahi zuen neskatila hura, udaleku haietan pozik ez zegoelako...». Maddalen Iriartek ere berrogeita hamar urtera kontatu du ahots goraz. Eta gure begietan agertzen da profesional puska, politikari ausarta, lorratz sakoneko emakumea. Begitantzen zaigu ondo bizitako bizitza bat bere begietan, bere zulo, tarratada eta puntillarekin, bizitza guztiak bezala.

Eta zenbat gustatzen zaidan eraso matxista latz bat pairatu eta gero bizitza bizitzeko indarra izan duten emakumeak agertzen zaizkigunean begien aurrera. Badakit asko direla, baina gutxitan ikusten ditugu. Normalean kontatu nahi digutelako bortxatua den emakumeak lurrera begira ematen duela bizitza, gertatu zaion izugarrikeriaren pisua bizkarrean. Bortxaketa bat ikaragarria da, baina sendatzeko eskubidea exijitu behar da, beste zauri asko bezala. Bortxaketak baimentzen dituen jendarteak hori zor die emakumeei.