JOKIN URAIN
IRITZIA

Oinatzak elurretan

Abendua aurrera, Gabonak hurbil, beste urte baten amaia... Batzuei, asfaltoan, itzuliko ez diren garaien oroiminez, haurtzaroko paisaiak eta egun haiek ekartzen dizkigute gogora. Bazuten gozotik. Elurra ere Gabonekin lotzen genuen eta, egiten bazuen, atarira ateratzen ginen presaka, gauetik goizera egindako elur berritan gure oinatz txiki edo handiagoak markatzera, hoztuta atzera supazterrera itzultzeko.

Geroago etorri ziren Gabonak ez gustatzea, Gabonak igarotzeko etxera etorri ordez Gabonak igaro arte etxera ez beste nonbaitera joatea, moderno edo ez-burges edo ez dakit-zer izatea eta beste hainbat sentitzeko modu eta joera. Baina joera horiekin guztiekin ere jarraitu dugu gureen hutsunea nabaritzen eta haien etxeratzea urte sasoi honetan sentipen bereziz aldarrikatzen.

Urte asko daramatzate senideek, bizitza osoa batzuek, Gabonetan ere etxekoekin elkartzeko etxetik urruti joatera kondenatuta. Eta haientzat elurra ez da atarian jolastu ahal izateko gauetik goizera agertu den paisaia ederra, senideekin elkartzeko errepideak oztopoz eta arriskuz trabatzen dituen mehatxu ankerra baizik.

Aurreko hilabeteetan, astez aste iragarritako mugimenduekin, Euskal Herriratu dituzte preso batzuk, Euskal Herrira hurbildu dituzte beste batzuk... Hamarkadaz hamarkada luzatu duten gorrotozko espetxe politika, urrunketa eta sufrimendu erantsia apaltzeak edo amaitzeak behar luke izan albiste egunkarietan, ETBn... Baina badirudi lehengo lepotik jarraitzen dutela batzuek, epaileen zaindari ere izan nahian, beharbada, edo epaien jarraipena egiteko fiskaltza lanean tinko. Badirudi ezin dutela jasan presoen eta senideen sufrimendua arintzea, ezin dietela eskubiderik ere onartu.

Bestela ez da erraz ulertzen presoren bat espetxez aldatzen edo Euskal Herrira ekartzen edo hurbiltzen duten bakoitzean, preso horren sumarioak, epaiketak eta zigorrak berritzeko eta berrezartzeko komunikabide batzuek duten afana. Euskal presoren bat Euskal Herrira ekartzen edo hurbiltzen dutenean, zitalkeriaz ezarritako espetxe politikaren apaltzeak izan behar luke albiste, hilabeteetan ikusi ez dituzten guraso edo seme-alaba txikiekin bisitak egin ahal izango dituztela. Garaia baita, behingoz!

Garaia baita, behingoz etxera zaitezten, Joanes; eta Gabonetarako balitz hobe, datorren urtean baino aurten nahiago, errepideetan gabe etxeko atarian egin ditzagun elurretan oinatzak.