Amagoia Mujika
IRITZIA

Arrain buruak

Nola banatu oilasko bat? Etxe honetan, oilaskoaren atalak aukeratzen azkena ama da. Bere txanda iristen denerako, hegalak baino ez dituen hezurdura da hainbeste mimoz erretako oilaskoa. Aita eta seme-alabak aurreratu zaizkio: haienak dira izterrak eta bularkiak. Amak etsipenez irentsi ditu hegaltxoak. Eta hala egin du urteetan, kexarik agertu gabe». Eider eta Arrate Rodriguezen “Oilasko hegalak” album ilustratuaren laburpen hori irakurri eta barre egin dut. Barre egin dut aspaldidanik defendatzen dudan teoria bat indartu egin dela sentitu dudalako. Barre egin dut oso-oso ondo ulertu dudalako zeri buruz ari diren. Berez, indartu zaidan susmoa, ustea, ez da barregarria. Negargarria da berez.

Arrandegira joan eta arrain-saltzaileak arrain burua ere nahi ote dudan galdetzen dit beti. Eta galdera horrekin, derrepente, hamar urte nituen garaira egiten dut ihes. Amonak arrautza-irinetan pasatako arrain erretilu handia ateratzen zuen mahaiaren erdira. Ia denek segituan arrantzatzen zuten tenedorearekin arrain trontzo mardula. Amonak beti burua jaten zuen, hezurrak kontu handiz maneiatuz. «Amona, zergatik jaten duzu beti arrainaren burua?». «Gustatu egiten zait». Gure amak ere beti arrain burua jaten zuela konturatu nintzen gero, hari ere gustatu egiten omen zitzaion. Eta nik pentsatzen nuen aldrebesak zirela amona eta ama, arrain trontzo eder bat dagoen tokian...

Duela urte batzuk nire susmoa bota nion amari. Amonari dagoeneko ezin diot esan. «Arrain burua jaten duzu besteei, senarrari, seme-alabei, anai-arrebei, bilobei... trontzoak uzteko, puska ederrenak uzteko». Ez zidan ezetz esan. Arrain burua oso parte zaporetsua dela eta dagoeneko ez dela gogoratzen zergatik aukeratzen duen hori.

Arrandegian ere bota dut nire teoria, amak eta arrain buruak hain estu lotzen dituena. Batek esan dit bere senarrari ere izugarri gustatzen zaiola arrain burua, beti senarrak jaten duela. «Baina lehendabizi arrain trontzo eder pare bat janda, ezta?». «Bai, hori ere egia da». Beste batek esan dit bere etxean ere estimatua dela arrain burua eta feminismoarekin pixka bat «pasatzen» ari garela. Arrandegia oilategi bihurtu da konturatzerako, denak aztoratuta, arrain buruaren bertuteen defentsan. Eta bai, arrain buruarekin bueltatu naiz etxera. Ez dago txarra.

Emakumea besteen beharrak asetzeko hezia izan da. Garbi, txukun, neurritsu eta umore gozoan ingurukoen beharrak, pozak, tristurak eta minak jaso, tolestu, lisatu eta dagokien tiraderan gorde. Historia errepikatu egiten da belaunaldiz belaunaldi. Maitasunaren amarruak funtzionatzen segitzen du. Tira, garrantzitsua da gutxienez horrekin konturatzea.