Amagoia Mujika
IRITZIA

Kosk

Urteari lehen koska egiteak badauka erritualtasun berezi bat. Pastel biribil perfektu bati lehen pusketa moztea bezala da; elegante egin nahi duzu, baina, askotan, okerka ateratzen da, labana kamutsa delako eta eskua urduria. Auskalo nolakoa izango den 2021eko pastela.

Koronabirusa, itxialdia, pandemia, distantzia soziala, immunitatea, musukoa, txertoa, asintomatikoa, etxeratze-agindua, mutazioa, bideo-deia, eskola telematikoa, telelana... zenbat hitz berri eta zein zorrotzak. Horiek denak jasoko dituzte historia liburuek 2020. urteari buruzkoak aipatzerakoan. Baina bada historia liburuetan jasoko ez den beste hitz mordoa.

Beldurra. Egoera ez kontrolatzeak sortzen duen ikara, zapaltzen duzun lurra dardaraz sumatzearen bertigoa. Ez dakizu zer pasa daitekeen bihar; kutsatuko zaren, norbait kutsatuko duzun, nola astinduko zaituen birusak, zer-nolako ondorena ekarriko dizun. Akaso horregatik ikasi dugu gehixeago orain eta gaur bizitzen, planak ez egiten, egoerak gozatzen.

Ikasketa. Ikasi dugu etxeko eskailerak kontatzen, eguzki orduak ahalik gehien gozatzen leiho eta balkoietatik, bizilagunaren izena ikasi dugu batzuetan, loak hartzeko trukotxoak ere ikasi ditugu, maite ditugunen hutsunea sumatzen ikasi dugu, besarkaden beharra izaten, muxuak dastatzen...

Mina. Iltzatuta daukat martxoan bertan nola deskribatu zuen lagun batek bere amaren heriotza. Nola «astronauta jantzita» agurtu behar izan zuen egun pare bat lehenago lagunekin kafesnea hartzen ari zen emakume osasuntsu eta alaia. Askotan etortzen zait burura zainketa intentsiboetako unitatean 60 egun daramatzan lagun horren irudia. Akituta egongo dela pentsatzen dut, kostatu egingo zaiola berriz zutik jarri eta ibiltzea, aurrera eta atzera enkarguak egiten aritzea goiz guztian, berari gustatzen zaion bezala, honekin eta harekin hizketan.

Zaurgarritasuna. Pentsa zein txikiak eta hauskorrak garen, gure begientzat ikusezina den birus txatxu batek hankaz gora jarri gaituela. Apaltasun astindu eder bat. Zaurgarriak gara eta zaurituta gaude, 2020a gainetik pasatu zaigun traktore astuna izan baita. Zauriak orbandu eta orbainak ahaztu gabe bizitzen asmatuko bagenu, kaltetan ez.

Martxoko itxialdia baino lau egun lehenago festa handia egin genuen urtebetetze txiki bat ospatzeko. Bi urte. Sagar tarta ederra egin zuen amonak. Gu kantari eta argazkiak ateratzen ari ginen bitartean, zuk, aitonaren magalean eserita, tartarentzat baino ez zenituen begiak. Konturatzerako eskuarekin hartu zenuen behar zenuen pusketa, ez laban eta ez ezer. Pentsatu dut horrela gozatu nahi dudala 2021a; ahal bezala egin nahi diot kosk.