ESTANPAK

Begirada soziala

Hiru hiri, beste hainbeste ikusmira. Donostia, Gasteiz eta Bilbo. Horiek batu ditu Euskadiko Arkitektura Institutuak. Jon Cazenave, Oskar Alegria eta Aitor Ortizen kameren objektiboetatik, 30 irudiz osatutako erakusketa bat eratu dute, Donostia, Gasteiz eta Bilboko hamarna irudirekin. Horiek hiri bakoitzaren izaeraren berezko alderdiak agertzen dituzte, sarritan gure begiradetatik ihes egiten dutenak. Hogeita hamar postal denera, eta, atzealdean, Euskal Herriko hainbat sortzailek idatzitako testuak; horien artean, Rafael Moneo, Ruper Ordorika, Karmele Jaio eta Bernardo Atxagarenak. Proiektuak, halere, bere bidea urratu du nazioartean, esaterako, Bogotan, Venezian eta Dohan. Erakusketa Institutuaren egoitzan, Donostiako Santa Teresa komentuan, dago ikusgai, datorren apirilaren 25era arte.