JOKIN URAIN
IRITZIA

Herrera de la Mancha

Urteetako historiagatik edo gertakari bereziengatik, izanaz gainera izen txarra irabazi duten lekuak badira espetxeen labirintoak euskal preso politikoentzat marrazten duen geografian. Soriako espetxea, Carabanchel, Puerto, Herrera de la Mancha... eta zerrenda luze samar bat horien ondoren.

Espetxeen labirinto horretan, 1980ko ekainean eraman zituzten Herrera de la Manchara lehen euskal preso politikoak, eta 1983ko udazkenean orduko euskal preso gizonezko gehienak. Sasoi hartan gainerakoak Alcalan zeuden batik bat, eta andrazkoak, Yeseriasen. 1987an, Felipe Gonzalez Madrilen gobernuburu, Jose Antonio Ardanzak Gasteizen zenbait aburu... presoen sakabanaketa eta urrunketa erabatekoa prestatu zuten, eta sakabanatu eta areago urrundu gintuzten, gure mesedetan, haien esanetan.

Yeserias hustu zuten, Carabanchel hustu eta eraitsi zuten, Alcala batzuetan euskal presoz hustu eta bestetan bete. Espetxe berriak eraiki, haietara ere euskal presoak eraman, uharteetaraino... Herrera de la Mancha ia hustu zuten euskal presoz, baina ez guztiz; lehen urte haietatik gaur artean etenik gabe eduki dituzte Herreran euskal presoak.

Sekula gehiago ez itzultzeko gogoarekin kaleratuta alde egin ondoren, Herrerara lagunak bisitatzera joan nintzen azkenetako aldi baten akordua datorkit. Manzanaresko ostatura iritsita, afaritan eseri, eta alboko mahaian Ardanza, 1987an presoon sakabanaketa bultzatu zuen berbera, emaztearekin. Afaria amaitzen ari ziren; andrea garagardoa-edo edanez, eta gixona, botila ardoa azkenetan, erdi berdoztuta itxura batera.

Begi zeharka jarraitu nion mahaitik jaikita logeletara bidea hartzen; hamar minutu igaro gabe, geletatik jaisten azaldu ziren atzera, txakurtxo bat besoetan, eta kalera atera ziren, aberea paseatzera antza. “Euskal Heren bateko lehendakari izana, euskal preso politikoen azken sakabanaketari hasiera eman zioten lekura etorrita”, pentsatu nuen haren piura patetikoari begira.

Euskal presoen suntsipenerako aukeratutako lekua eta prestatutako espetxea izan baita Herrera de la Mancha, eta ez du borroka eta sufrimendu gutxi eragin. Orain, berrogei urteren ondoren, agur egin diozue leku madarikatu horri, Sergio, eta euskal presorik sekula berriz hartu gabe berdindu ditzala lurrak horma horiek eta inguruko burdin hesiak.