Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Kantatzea ez da delitu

Garai gogorrak kulturarentzat. Pandemiaren aurkakoa ez ezik, bestelakoa ere izan da kultura-sektoreak aurre egin behar izan dion (eta aurre egiten jarraitzen dion) erauntsia. Programatutako hainbat kultura-ekimen bertan behera geratu dira eta itotzera bidean doa sektorea.

Lerroon azpian doan irudia Nantes hirian hartutakoa da, Estatu frantsesean. Kultura-eragileek egindako protesta baten argazkia da eta etzanik dagoen emakumeak daraman afixa, esanguratsua: “Laissez moi chanter”. Utzidazue kantatzen.

Ez dira betiko garai onenak, ez kantagintzarako, ez zuzeneko kulturbideetarako. Are gutxiago, pentsamendua partekatzeko, kartzelarako bidea zabaldu baitiote berriki Pablo Haseli, adierazpen askatasunagatik.

Pandemiaren gorabeherek zuhur jokatzera eraman dute gizartea, badaezpadako neurriak ezartzera, bakardade sozialera, harremanak neurtzera, etxeko isolamendura, PCR probetara, gel hidroalkoholikoa egunean hamaika aldiz erabiltzera, musukoa aurpegian itsastera, ostalaritzaren inguruan mamuak sortzera, maitasun keinuak eskertzera, malkoekin adiskidetzera... eta abar luze eta askotariko bat. Gogoeta erauntsi bat. Baina, jakina denez, kantatzen ez duenak zorionik ez du eta kantatzen duen herria ez da inoiz hilko. Beraz, berotu eztarriak, kantatzea, oraingoz bederen, norberaren etxean ez baita delitu.