Gurutze Anduaga

Ilargi Urte Berria, emakumeen begietatik

«Tet», Vietnamgo festa handia. Urteko zitarik esanguratsuenetakoa. Ohiturak eta molde berriak nahasten dira. Emakumeek badute zeresanik. Tradizioa beren zainetako odoletik ere igarotzen da. Ondorengotzaren erronka ez da gizonezkoena bakarrik. Honatx, dragoiaren dantzaren prestaketa lanak, Ilargi Urte Berriarekin batera eskaini aurreko egunetan.

Argazkiak: Manan Vatsyayana | AFP
Argazkiak: Manan Vatsyayana | AFP

Egunean zehar, Le Yen Quyen-ek farmazialari gisa lan egiten du Vietnamgo Mekong-en deltako klinika batean. Gauez, lehoiz mozorrotzen da metalezko zutoin baten gainean dantzatzeko. Ilargi Urte Berriko jaien aurreko entrenamendu lanean ari da.

Quyen, 27 urtekoa, Tu Anh Duong Lehoia eta Dragoia Dantza Konpainian sartu zen lehen emakumeetako bat izan zen. Dantzariek animalia horien mugimenduak imitatzen dituzte zorte ona erakartzeko eta espiritu gaiztoak uxatzeko. Gauero hegoaldeko Can Tho hirian, Tet-ean, Vietnamgo Urtezahar gaueko jaian, burutuko dituen akrobaziak hobetzeko entseatzen du.

Entsegu guztietan laguntzen duen alaba gazteak alde batetik begiratzen dio. «Lehoien dantzan trebea izateko, pazientzia izan behar duzu eta arriskatu egin behar da», dio Quyenek. «Hasieran oso zaila zen. Eskuak eta oinak erabat minduta izaten nituen», gaineratu du.

Dantza errutinaren erdian 21 metalezko zutoin daude; batzuek 2 metrotik gora neurtzen dute, eta dantzariek batetik bestera salto egin behar dute bizitzan gainditu behar diren garai zailak sinbolizatzeko. Horien guztien gainetik beste zutoin bat dago, 7 metrokoa, lehoiaren dantzaren biraketa konplexuak erakusteko azken «urratsa».

Zailegia emakumeentzat? Taekwondoan gerriko beltza zuenez, Quyen jada nahikoa arina eta indartsua da dantza honetan bikain aritzeko. Mendeetan zehar Vietnamen eta Asiako beste zenbait lekutan egin da dantza hau, baina gehienetan gizonezkoak izan dituzte buru.

Taldean sartzeko, bertako komunitatearen erresistentziari aurre egin behar izan zion, emakumearentzat zailegia zela argudiatzen baitzuen. «Harro nago beste neska batzuk inspiratu dituen pertsona izateaz», azaldu du, konpainian hogei emakume daudela gaineratuz. Erreferente hori dute orain emakume gazteek eta horren adibide da 17 urteko Luu Thi Kim Thuong-en kasua, lau lagunekin batera izena eman zuena, altuerek beldurra eman arren. «Hasieran beldurra nuen eta ezin nuen leku altuenetaraino igo. Baina, pixkanaka, gero eta gorago joan nintzen», esan du Thuongek.

Egunero bizpahiru orduko entrenamendu saioak egiten dituzte, dantzari guztien arteko lotura artistikoa estuagoa izan dadin. «Funtsezkoa da horrelako kirol zorrotz baterako», gaineratu du. «Komunikatu, elkar ulertu, behar dugu. Zerbait gaizki badago, gutako batek ozen esan behar du, elkarrekin landu ahal izateko».