Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Langile klasea

Garrasika eta korrika bizian ikusi dut kalean gora, lan-jantzia soinean. Kamioiarekin banaketan ari zela, gidariaren leihoa erdi irekita utzi du eta handik kendu dio gizonezko batek motxila. Ostirala, kobrantza eguna, zorroan diru dezente. Atzetik joan da korrika, ez du lapurra harrapatu, baina bidean errenditu eta motxila lurrera bota du ihesi zihoanak. Gorputzaldi txarra geratu zaigu langilearen larritasuna gertutik ikusi dugun guztioi.

Lapur txikiak langile txikiari lapurtzen dio, ahal duenari. Zer lapurtua ugari eta hanpatsu dutenek ondo zainduak dituzte aberastasunak. Zailagoa da haiei lapurtzea. Gure aitonak esaten zuen behin lapurtzen hasita milioiak eta milioiak lapurtzeko, lapur handiak ez direla askotan kartzelara joaten. Txanpon gutxi batzuk lapurtzen dituena, berriz, egon seguru harrapatuko dutela.

Beharra duena beharginari lapurtzen ikustea tristea da. Bizi dugun jendartearen seinale? Azkenaldian langile klasea zartatzen ari dela iruditzen zait. Gero eta errazago sumatzen ditut langileak langileen kontra gaizki esaka, parekoari begira egonezinak eta haserreak baretzen. Prekaritateak hari batetik zintzilik dauzka gero eta langile gehiago. Ez da burua hotz mantentzeko jarrera onena, baina ez ote dugun norabide okerrera begiratzen... Prekaritatearen oinarria langileak zintzilik dauzkan soka horren goiko partean dago. Pareko soketan –goraxeago edo beheraxeago– daudenak beharginak dira, langile klasekoak denak.

Bizitzeko lana egin behar duena langile klasekoa da eta bere indar nagusia horixe da, klase horretakoa izatea eta batzeko gaitasuna izatea. Borroka kolektiboaren parte izatea eta duintasunaren alde borrokatzeko grina izatea. Baina klase kontzientzia lausotzen ari da. Langile otzanak komeni zaizkion sistema kapitalistak majo egin du lan horretarako. Norberaren arazoak norberarenak direla oso barneratuta daukagu, norberak atera behar dituela babak eltzetik. Porrotak eta arrakastak pertsonalak eta indibidualak direla sinistarazi digute. Langilea bere bakardadean, langile klasekoa dela ahaztuta, borroka kolektiboa alboan utzita.

Pandemiaren larrian, beharginak eusten ari dira; supermerkatuko langile ikusezinak, errepidean bizi diren garraiolariak, besteen zikina garbitzen duten garbitzaileak, etorkizuneko herritarrak prestatzen dituzten hezitzaileak, guztion osasuna zaintzen duten osagileak, jendartea informatzen duten kazetariak, mundu hobeak kantatzen dituzten musikariak, zer pentsatua ematen diguten aktoreak, pastelak egiten dituzten gozogileak, jantziak josten dituzten jostunak, behar duena zaintzen dutenak... Denak hain desberdin eta hain gertuko, denak langile klasekoak, bizitzeko lan egiten dutenak. Ez genuke ahaztu behar.