Jon Lopetegi
ESTILO ETA ABANGOARDIA BERRIEN ERNATZEA

Lur azpiko pop musikaren eztanda

Getariako laborategi magiko batetik Iruñeko Nebula tabernara. Talde gazteak dira, pentsamolde irekia dute, eta estiloak nahasten dituzte. Euskal Herriko musika independenteak gora egin du eta, nork daki, agian eztandaren atarian gaude.

Osasun krisiaren aurretik, Melenas taldeak ibilbide meteorikoa izan du: bi disko berri eta nazioartean hainbat hitzordu. Argazkia: Maria Capastrobist
Osasun krisiaren aurretik, Melenas taldeak ibilbide meteorikoa izan du: bi disko berri eta nazioartean hainbat hitzordu. Argazkia: Maria Capastrobist

Musika talde bat osatzeko modu asko daude. Paulak Trintxerpeko Mogambo aretoan ezagutu zuen Aritz. Underground eszenako ohiko susmagarriak ziren, eta Arrotzak taldeko liderra da Aritz. Finean, punk musikak, DIY filosofiak eta kimika musikalak batu zituzten. Paula Estevezek eta Aritz Aranburuk osatzen dute Oki Moki, Estatu Batuetako edozein txokotan jaioa izan zitekeen baina laborategia Getarian duen taldea. Bikotearen etxean musika konposatu, grabatu eta forma ematen diote. Diseinuaz eta alderdi estetiko guztiaz ere arduratzen dira, Paula ilustratzailea baita. Bi disko kaleratu dituzte euren kabuz, 2017ko “Ocean Breeze” eta aurreko urtean, “Working Class Pop”. Taldearen Bandcamp-ean jarraitzaile baten iruzkina nabarmentzen da: «Uste dut talde honek petatuko duela».

Punka, post-punka, garaje ukituak, popa, lo-fi, doinu modernoak... Estiloak adarkatu egiten dira haien kantu berrietan. Ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz abesten dute. “Intzak Higatik” kantuak albuma ixten du. Ereserkia da, bai hemen, baita Taipein ere. «Herrialde honetan pop terminoarekin dauden aurreiritziak hautsi nahi ditugu. Izenburua sentimendu negatibo horren kontrapuntua da», azaldu du bikoteak. Gaztetxeetan eta Estatuko tamaina txikiko aretoetan dabil Oki Moki. Komunikabide espezializatuetan goraipatzen dute bikotea. Arrotzak eta Oki Moki, txanpon beraren bi aldeak. Bata punka, bestea melodikoa.

Euskal Herrian badaude antzeko bidea hartu duten hainbat talde. Gehienek ez dute ohiko komunikabideetan leku nabarmenik, baina “lur azpian” eta sare sozialetan oihartzuna handia da. Vulk bilbotarrak oin bat Manchesterren jartzen hasi ziren, Joy Division-en itzala luzea baita. Zuzenekoek musikaren mapan ezarri dituzte. Zirkuitu alternatiboetan haiei buruz hitz egiten da une oro. Skin estetika lantzen duen frontman bat dute, eta boxeolarien moduan agertokian mugitzen da gantxo zorrotzak esker-eskuin astintzen. Nondik atera da mutil hori? Elsa Records zigiluak, Dabadaba aretoari lotutakoak, berehala bota zuen amua. Talde hasiberrien jaialdi batean deskubritu zuten 2016an, eta kontzertu harekin liluratuta geratu ziren. Kontzertu frenetiko bezain kaotikoa izan zen hura, labana zorrotz batek airea moztu izan balu bezala. «Flipatuta geratu ginen. Lehen aldiz ikusten duen orok flipatzen du Vulkekin. Hori hala da», baieztatu du Elsa Recordseko arduradun Alex Lopez-Allendek.

«Before It 's Vanished» lanarekin kritika bere alde jarri du Rudiger-ek, rockaren iragana eta oraina uztartzen dituen abesti sortarekin. Argazkia: Thea Guerin

 

Galdera nahitaezkoa da. Noiz emango du Vulkek aurrerapausoa? Talde bizkaitarrak publiko handiagoetara jauzi egiteko ahalmena du. Azken boladan eskaini dituen kontzertuetan argi geratu da. Ingelesa albo batera utzi ondoren, euskaraz ari dira, non Itoizen abesti bat berreskuratu eta beren egin duten. «Eroso sentitzen naiz eta gusturago abesten dut. Gure hizkuntza da», aitortu zuen Andoni Egiluz abeslariak joan den abenduan Dabadaban eman zuten emanaldiaren ostean. Aretoa leporaino bete zuten. Bi saioetan. Giroak arrakasta usaina zekarren. Vulken hirugarren diskoa euskara hutsean izango da eta aurten bertan kaleratzea aurreikusten dute.

Sara Zozaya donostiarra salto egiteko prest dago. Hogeita bost urte ditu. Intxaurrondo Kultur Aretoa berriki bete zuen. 2020ko Gaztea sarietan finalista hautatua izan da, bakarlari edo talde berri onenaren sailean. Sararen kasua bitxia da: 2017an pop komertziala lantzen zuen Nerabe taldea osatu zuen, baina kritika eta publikoa poltsikoan sartu ditu bakarlari gisa. Bere musikak bokazio minoritarioa dauka. Intimoa eta minimalista da; ez da batere erraza haren estiloa hitz gutxitan definitzea. «Proiektu honetan egiten dudan musika oso erreala da eta hori da jendeari iristen zaiona», esan du Zozayak. «Batzuetan nahasgarria izan daiteke, baina hain zintzoa da transmititzeko ahalmena duela. Gustatzen zaionari asko gustatzen zaio».

Momentuz, bi EP kaleratu ditu “I” eta “II” izenburuekin, 2018 eta 2020an, hurrenez hurren. Autotuneari ez dio uko egiten, biolina edo gitarra elektrikoak naturaltasunez erabiltzen dituen bezala. Belaunaldi berri horren pentsamoldea irekia da. Sara Zozayak egin duen ibilbidea, beraz, oso heterodoxoa da: hip-hop musikarekin hasi zen, metala ondo ezagutzen du, eta gaur egun dream pop moduko baten estilora abiatu da. «Musikak orokorki dauzkan elementuak ez erabiltzea hautu bat da, baina beharrezkoa da, nire ustez, planteamendu orokor bat izatea. Musika da tresna horien guztien batura, eta horregatik ez dut aurreikusten ezeri ezezkoa esatea», azaldu du artista donostiarrak.

SUA bezalako taldeek 80 eta 90eko hamarkadetako formulak (post-punka, indie-rocka) eguneratzen dituzte gitarren laguntzarekin. Argazkia: Irati Etxeandia

 

Joan den abenduan Ana Arsuaga tolosarrari (Serpiente eta Mazmorra taldeetako kidea) bere bizitzako hamar disko kuttunenak izendatzeko eskatu zioten “Mondo Sonoro” aldizkarian. Hasiera batean, hautapena deigarria da dakarren eklektizismoagatik. Zerrenda ezin da martzianoagoa izan: kolore eta garai ezberdinetako euskal musika gustatzen zaio (Antton Valverde, Hertzainak, Mikel Laboa...), Lole eta Manuel-en flamenkoa, Antonio Vega, indie anglosaxoi garaikidea entzuten du (Cate Lebon, BADBADNOTGOOD)… Denetarik.

Bilbon bizi den musikari eta margolaria Verde Prato izeneko proiektu pertsonalarekin ari da azkenaldian. Inolako lotsarik gabe esperimentaziora jo du, soilik bere ahotsarekin eta teklatuak lagunduta. «Era naturalean entzuten dudan musika ezberdinetatik elementu solteak hartzen ditut inspirazio-iturri moduan, eta zentzu horretan eklektizismo hori nabari daiteke nire abestietan», laburbildu du Arsuagak. Emaitza fantasia hutsa da, doinu esoteriko eta misteriotsuak eskaintzen ditu, beste mundu batetik etorriko balitz bezala. Verde Pratoren helburua ez da entzulearen emozio eta sentsazioak piztea; ideia, hain zuzen ere, alderantzizkoa da; «momentu batean sentitu dezakedan emozioa ahots eta musikaren bidez lantzea, baliabide horiek dituzten legeetara egokituz». Euskaraz abesten duen arren, errusiera erabiltzen ausartu da “Ostatnia Niedzela” tangoan. Lagun arteko kantua da sare sozialetan erakustera eman duen single berria.

Giro urbano eta iluna, ukitu elektronikoak. Musika gordina eta garratza da. Asfalto usaina dario. Eta ortodoxia ekiditen dute. Merina Gris dute izena. Argazkia: @dueloduelo

 

Bizkaia (eta Gipuzkoa) maitea. Zabala-ren ambient minimalista; Unai izeneko bakarlari gaztetxoaren doinu kaliforniarrak, gure Kevin Morby; Marlan getxoztarrak eta haien 80s popa… Adibideak ugariak dira Bizkaian, Euskal Herriko pop musika independentearen harrobirik emankorrenean. «Mungia inguruan eszena polita dago eta talde berri asko ari dira sortzen. Egia da 90eko hamarkadako rock musikan sarrarazi gaituztela, baina asko edaten dugu euskal musikatik, Itoiz, Hertzainak, Delirium Tremens, Berri Txarrak… Guretzat garaikideagoa den Vulkek ere eragina izan du egiten dugun musikan». Belako taldeko Josu Ximun Billebabeitiak Lukiek taldean parte hartzen du. Gitarra jotzeaz gain, abeslaria ere bada. Mungiako hirukoteak zarata, melodia eta XX. mende bukaerako izpiritua bereganatzen ditu. Gitarra doinu altuak gailentzen dira.

Rock alternatiboaren erakusgarri den Lukiek “# 1” lanarekin estreinatu zen 2019an, eta Dinosaur Jr. (“Vanpiro zara orain”) edo Pixies (“Automata”) bezalako taldeak gogora ekar ditzake. Billebabeitiak Radiohead goraipatzen du. «Onegiak dira, ezingo nuke hitz gutxitan deskribatu zein onak diren». Sara Zozayak bihotza seinalatzen badu eta Verde Pratok burua, Lukiek-en abestiak zuzenean doaz bularrera, bere garaian Berri Txarrak-ek egin ohi zuen modura. Edo gaur egun Vulkek, baina ezaugarri ezberdinekin. «Efektu zuzen bat lortu nahi dugu entzulearengan. Hori lortuko ez bagenu, ez genuke musikarik argitaratuko, ezta zuzenekorik egingo ere. Guk egiten dugun musikara ohituta dago jendea. Gure kodeak ulertzen ditu, gure estiloa ez baita berria. Erraza da efektu hori sortzea».

Musika urbanoak txoko guztiak zipriztintzen dituen une honetan, rocka 30 urtetik beherakoentzat hizkuntza baliagarria dela aldarrikatzen dute. Bost axola zein den irratian gehien entzuten den musika, eurenari eusten diote mungiarrek. Maruriko SUA, Donostiako Tenpera edo Zestoako Ezpalak taldeekin antzeko fenomenoa gertatzen ari da. 80 eta 90eko hamarkadetako formulak (post-punka, indie-rocka) eguneratzen dituzte gitarren laguntzarekin.

Sara, Julen eta Paskalek Merina Gris taldea osatu dute. Donostiatik datoz eta “Besteek zer” kantuarekin atentzioa ematea lortu zuten joan den urtean. Giro urbano eta iluna, ukitu elektronikoak. Musika gordina eta garratza da. Asfalto usaina dario. Eta ortodoxia ekiditen dute. “Besteek zer esango zain zaude, ta ni zure zain nago / Ikusteko ea benetako gezur bat zaren”, mezu introspektiboa azpimarratzen dute errepikan. Izaroren telonero izateaz gain, kantautore bizkaitarra izan dute bidelagun “Esan zenidan” bideoklipean. Kasu honetan autotunea lehen planoan jartzen dute eta hirukotearen aurpegi sentikorra ezagutarazten du. «Berarekin hitz egiten, askotan komentatu digu modelatzea asko gustatzen zaiola, eta guk atsegin dugu nola egiten duen. Azal baterako, taldekidea ez zen norbaiten aurpegia behar genuen, eta horrela sortu zen bideokliparena. Oso gustura gaude emaitzarekin, lagunekin lan egitea oso pozgarria baita», esan dute.

Sara Zozaya saltoa emateko prest dago. 2020ko Gaztea Sarietan finalista izan da. Nerabe taldearekin pop komertziala egin ondoren, kritika eta publikoa poltsikoratu ditu bakarlari gisa. Argazkia: Maria Muriedas

 

Beren musika “pop zakar” gisa definitzen dute. Pop zakarra? «Estilo konkretu batekin lerrokatzeko baino, sonoritate bat deskribatzeko erabiltzen dugu; gure sonoritatearekin, hain zuzen. Zakartasuna, goxotasuna, biolentzia eta tankerako ezaugarriak musika korronte konkretuei lotuta agertzen dira askotan, eta guk hori beste modu batera ulertzen dugu. Sonoritatea gauza bat da, eta artistaren asmoa beste bat, askotan dagozkion klixeekin zerikusirik ez duena».

Urnietako Kyxo taldeak, berriz, indie abesti koloretsuak egiten ditu. «Ahalik eta gehien gozatzen saiatzen gara, bai musikarekin, baita gure bizitzarekin ere. Garai latzak dira aske eta pozik bizitzeko, baina gu horretan gaude, egunerokoan alai bizitzen eta positiboak izaten», azaldu du Enekok, Kyxoko abeslari eta gitarristak. Joan den irailean estreinaldiko EP bat kaleratu zuten aurkezpen gisa Xabier Villena soinu teknikariaren Eclectic Studios-en.

Gazte hartu dute gitarra, behin eta berriz erabiltzen dute autotunea eta dantza egiten dute. Kanpotik ikusita, publiko zabalarengana iristeko ahalmena dutela dirudi. Mutil koxkor hauek mundua konkistatzeko prest al daude? «Nik dakidanez, gutariko inor ez da joan Julian Iantziren programara, baina agian etorkizunean baten bat joango da eta munduaren amaiera konkistatuko du», erantzun du Enekok txantxetan. «Edozein musika edo proiektuk dauka publikoarengana iristeko ahalmena. Gaur egun dauden leiho guztiekin, sare sozialekin, une perfektua bizi dugu horretarako. Jendea gero eta irekiago dago musika berritzailea entzuteko». Momentuz, abestiak grabatzen jarraituko dute eta zuzenekoak emateko aukera badute ez diote oholtzara igotzeari ezetzik esango. «Ekidin ezin duguna da musika sortzea. Nahi gabe sortzen dugu, kreatiboak gara. Kyxeatzen jarraitu nahi dugu!».

Musika urbanoak txoko guztiak zipriztintzen dituen une honetan, rocka 30 urtetik beherakoentzat hizkuntza baliagarria dela aldarrikatzen du, esaterako, Ezpalak taldeak. Argazkia: Josu Torrealday

 

Usopopen labela. Ipar Euskal Herriak Usopop izeneko marka fidagarria du. Argitaratzen dituzten diskoak beti dira interesgarriak eta pop abangoardista ezagutzera ematen dute. Jaialdiaren eta zigiluaren azken aurkikuntza Rüdiger da. “Before It 's Vanished” lanarekin kritika bere alde jarri du, Beatles-etik hasi eta Low-ren musikara bitarte rockaren iragana eta oraina uztartzen dituen abesti sortarekin. Felix Buff bateria-jotzaile ezagunaren (Joseba Irazoki eta Lagunak, Willis Drumnond, Rafael Berrio) bakarkako lehen albuma da. Orain dela urte batzuk Berara mugitu zen. Lehenik eta behin, zer pasatzen da Beran? Zergatik daude hainbeste musikari on? «Nire teoria da zerbait dagoela herriko uretan. Borrokan taldeko abeslariak bere iturburutik ur kantinplora bat eramaten du beti kontzertuetara», dio Felix Buffek.

Rüdigerren arima kreatiboa Usopopeko beste talde batekin osatzen da, Botibol-ekin, hain zuzen. «Elkarrekin bira bat egin izanak zerikusi handia du. Lagunak gara. Diskoa berez korala da eta asko dira albumaren grabaketan parte hartu dutenak. Nire anaia Johannes ekoizle moduan aritu da, Joseba Irazoki, Marina Beheretche, Maia Ibar, Dual Split… Euskal Herrian oso musikari onak daude!», azpimarratu du.

Iruñeko ileluzeak. Andoaingo Bastero Kulturgunearen kanpoaldean bi neska daude petrilean eserita. Oihana eta Laura dira, Iruñeko Melenas taldeko kideak. Kontzertua amaitu berri dute; pandemia dela-eta, lehena hilabete askoan. Atseden hartzen ari dira, garagardo bat eskuan. Sentipen mordoa pilatu da oholtzan. Aretoko argiek kolore biziak zituzten, eta jarraitzaile batek Instagramera igo duen bideoan ohartu dira horretaz. «Bai direla ikusgarriak! Hainbeste denbora geldirik egon ondoren, oso gustura egon gara. Ez zaigu giroa batere hotza iruditu. Pandemiako lehenengo kontzertua Asturiasen izan zen eta hura bai izan zela hotza eta arraro samarra. Espazio handiegia zegoen jendearen artean». Emanaldiak ordu erdi baino ez du iraun, ondoren Pettiren txanda izan baita, Irungo Bloody Mary disko dendaren 31. urteurreneko plater nagusia.

Birusa iritsi arte, Melenaseko lau neskek ibilbide meteorikoa izan dute. Bi disko argitaratu dituzte (homonimoa 2017an eta aurreko urtean “Días raros”), Austineko SXSW jaialditik deia jaso dute, New Yorkeko moda desfilera gonbidatu dituzte, Music Europe Talent Awards 2021 saria irabazi berri dute… Buru-belarri sartu dira indie zirkuituan. Arrotzak taldeko Paula eta Aritz Mogambon bezalaxe, Iruñeko Nebula rock-and-roll tabernan ezagutu zuten elkar Melenaseko taldekideek. Hauek ere ohiko bezeroak ziren. Eta oraindik bertan elkartzen da hiriko rock independentearen funtsezko eszena: Exnovios, Kokoshca, Juarez, Rio Arga, German Carrascosa y la Alegria del Barrio, eta abar. Antzeko ezaugarriak dituzte. Beraiek gazteleraz abesten dute. The Feelies, The Velvet Underground, The Modern Lovers eta, etxetik atera gabe, Los Bichos taldeen jarraitzaileak dira. Denek jo dute Nebulako sotoan. Lanbrotsua da, eta koloretako bonbilla batzuek argitzen dituzte musikariak agertoki txiki batean. Segur aski, Nebula da Euskal Herriko rock tabernarik kitzikagarriena. Edo horrela zen covid-19a agertu aurretik. Ikusiko (eta entzungo) da etorkizunak zer dakarren.