JOKIN URAIN
IRITZIA

Nazioarteko Eguna

Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21 hau, 1966an NBEak aldarrikatu zuenetik. Sei urte lehenago Hegoafrikako Sharpeville hirian apartheid legeen aurka manifestazioan zihoan jendeari tiroka eraso zion Poliziak, eta 69 pertsona erail zituen, eta ehunka zauritu, haur eta heldu, emakume eta gizonezko, diskriminaziorik gabe, narru kolorea salbu.

Gaurkoa Basoen Nazioarteko Eguna da, eta, Nazioarteko Basoen Eguna balitz, ez legoke gaizki. Baina basoak, munduko edozein bazterretako sail handienak bederen, enpresa eta interes ekonomiko handi eta pribatuenak direla ematen du gero eta gehiago. Gutxi batzuen lukurreriaren esku daudela, alegia, guztion ondasun gisa eta denon osasunaren mesedetan izan beharrean.

Down Sindromearen Nazioarteko Eguna ere bada gaur, eta Poesiaren Nazioarteko Eguna, honek ere zerbait merezi zuen eta! Poesiak, dena den, edozein nazioarteko egunek baino sustrai sakonagoak ditu bere zurztasunean, loraldi kuttunagoak ere bai beharbada, eta gehienok jotzen dugu bere bila momentu batean ez bada bestean, bihotzaren ganberako atriletik zerbait esan nahi dugunean.

Nowruzen Nazioarteko Eguna da, gainera, gaurkoa. Udaberriko ekinozioaren eguna da Nowruz. Betirako irauten duen negurik eta betiereko oinazerik ez dagoela gogoratzeko eguna ei da. Lurraren ernalkortasuna eta ereite aroaren hasiera ospatzen dira antzinatik, eta agian ospatuko da geroak irauten duen bitartean.

Marionetaren Nazioarteko Eguna da gaur. Beharrezkoa baitzen egun batean bederen aintzat hartzea txotxongiloak, balitekeelako denok izatea kartoizkoak, bestelako usteak gorabehera, eta azken-azkenean sutan erreta amaitzea izan daitekeelako zain dugun patua, eta errautsak eramango ditu haizeak edo urak, inoren eta ezeren lorratzik utzi gabe.

Haizearen Munduko Eguna ekainaren 15a omen da, baina urarena, Uraren Nazioarteko Eguna, bihar dela gogorarazi dit Palok. Estima hartu dio, lagun arteko otordurik egin ezinean ardoa utzita dagoenetik. Eta behinola Joxe Agirrek botatako bertsoa kantatu dit: “Askok oso txartzako botatzen du ura (bis)/ eta nik, berriz, maite atariko hura/ Arduaren gisan ez du igotzen burura/ harekin ibiltzen naiz pausu segurura/ berriz'e seituko det nik lehengo modura (bis)”.