Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura
MENDE LAURDENEKO IBILBIDEA

Deabru Beltzak, 25 urtez emozio gordinenak astintzen

Pirata grinatsuenak bezala, zazpi itsasoak zeharkatu eta ur horiek bustitzen dituzten lurrak konkistatu dituzte Deabru Beltzek. 25 urtean zehar Bretainia Handia, Cabo Verde, Mexiko… dozenaka herrialde ezagutu eta zenbatu ezin diren ekitaldi kopurua eskaini dute, probokazioa lema gidari dutela, suaz eta danbor hotsez ikusleen emoziorik gordinenak esnatzeko. Euskal kale antzerkiaren enbaxadore titulua esleitzen diete eta beraiek batzuetan baietz, hala sentitu izan direla diote, baina berdin sentitu direla izar Londreseko Royal National Theater-eko kamerinoetan edota Zugarramurdin, furgonetan aldatzen ari direla elkarri ipurdia erakutsi behar izan diotenetan. Bizitzeko modu bat da. Mundu zabalean euren tokia badutela sentitzekoa.

Argazkiak: Deabru Beltzak
Argazkiak: Deabru Beltzak

1996. urtea da. Antzerkiaren pertza borborka dago Euskal Herrian. Talde berriak sortzen dira han-hemenka, amateurtasunetik profesionalizaziorako bidea hartzen hasiak daude hainbat konpainia eta, zidor horietan, antzerkilarien arteko hartu-emanak ere gero eta ohikoagoak bilakatu dira. «Gazteak ginen, talde profesional ezberdinetan ibiltzen ginen lagunak, eta Euskal Herrian zulo bat bazegoela ikusten genuen: gazteei begira ikuskizun gutxi egiten zen», ekarri du gogora Oscar Castaño Garbitxuk. Bera da, Zesar A. Ogararekin batera, orain 25 urte Deabru Beltzak konpainiaren lehen harria jarri zutenetako bat.

Hutsune horri erantzun bat emateko gogoz, eta artean konpainia gisa egikaritu gabe, Negu Gorriak taldearen boom-ari eskutik helduta sortu zuten lehen ikuskizuna, “Kontzertu beltza”. «Modan zeuden eta haien musikan oinarrituta zerbait polita egin zitekeela ikusi genuen», azaldu du Garbitxuk. Ez zuten espero, ostera, elkar hartze hark ekarriko zuena: «Fenomeno bat sortu zen, gure denbora librean egiten genituen lantxo horiek gure konpainia profesionalak baino lan gehiago ekartzen hasi ziren. Dei pila bat jasotzen genuen, hasieran gaztetxeetatik eta taberna handietatik, gero kultur etxeetatik, antzokietatik… Handik denbora batera, hura aztertu eta gutako batzuek gure konpainiak utzi eta dedikazio osoa Deabru Beltzak taldean jartzea erabaki genuen». Eta zergatik azpimunduko izen hori, Deabru Beltzak? «Betikoa: ez genekien ze izen jarri taldeari eta ‘Kontzertu beltza’-rekin hasi ginenez, lauki beltz batean antzezten, antzoki beltzen barruan… ‘deabru beltzak’ esan zuen batek, eta, bale. Ba Deabru Beltzak izango ginen».

Hala abiatu zuen bere ibilbidea egun nazioartean arrakastatsuena den euskal kale konpainiak. Piroteknia eta efektu bereziak lagun, probokazioa eta ikuslearekin elkarreragitea bultzatzen dute etengabe, horiek ere ikuskizunean sartzea, ekintzaren zati aktibo bilakatzea. Interakzio horrek, danbor hotsen deiak eta gauak berezko duen magiari eransten dizkioten argi efektuek egiten dute berezi konpainia. Eskaintza erakargarri horri esker eraman dituzte ikuskizunak bost kontinenteetako 37 herrialdetara. «Erraz esaten da», ohartarazi du Garbitxuk, baina bidea, aitortu duenez, ez da erraza izan.

Inbertsio handia egin dute konpainian. Kalitatea lehenetsi, pauso bakoitza hausnartuz, irudimenera etortzen zitzaiena kaleetan ahalik eta modu fidelenean plazaratzeko. Eta horrek denbora eskatzen du: euren lehen ikuskizun “ofiziala” 2001. urtean heldu zen, “Les Tambours de Feu”, gerora bost kontinenteetara eraman dituen lana. «Kataluniako lagun batzuekin kolaborazioak egiten genituen. Haiek efektu bereziak erabiltzen zituzten eta, 2001ean, zerbait berezia muntatu behar genuela erabaki genuen. Hala sortu zen ‘Su danborrak’ edo ‘Les Tambours de Feu’. Ikuskizun horrek mundua zabaldu digu Deabru Beltzei». Inflexio puntu bat izan zen euren ibilbidean. Ikuskizun horrekin 900 emanaldi dituzte eginak, «eta Euskal Herrian badira konpainiak ibilbide osoan 900 emanaldi egitera iritsi ez direnak».

Oneka Tiradok hartutako argazki honek irudikatzen du Deabru Beltzek pirotekniarekin duten abilezia. Mende laurdenean ikasitakoak arlo honetan erreferente izateko balio izan die eta, egun, ekoizleentzat produktu berrien probak ere egiten dituzte.

 

Kale antzerkiaren erreferente. Geroztik, urtero helburu bat jarri diote beren buruari. Eta helburuak erdiesten joan dira. «Etenik gabe, egin eta egin, lortu arte. Hori izan da gure bidea». Hala bilakatu dira Euskal Herriko kale antzerkiaren erreferente. Baita nazioartean ere. «Tira, politikariek esaten digute Euskal Herriaren enbaxadoreak garela… Guri horrek poz handia ematen digu eta, bai, egia da horrela sentitzen garela. Estatu mailan La Fura dels Baus-ek soilik gainditzen gaitu eta gure burua haiekin konparatzea… haien ondoan ez gara ezer eta!», esan du Garbitxuk.

Tira, zerbait-zerbait, badira. Montrealeko (Kanada) Juste Pour Rire jaialdian (2003) eta Chalon Sur Saôneko (Estatu frantsesa) Chalon Dans la Rue jaialdian (2011) parte hartu duen lehen euskal konpainia izan zen, baita Frantziako Sormen Zentro Nazional batean hautatu duten lehena ere. 2004an Caracaseko (Venezuela) Antzerki Jaialdia itxi zuten eta, 2015ean, Munduko Errugbi Txapelketa ireki, Milton Keynes-en (Britainia Handia), 42.000 pertsonaren aurrean.

«Apustu handia izan zen hura. Hamasei egun behar izan genituen muntaia egiteko bakarrik: hamabost metroko pasarela bat jarri ziguten jende artean ibiltzeko, MTVren pare, eta soinu probek 24 ordu iraun zuten; 20 metroko segundo bateko soinu atzerapena dago eta hori ondo kalkulatzeko. Izugarrizko soinu ekipoa genuen. Errespetu handia sentitu izan dugu halakoetan. Argiak piztu eta hondoan zer dagoen ikusteko gai ez zarenean, ‘baina… zer egin dugu?’ pentsatzen duzu».

Errespetua, ordea, emanaldi guztien aurrean sentitu izan dute. Publikoarekiko begirunea dute oinarri. Profesionaltasuna. «Ezin zarelako inoiz erlaxatu. Erlaxatzen bazara, akabo», ziurtatu du Garbitxuk. Zugarramurdin egin zuten saio bat etorri zaio gogora. Biran ziren, saioa saioarekin kateatzen zuten, eta 250 pertsonako herrian ikusle askorik izatea ez zuten espero. «Taldeko batek, brometan, ‘gaur suabe, indar asko galdu gabe’ esan zuen. Baina, ez: ekitaldi guztiak dira garrantzitsuak. %100a eman behar da beti». Egin zuten saioa, eta kiroldegiko aldagelan zeudela atea jo zuten. «Lau programatzaile ziren, bi belgikarrak eta bi frantsesak; han geundela entzun eta Iparraldean oporretan zeudenez hurbiltzea erabaki zutela esan ziguten. Momentu batean, halako herri txiki batean, lau kontratu sinatu genituen», oroitu du.

Oroitzapen txarrak ere badituzte. Batez ere, errepidean emandako orduek utzitakoak. 2005ean Errioxara bidean zirela izandako auto istripua, esaterako. «Zorionez, onik atera ginen, baina hori hor geratzen zaizu. Behin bakarrik gertatu zaigu 25 urtean», eskertu du, baina «kilometro gehiegi» eginak direla uste du.

Mundu zabalean arituak dira Deabru Beltzak. 25 urtean zehar 37 herrialdetara eraman dituzte euren ikuskizunak, baina etxean ere mordoxka bat ekitaldi egiten dute urtero.

 

I+G piroteknian. Kilometroak pilatu dituzte 25 urtean, baita eskarmentua ere. Efektu berezietan eta piroteknian adituak dira –Estatu frantses eta espainoleko zein Kanadako tituluak dituzte–, eta bi hamarkadan ikasitakoei etekina ateratzen ere ikasiak dira: beharko, material garestia baita maneiatzen dutena. «Orain hogei urte ordaintzen genuena baino hamar aldiz gutxiago ordainduko dugu orain», atera ditu kontuak Garbitxuk. Nola den posible hori? Merkatua ezagutzeaz gainera, erreferente ere bilakatuak direlako. Ez dituzte alferrik xahutzen, piroteknian soilik, 50.000 euro urtean. «Guk askotan ekartzen ditugu produktuak guretzat Txinatik, eta banatzaile batzuei aukera ematen diegu guk ekarritako produktu horiek baliatzeko. 2015ean, adibidez, produktu bat erabiltzen estatuko lehenak izan ginen eta bi urtez esklusibitatea izan genuen. Bi urte horien ostean jarri ziren salgai, produktu oso-oso bereziak zirelako».

I+G egiten dute ekoizleentzat, ikerkuntza eta garapena. Produktu jakin batek eman ditzakeen aukerak eta izan ditzakeen erabilerak aztertzen dituzte, haien ikuskizunetan txertatzeko bide ezberdinak bilatzeko. «Nolabait, produktuak frogatzeko ‘erabiltzen’ gaituzte; zer-nolako aukerak ematen dituen ikusteko, distantziak probatu eta kontrolatzeko, iraupenak, koloreak… proba horiek guk egiten ditugu zuzenean», ziurtatu du Garbitxuk.

Jakintza horrek bideratu du euren azken ikuskizunerako, “Symfeuny”-rako (2019), lan egiteko modua irauli izana. Ikuskizunari efektuak txertatu beharrean, efektuekin egindako jokoak izan dira ikuskizuna ardaztu dutenak. «Inoiz halakorik egin gabeak ginen eta zailagoa izan da, baina esperientzia oso polita izan da. Eta ondo funtzionatu du, gainera; beraz, hurrengo baterako ere aukera hori hor daukagu».

Deabru Beltzak taldearen lehen ikuskizun estatikoa ere bada “Symfeuny”, formatu handiko lana, koprodukzioaren bidetik sortua (Estatu frantseseko bi zentro nazionalekin eta Euskal Herriko bost hiribururekin elkarlanean aritu dira). «Erronka handia izan da, bai. Urtero erronka berri bat jartzen diogu geure buruari, Deabru Beltzei, eta asmoa beti da pauso bat harago joatea», azaldu du Garbitxuk.

 

Mexikon eskolta eman zietenekoa. Hala, etengabe handitzen doan taldea da Deabru Beltzak, Euskal Herriko mugak aspaldi gainditu eta mundu zabalean, nazioarteko kaleko arte eszenikoen zirkuituan, bere izena baduena. Mexikon gertatu zitzaiena horren erakusgarri: «Hamar egun eman genituen han eta, hirugarrenetik aurrera, eskolta eman behar izan ziguten. Madonnak bezala, hoteletik atera eta aldageletara iristeko laguntza behar genuen, kalean ere ezin izan ginen ibili, kotxea geldiarazi eta jaisteko eskatzen ziguten…», oroitu du. Caracasen ere pasatu zaie antzekorik: «Parke batean zen emanaldia eta karpatxo bat jarri ziguten aldagela gisa. Kanpoan ilara luzea genuen zain… Programan sinatzea gustatu egiten zaie han, eta antolatzaileak esan zigun sinatzera atera behar genuela, sinadurarik gabe ez zirela joango. Bi ordu eman genituen sinatu eta sinatu».

Amerikatik kanpo ere sentitu izan dira izarren pare. Londresko Royal National Theater-en, esaterako. «Udako programa baterako hautatu gintuzten, hiru egunetan antzeztu genuen. Antzoki barruan ibiltzeko gida bat jarri ziguten, bakoitzari bere aldagela pertsonalizatua izen eta guzti, arropak bertan utzi eta hurrengo egunerako garbitu egiten zizkiguten… Izugarria izan zen». Gidarena, hala ere, berehala ulertu zuten: «Antzoki hori munstro bat da, taldekide batek bi ordu eman zituen galduta bueltaka…», ekarri du gogora.

Izarren pare hartua izateak badu bere ifrentzua. Buruak azkar egiten du ihes lainoetara. «Esperientzia pixka bat daukagunoi ez zaigu gertatzen, baina taldean sartu-atera ibili direnak, bai, sentitu dira star moduan», kontatu du Garbitxuk. Batzuek beti Royal-eko baldintzak nahi dituztela dio, baina ofizioak glamourretik adina duela umiltasunetik. «Egun batean hori daukagu eta hurrengoan elkarri ipurdia erakusten ariko gara, furgonetan aldatu behar dugulako. Hori gertatu da, eta gertatuko da. Batzuek zeruan egotetik lurpera jausi diren sentipena izan dute, eta hori zaila da kudeatzen».

Egokitzen ikastea da gakoa. Ikuskizuna eskaini behar den ingurunea irakurtzen jakitea. Eta, munduan bazabiltza, kulturarteko talkei ahalik eta modu duinenean eustea. «Cabo Verdeko lehen eguna negargarria izan zen. Irlaz irla aritu ginen antzezten eta, lehenengoan, kale bat moztu eta bertan aritu behar genuela esan ziguten. Ikuskizunerako ordua iritsi zenean, etxe guztietatik irteten hasi ziren, bakoitza bere aulkiarekin, eta atarian eseri ziren. Hori ez da gure ikuskizuna ikusteko modua!». Probokazioa da Deabru Beltzen jokoa, azelerazio eta dezelerazioekin ikusleen marea gidatzea, harrapatzea eta aske uztea… «Baina haiek beren aulkietan jarraitu zuten, kieto. Desfile bat bagina bezala. Eta halaxe izan zen zortzi uharteetan».

Guggenheimen egindako saio bat.

 

Sua eta izerdia. Egoera horiek kudeatzen jakin behar dute konpainiako kideek. Egun, hamaika pertsonak osatzen dute Deabru Beltzak. Garbitxu da zuzendaria, eta Zesar A. Ogarekin batera arduratzen da ekoizpenaz, kudeaketaz, banaketaz eta komunikazioaz. Ruben Sastre, Iker Barrientos, Dario Campos, Alexander Alonso, Erlantz Eizmendi, Nagore Cenizo, Sonia Villamor, Iñaki Zubiaga eta Olatz Pagaldayk osatzen dute konpainia.

Jantzietarako hainbat diseinatzaile eta eszenograforekin ibili izan dira (azken ikuskizunerako Ikerne Gimenez-ekin egin dute lan). Sutik babesten duten materialak erabili behar dituzte jantziak egiteko, eta oihal horiek dira, hain zuzen, izerdiari irteten uzten ez diotenak. «Saio bakar batean galdu izan ditugu 3-4 kilo. Gero azkar errekuperatzen dira, baina biran bazaude eta egunero saioa baduzu… Montrealen izan ginen azken aldian 12 egunetan 22 emanaldi egin genituen. Imajinatu», nabarmendu du. Montrealen izan ziren lehen aldian, 2003an, gauetan hezetasuna %100ekoa zela kontatu du. Jantziak jarri eta izerditan hastea, dena bat zen. «Eta hori atera aurretik, arnasteko ere zailtasunak izan genituen». Halako egoeretan konortea galdu duenik ere izan omen da eta, horregatik, elikadura zaindu eta hidratazioari arreta eskaintzea funtsezkoak direla dio. Egun, kontratuan jaso ohi dute hezetasunaren arabera edari bereziak eskuragarri jarri behar zaizkiela.

Aldatu den beste gauzetako bat taldekide berrien hautaketa da. Hasieran, musikan formatu zitezkeen antzezleak bilatzen zituzten, eta orain, antzezpenean trebatu daitezkeen musikariak. «Edozein antzerkilari ez da musikari on bat izango, eta alderantziz. Orain musika lehenesten dugu, eta antzerkian trebatzen dugu poliki-poliki».

Duela 25 urteko lantaldetik Zesar A. Ogara eta bera baino ez dira geratzen; gainerakoak aldatu egin dira. Asko izan dira sartu eta atera ibili direnak. «Neska gutxi pasa da talde nagusitik [11 badira ere, 7 aritzen dira talde nagusian, eta gainerakoek haurrentzako ekitaldiak eta bestelakoak egiten dituzte], hori dugu pena. Saiakerak egin izan ditugu, baina zaila da. Gogoratzen dut batek taldea utzi zuela, urtean 128 saio ezin zituela eraman esanez. Gutxiago balira, jarraituko omen zuen, baina…».

 

Jomugan, Estatu frantsesa. Mundu zabalean ibiliak dira Deabru Beltzak, baina Estatu frantsesa izan dute, hasiera-hasieratik, jomugan. Arte eszenikoen alorrean erreferentea da herrialdea; zer esanik ez, kale antzerkian, Europako bi jaialdi garrantzitsuenak, Chalon dans la Rue eta Rue d`Aurillac, estatu horretakoak baitira. Nazioartera begirako erakusleihoa da. «Baina gurea bezalako ikuskizun ibiltariak galtzen ari direla sumatzen dugu», ohartarazi du Garbitxuk. Estatu frantsesean ikuskizun ibiltariak konpainia handiek egin izan dituztela dio, baina azken urteetan joera aldatuz doala: «Ikusten ari gara beti euren jarduna hankapaluekin egin duten konpainiek umorezko espektakulu estatikoak egiten dituztela, adibidez. Guk gureari eutsi diogu eta eusten jarraitu nahi diogu, baina auskalo, sasoi honek pentsatzeko asko ematen digu eta…».

Pandemiaz ari da Garbitxu, kultura jasaten ari den jipoiaz. Deabru Beltzek nazioarteko 77 ekitaldi galdu dituzte. Lakuatik sustatutako Berpiztu Programaren bidez 14 saio egin ahal izan zituzten, baina uztailetik hona basamortuaren erdian bezala sentitzen dira: isolatuta eta norabide argirik gabe. «Agindu bat atera zuten kale ikuskizunak debekatuz. Telefonoa hartzen duzu, saiatzen zara azaltzen zelako putada egiten diguten, berriro kale gorrian utziko gaituztela… oso gogorra da. Deabru Beltzak desagertzeko arriskuan ikusten hasiak gaude», ohartarazi du.

Lakuako dirulaguntza eta Kultura Ministerio espainolekoa jaso dute, «baina horrek ez du ematen bizirauteko». Momentuz, urteurreneko ospakizunetarako aurreztua zuten dirutik ari dira «hilabeteak libratzen» eta esperantza ez dutela sekula galtzen dio, «konfiantza izan behar dugulako, egingo dutela zerbait, edo asmatuko dugula zerbait». Panorama beltza bada ere, 25. urteurrenera begira Bilbon ekitaldi berezi bat egiteko asmoa badutela iragarri digu, noiz eta zehazki zer egingo duten oraindik argi ez badute ere. Eta Libourneko jaialdira ere formatu handiko ikuskizun bat eraman nahi lukete. «Egia esan, bageneukan poltsatxo bat aurten zerbait oso berezia egiteko, baina taldeak du lehentasuna, ekipoa mantentzeak, itxiera galarazteak». Beste askok bezala, biziraupenean dute begia. Eta eskari bakarra egiten dute: dirulaguntzen gainetik, lan egiten utz diezaieten nahi dute. Deabru Beltzek kaleak kiskaltzen jarraitu nahi dute. Ez besterik.