Jokin Urain
IRITZIA

Galderen erantzunak

Gauzen eta arrazoien galdez gabiltzanean, edo lekuen bila, zerbait topatu nahian, etxean edo kanpoan, erantzun zuzen eta azkarra ederra izaten da, ulertzen errazagoa ere bai gehienetan. Ulertzen erraza izateko ez dauka nahitaez zure galderari soluzioa eman beharrik, erantzun okerra ere ulertu erraz ulertzen baita argia bada.

Zeregin hoberik ezean eta zeren bila zabiltzan zehatz jakin gabe, irakasleak bere galdera eta ikasleen erantzunekin osatu duen liburu xaharraren orrialdeak pasatuz arituz etor daitezke batzuetan zure galderen erantzunik politenak. Agian ez dizu funtsezko ezer konponduko, baina galderaren garrantzia birrindu bai beharbada, eta goiza atseginago egiten lagunduko dizu. Gustagarria izateko ere ez baitu erantzunak ezinbestean zuzena edo okerra izan beharrik, zuretzat onuragarria izatea baizik.

Sendagileak kontsultan esan dizunarekin kezkatuta, presio arteriala zer den begiratu dezakezu Interneten. «Odol-presioa edo tentsio arteriala odolak denbora-unitateko arterien hormen kontra egiten duen indarra da», irakurri dezakezu lehen esaldian, eta lasaitu ordez areago kezkatuko zara. Sendagileari gauzak hobeto azaltzea eskatu diezaiokezu, baina nahiago duzu liburu xaharraren orrietan atzeman duzun erantzunarekin geratu, dezente argiagoa iruditu zaizulako gainera: «Esan ezazu ‘presio arterialaz’ dakizuna», galdegin dio irakasleak. «Ba, Ogasunak gure gurasoei ezartzen diena dela», ikasleak erantzun.

«Zeintzuk dira gizonaren menbruak» galdetu du irakasleak; «Ezin dut idatzi, baina berorrek badaki», erantzun du ikasleak. Dakiena jakinaren gainekoa dela eta esan beharrik ez dagoela adierazteko modua da; edo ez dakien arren badakiela erantzuteko era dotorea.

Azalpen handien beharrik gabe ulertzen baitira batzuetan zenbait gorabehera, askotan gauzak bere horretan argiago daudelako edozein esplikaziorekin baino, nahiz eta xehetasunetan galdu arte dena esan eta esan aritzeko mania orojakilea dugun. Esan gabe doana gora eta esan gabe doana behera; esan gabe doana baldin bada, ez litzateke esan behar, baina esan egiten da gehienetan, ahotsez edo idatziz, norberak bai baina besteek ez dakitela pentsatzeko joeragatik.

«Aipa itzazu gutun baten osagaiak», irakasleak berriro. «Papera, boligrafoa, gutun-azala eta zigilua», ikasleak. Horiek hemen dauzkat eta esan gabe doana ipinita dago. Gainerakoa egin eta bidaltzea falta zait, Iurgi.