Alaia Martin
IRITZIA

Leihoak zabal-zabalik

Kaxa huts batekin nator gaur eta zuekin bete nahi nuke. Gela berri batera iritsi orduko egin izan dudan lehen gauza izarak aldatzea izan da. Idazmahaia leihotik gertu kokatu izan dut eta koadernoa idazmahaiaren ezkerraldean utzi. Han eta hemen kokatu izan ditut lagunek aholkatutako liburuak, ahaztu nahi ez ditudan uneen argazkiak, egarri gutxiko landareren bat eta pixkana loratuz joan diren arropa zelaiak eta uneen paisaiak… Gaur, aurre-malenkonia pixka batekin, gela hustuko dut.

Badira urte batzuk gela honetan idazten hasi nintzela eta, geroztik, hamabostean behin, elkarri begietara begira egon izan gara pantaila eta biok, aulkiak ahulki batzuetan, indartsuago besteetan, eusten gintuen bitartean.

Nire gordelekua izan da gela hau, barrura sartu eta bertan goxo egoteko aitzakia, babesleku isil bat eta, aldi berean, baita erakusleiho bat ere, bistan zer utzi eta zer babestu erabakitzeko gune bat.

Ez naiz beti ziur egon edo, egiari zor, ez naiz ia inoiz ziur egon idatzitakoaz, baina beti idatzi dut intuizioz eta beti izan dut, barru-barruko kaxoiren batean, nire gelak zuenaren antza izan zezakeenaren itxaropena; zer dakit ba nik, argazkiren batean, usainen batean, ohe ertzeko ametsen batean, arropa esturen batean… Gure gelek elkarren antz pixka bat izango zutela pentsatu izan dut eta, batzuetan, halaxe sentitu dut.

Eskerrak eman nahi dizkiot Zazpikari, gela hau eskaini izanagatik eta bertan hainbeste bizitzen uzteagatik; etxejabe guztiak ez dira hain gozoak eta gertukoak izaten. Aurrerantzean ere, igande goizetan, maitasunez begiratuko dut nola erditzen den GARA Zazpikaz. Eskerrik asko, zazpiki guztiei eta eskerrik asko, inoiz gelara hurbildu zareten guztiei.

Gela etxe bihurtu zait azkenerako eta, etxe guztietan bezala, askotan haserretu naiz hemen, askotan hunkitu naiz, askotan egon naiz zalantzan eta askotan eztabaidan. Eztabaida gehienak, ohikoa den bezala, nire buruarekin izan ditut, baina izan dira kalean izan behar eta izan ez ditudalako, hemen izan ditudan eztabaidak. Terapia gune erosoa izan da gela.

Gela hau ez da beti etxe berean egon, bidaietara nirekin eraman dut, ordenagailu ezberdinak ezagutu ditu eta ni ere ez naiz beti etxe bera izan gelarentzat, baina zorionez, beti izan dut hemen pantailatxo bat, kanporanzko eta barruranzko ispilu. Argazkiei berriz begiratu, hormetatik erauzi eta albumean txukun kokatzeko garaia da, ohea biluztu eta amesteko lekua uzteko garaia, landareari lur berria eskaintzeko unea eta leihoa zabal-zabalik uztekoa, egurasteko.

Gela utziko dut, baina gure etxea ez da hain handia; beraz, sukalde prozesuetan topatuko dugu elkar, komuneko ilaretan, batek daki nongo korridoreetan, terrazetan, artearen ganbaran, egongelako tximiniaren aldamenean edo teilaturen batean, mundu zoro bezain zoragarri honen zimenduei begiratzeko arnasa emango digun teilaturen batean.