Jokin Urain
IRITZIA

Pasa arte

Pasata dago, joan dira hamabost egun eta atzera geratu da. Pasata dagoena ahaztua egotea nahi izaten dugu askotan; ahaztu nahi ez duguna, nahiz eta iraganekoa izan, presente eduki nahi izaten dugu, momentu bakoitzean berpiztu, oroimenean berriz bizi eta gozatu. Gauza txikiek nahiz handiek, baliotsuek edo hutsalek ematen digute bizigarria, poza eta ilusioa; ogitik ez ezik, horietatik ere behar izaten dugu bizitzan. Bizitzaren goxagarriak zapuztera datorkiguna gehienetan pasata egotea nahi izaten dugu, ahanztura oroimena bezain beharrezkoa baitzaigu.

Egia da pasa beharrekoa iritsi zain zauden bitartean egiten duzun ilusio horixe izan daitekeela benetan pasako dena baino garrantzitsuagoa. Berdin dio errealitatean zer gertatuko den, zuk nahi zenukeena izan ala ez; zure ilusioan zeuk nahi zenukeena gerta daiteke eta goza zenezake, gero gertatzen dena gertatu arte. Errepara iezaiozu bestela hemerotekan joan den apirilean lehena Realaren eta bigarrena Bartzelonaren aurka jokatu genituen partiduen aurretik zaleok genuen pozari eta ilusioari. Gero gertatu zena gorabehera, munduko zorion guztia izan genuen aurretik.

Gabarra irteera imajinatu genuen, taldearen uniformeak jantzita, haur eta guraso, gazte, zahar… Golak eta golak, gol asko sartu genuen. Besteei ere golak eman genizkien, opari, lotsagarri gera ez zitezen, ospatzeko zerbait izan zezaten. Ez da harroegia izan behar anbizioan. Mila aldiz imajinatu genituen jokaldi jenialak. Behar genuen, lehorte luzearen ondoren...

Eta ordua iritsi zen halako batean. Ulertzen eta interesatzen ez zaizkidan arrazoiengatik joan ginen Sevillaraino Espainiako Errege Koparen bila. Inportantea zen jokoan zegoena eta telebistak –geurea hau ere– etxeko butakara ekarri zigun partida. Pasa zen pasa beharrekoa; pasa zen behin eta pasa zen berriz, eta Espainiako erregearen oinetara joan ginen, eta bere kopa besteari eman zion hark, bai lehenengoan eta bai bigarrenean. Historiak badaki injustua izaten, eta ahaleginak, esker txarrekoa. Horixe gertatu zen, hain une inportantean.

Baina pasata dago, eta pasatakoa ahaztu dezagun. Berriz ere etorriko dira aukerak, aukera inportanteak, eta orduan berriro jantziko gara gure taldekoen kolorez, berriz animatuko dugu taldea eta hura animatuz animatuko gara geu, eta kopa inportanteak irabaziko ditugu, jokoa amaitzean ez bada, jokoa hasi aurretik. Pasata dago, Irkus, berriz pasa arte.