Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Hobeak

Behin etxeko zapatiletan balkoitik begira egun batzuk generamatzala, «hemendik hobeak aterako gara» pentsatu eta sinetsi genuen. Eskuzabalagoak, gizatiarragoak, lasaiagoak, irribarretsuagoak, solidarioagoak…

Baina nonbait hori ez genuen guk bakarrik pentsatu, iragarkiak egiten dituztenak ere konturatu ziren horrekin eta ederki zukutu zuten ideia. Derrepentean iragarki guztiak ontasun infinitu horrekin kutsatu ziren, berdin lurrinak saldu nahi zituztenak edota saltxitxak. Eta susmoa hartzen hasi nintzen akaso ez ginela askoz hobeak aterako hemendik.

Hasieran ez nizkion ontasun distiratsu horri zuloak ikusi nahi; itxialdia luze samar zihoan eta baikortasun koilarakada pare bat behar ziren gosaritarako egunero, bestela ezin albisteen digestioa ondo egin.

Zortzietan txalo kolektiboak balkoian eta zortzi eta erdietan zaborra jaitsi. Auzoko bi nerabek horrelaxe egiten zuten egunero, hartara elkarri aurrez aurre bi hitz egiteko baliatuz zaborraren momentutxoa. Espero baino lehen egin zien errieta udaltzain batek, auzotarren batek abisu eman zien, «egunero-egunero gauza bera egiten zutelako». Delitu larria benetan. Hor hasi zen nire baikortasuna zartatzen.

Ilaren garaia etorri zen gero, edozertarako ilaran egon beharra. Eta zain zaudela, pentsatzeko tentazioa izanez gero, galdera inozoak pizten dira. Adibidez, helburua bada ahalik eta jende gutxien biltzea, zergatik irekitzen dituzte banketxean inoiz baino arreta gune gutxiago? Galdetzearren, nik ez daukat ideia handirik gauza horiei buruz, horretarako daude adituak...

Tira, eta galdera inozoetan harrapatuta, non konturatzen zaren tonto-tonto bizpahiru aitona-amonek aurre hartu dizutela berriz. Harrigarria da batzuek ilara egiteko daukaten ezintasuna. Eta berez inorako presarik izan gabe beti presaka dabilenaren larria? Horiek ere birus latzak dira.

Ez dakit nondik sortu zaizkidan burutazio hauek orain, akaso izango da supermerkatuko ilaran zain nagoelako eta aspertuta. Igual izango da konturatu naizelako urtea joan zaigula eta hemen segitzen dugula, ilaran.

Nire burutazio isiletatik esnatu nau oihu desatsegin batek. Adineko gizon bat oso haserre eta builaka zuzendu zaio pazientzia infinituarekin lanean ari den supermerkatuko langileari: «Mekaguendios! Abrir otra caja». Sustoarekin eskuetan akrobaziak eginez nituen jogurtak, gailetak eta ogia erori zaizkit lurrera –zergatik pentsatzen dut beti ‘total, bi gauza dira, ez dut saskirik behar’?–.

Nork esan zuen noizbait «hemendik hobeak aterako gara»? Zergatik batzuk ez ziren betirako balkoian geratu etxeko zapatiletan?