Galder Perez
IRITZIA

Kritika(k) eta autokritika

Kritikak entzutea, onartzea eta ulertzea beharrezkoa bada ere, ikasi behar den zerbait dela pentsatzen dut. Gure inguruan kritika ez da gehiegi onartzen. Agintariei edonolako kritika egiten bazaie, erasoa dela ulertzen dute. Hortaz, kritikaren erantzuna defentsa dela ondorioztatzen dute. Pandemiaren kudeaketaren gaineko kritikarik ezin egin daitekeela dirudi. Baina oraindik ere, hainbeste denbora iluntasun honetan murgilduta daramagunean, kontraesanek eta mezu kontrajarriek nagusi izaten jarraitzen dute. Badago hor zer analizatu. Baina erakundeei egindako kritika hauteskunde usaineko kritika sinple gisa ulertzen du aulki erosoan eserita dagoenak.

Arte eta sormenean ere, askotan, eraso batekin erantzuten zaio kritikari. Kasu horretan, ordea, beharbada kritika trintxera dela ulertzen dute alde biek. Analisia beharrean, askok nahiago dute iraina, kritika baino. Oholtzara igo ostean edota mikro baten aurrean hitz egin ondoren, zintzoki diot, ez da erraza kritikak entzutea edo jasotzea, baina ikasi behar den zerbait da. Askotan kolpe moduan jaso izan ditugu kritikak. Baina horixe zirelako, hain justu: gustu txarreko kolpeak, analisirik gabeko iruzkinak, hobetzea helburu ez zuten juzguz mozorrotutako hitzak. Kritikak, besteak beste, hutsuneak aurkitzea du helburu. Horretarako, jakina, betea zer den jakin behar du kritika jaurtitzen duen horrek. Ausardia baino, jakituria behar da, aztertzeko gaitasuna, bestearen lekuan jartzeko umiltasuna eta garbi azaldu beharra gainera, saihesbiderik gabe. Zaila da kritikak onartzea. Are zailagoa kritika ona egitea, idaztea edo esatea. Ziurrenik, horregatik kostatzen zaigu kritikak onartzea, jasotako gehienak kritikaz mozorrotutako iruzkin sinpleak baino ez direlako izaten. Funtsezkoa da ezer jaso eta horrek mina eman aurretik, atzean, helburuan eta mamian zer dagoen identifikatzea. Ez dago zertan dena entzun ala jasan.

Askotan esaten da zentzu kritikoa kolokan dagoela. Egia da irainak nonahi nagusitzen direla, inongo analisirik gabe, mina emateko asmo hutsez. Sareak ikustea besterik ez dago. Horregatik uste dut hobe dugula nor beretik hastea deskubritzen, analizatzen eta hobetzen.

Pandemia mingarri honekin kazetariok zer egin dugun gaizki askotan jakin nahiko nuke. Hazian hutsunea dagoela uste dut. Iazko martxoan, eta apirilean, konfinamendua gai nagusitzat geneukan askok. Horrek berdintzen gintuen. Hura albistea zela zirudien; txaloak, balkoiak, ogia eta pastelak. Bagenekien benetako pastela etxe askotan eta ospitaletan zegoela, baina han gure etxe eta zilborrak. Ez genuen aukera baliatu birus bat zer den ondo azaltzeko, bere izaerak, moldaerak, eraginak eta abar nolakoak diren ikasteko eta komunikatzeko. Zientziari lekua egiteko garaia zela onartu bagenuen ere, lehenengo paseoek hartu zuten lekua, eta, ondoren, ordutegi eta baimen berriek. Gero, neurriak gora eta behera. Orain, txertoen ikuskizun “eurovisiboa”. Oraindik ere, zer ikusteko dugun ikaratzekoa da. Baina kritikak albo batera uzteko eskatuko digute, ustezko auzolanen izenean lagungarri ez direla. Ez dute ikusi nahi benetako kritika zintzoa baino ariketa enpatikoagorik ez dagoela.