Jokin Urain
IRITZIA

Immune

Urruneko edo gertuko inguruetatik etor dakigukeen zinezko edo balizko erasotik babesteko asmaketak eta prestaketak egiten pasatzen dugu bizitzaren parte handi bat. Gorde, zaindu eta babestu beharrekoak ugaltzen eta handitzen ditugun heinean hobetu behar ditugu gordailuak, babesgarriak. Itxituraz eta giltzarrapoz josi dugu ingurua, baratzea, etxea, etxeko kutxa ezkutua eta tiradera bakoitza, eta, hala ere, aski ez, eta itxitura handiagoak, giltzarrapo seguruagoak, ezkutaleku hobeak asmatu beharra obsesio bilakatu dugu.

Galdu gabe, gorde eta zaindu, eta ahal bada hobetu nahi izaten dugu osasuna, altxorrik preziatuena bera dela ohartzen baikara galtzen dugunean. Banakako osasuna eta taldearena –gertuko taldearena bederen, urrunekoa ez da hainbeste axola– bermatu beharrak ez digu buruhauste gutxi eman joan den aspaldian. Talde immunitatea behar dugula alegia, berriz ere jauja izateko.

Immunitate mota ezberdinak daude, batzuk naturalak eta besteak artifizialak; eraso berriei aurre egiteko immunitate naturalak aski ez direnean bilatu behar izaten dira artifizialak... Tira, ez naiz hasiko hemen Wikipedian aurkitu dudan guztia kopiatzen, asko dakidan plantak egiteko.

Joan den hilean esan ziguten Urkullu lehendakaria txertatu egin zutela. Txertaketa egin zioten lekua, ordua, txerto mota eta dena azaldu ziguten, zehatz, eta argazkia gainera, inork zalantzarik ez izateko edo. Bere garrantzia du, seguru nago, gure lehendakaria immunizazio bidean dela esateak; denok babestuago, denok apur bat immunizatuago, sentituko garela pentsatuko zuen berria eman zuenak, berri hori lau haizeetara hedatu beharrekoa zela erabaki zuenak.

Jarraian esan ziguten Josu Erkoreka lehendakariordea eta Bingen Zupiria, Pedro Aspiazu eta Iñaki Arriola sailburuak ere immunizazio bidean direla, txertoaren lehen dosiak hartuta. Eta hori guztia argi uztea ere garrantzitsua izango da denok lasaiago bizi gaitezen, inguru hauetako gobernuan agintzen dutenak immunizatzen ari direla jakin dezagun.

Jakin lehendik ere bagenekien zerbait; susmoa, behintzat, bagenuen, agintari jende hori immunizatu samarra ote zegoen. Halakoxe zantzuak hartzen genizkion, edozein kritikari immune, edozein eskaerari immune, herritarren behar askori hain immune ikustean. Hain immune, guztiari iragazgaitz, ezerk ez diela eragiten ematen baitu, Ainhoa.