Handitasunean txiki

Itsaslabarrak, bertigoaren handitasuna

Kuriosoa da. Behetik ikusita, itsaslabarrak erraldoi bihurtzen dira, baina, behin tontorrera igo ondoren, pare-parean duzun handitasun amaigabea da bertigo atsegina eragiten duena. Ikuspuntua erabat aldatzen da. Eta mundua ere distortsionatu egiten dela dirudi une batez.

1168_7K_itsas8
Preikestolen, Norvegia.

Europako hamalau itsaslabar jaso ditugu erreportaje honetan. Batzuk, altueragatik; beste batzuk, berriz, kokapenagatik. Hori bai, guzti-guztiek dute beldurra espektakulu bilakatzeko gaitasuna, guzti-guztiek eskaintzen dute handitasun irudi zirraragarria, bertigoaz gozatzeko gaitasun natural berezia.

Preikestolen, Norvegia. Lysefjord fiordo paregabea dugu ikusgai harkaitz erraldoi honen azpian. Munduko itsaslabar altuenetakoa da (600 metro). Ez da altuena, baina bai, ordea, ikusgarrienetakoa. Izena bera ere esanguratsua da, preikestolen hitzak “harrizko plataforma” esan nahi baitu. Eta horixe da, hain zuzen ere, “Pulpitu” ikusgarriaren tontorrean bisitariak  aurkituko duena bost kilometroko bidea egin ostean.

 

Seven Sisters. Sussexeko kostaldean, Mantxako kanalari begira, Dover inguruan, itsaslabar zuri-zuriek bisitariaren arreta erakartzen dute, ikusgarriak baitira, benetan, urrutitik ere. Haizearen higaduraren ondorioz biluzitako gandorrez osatuta, itsasoaren enbatak jasaten ditu sarri. Paisaia zoragarria denez, hamaika zinema zuzendarik aukeratu dituzte Ingalaterrako itsaslabarrok euren filmetan agertzeko.

 

Irlandako Moher. Amildegi luzea –8 kilometro– eta zenbait puntutan altuera handikoa –214 metro–. Bertigoa dutenentzat ez da ez gomendagarria. Ertzera hurbiltzeak hainbesteko errespetua ematen du, ezen ausartenak ere etzan egiten diren badaezpada ustekabeko haize-boladek jotzen dutenean. Dena dela, gehiegi hurbildu gabe ere, itsaslabarren ertza zeharka daiteke bertan egokitutako bide eder bati esker.

 

Normandiako Etretat eta Abaleko itsaslabarrak. Côte d'Albâtre kostaldeko zatirik ikusgarrienetakoa da eta, seguruenik, Normandia iparraldeko txokorik liluragarrienetakoa. Etretat herritik bidezidor ikusgarria abiatzen da, milioika urtean haizeak eta itsasoak harkaitzetan pazientzia handiz zizelkatutako arkitektura agerian uzten duen ibilbidea. Claude Monet eta Gustave Courbet artistek, besteak beste, euren obretan islatu zuten itsaslabarrek sorrarazitako lilura. Ezaguna da, bereziki, “Orratzaren begia” izeneko arku naturala.

 

Gasadalurko itsaslabarrak. Danimarkako Faroe uharteetan dago Gasadalur herrixka, zehazki Vagar irlan. Oso leku ezaguna da Europan; batetik, irudi eszeniko erakargarria eskaintzen duelako –kostaldeko ordoki batean kokatuta dago– eta, bestetik, itsaslabar ikusgarriak dituelako, are ikusgarriagoak ur-jauziak zarata ateratzen duenean, munduaren bukaera gertu balego bezala.

 

Madeirako San Lorenzo. Baso berdeak ez ezik, beste hamaika natur altxor ere eskaintzen ditu Madeirak; besteak beste, San Lorentzo ertza, uhartearen ekialdeko muturrean. Pare-parean Atlantiko zabala duten itsaslabar ikusgarriak daude bertan eta, gainera, bidezidor egokiak prestatuta daude paisaiaz ahalik eta errazen gozatu ahal izateko. 1996tik babestutako eremua da, eta foka fraidearen, hegaztien eta landare endemikoen habitata.

 

Flyscha, Zumaia, Deba eta Mutriku artean. Zumaia, Deba eta Mutriku arteko itsaslabar ikusgarriak gure planetaren historiaren 60 milioi urteko informazioa gordetzen dute, harri geruza bakoitza liburu erraldoi baten orrialdea izango balitz bezala. Ingurune honetako egitura geologikoari flysch izena ematen zaio.

 

Norvegiako Trolltunga. Trolltunga, “Trolaren hizkuntza” norvegieraz, itsas mailatik 1.100 metrora dago, Ringedal aintzira ospetsuaren gainetik 700 metrora. Norvegiako harkaitz eraketarik deigarrienetakoa da. Hardangervidda mendiko ordokiaren mendebaldeko muturrean dago, Odda herrixkatik gertu. Harkaitzak forma berezia du eta, geologoek diotenez, bada horretarako arrazoi zehatzik: zenbait glaziazioren ondoren, izotz geruza batek Eskandinaviako zatirik handiena estali zuen eta horrelaxe sortu zen Trolltunga. Ezaguna da harkaitzera daraman mendi- ibilaldi ederra.

 

Tenerifeko erraldoiak. Tenerifeko mendebaldeko kostaldean kokatuta, seiehun metroko altura du. “Infernuko harresiak” esaten zieten guantxeek. Bertaratzen direnentzat aholku bat: ikuspegirik onena Teno puntatik lortzen da.

 

Dingliko itsaslabarrak Maltan. Esaten dute Maltan eguzkia sartzen ikusteko tokirik gomendagarriena Dingliko itsaslabarrak direla. Uhartearen hego-mendebaldean kokatuta, itsas mailatik 250 metrora, Mediterraneo itsasoaren ikuspegi berezia eskaintzen dute. Horrez gain, bertatik ibilbide ugari abiatzen dira Haitzulo Urdinera joateko. Itsaslabarren tontorrean bertan, Santa Maria Magdalena kapera dago, inguruneko eraikin bakarra, XVII. mendean eraikia.

 

Vixia Herbeirako itsaslabarrak. Itsas mailaren gainetik kotarik altuena duten laugarren itsaslabarrak dira Europan, 613 metrorekin. Galizian daude, Cariñon, Cedeira eta Ortigueira itsasadarren erdibidean. Goialdean, XVIII. mendeko talaia dago, Herbeirako garita, bista ikusgarriz gozatzeko aukera eskaintzen duena.

 

Eskoziako Yesnaby itsaslabarrak. Stromness herritik hamar kilometro iparrera, Orkadak uhartedian, daude Yesnabyko itsaslabarrak. Bertako monolitoa, Yesnaby Castle, 35 metroko altuera duena, ezaguna da oso; ezaguna eta ikusgarria, batez ere olatuen eraso basatia jasaten duenean.

 

Slieve League, Irlandan. Ez dira Moherreko itsaslabarrak bezain ezagunak, baina altuerari dagokionez ia hiru aldiz handiagoak dira. Itsas mailatik 601 metrora, Irlandako itsaslabarrik garaienak dira, baita Europa osoko altuenetakoak ere. Donegaleko kostaldean daude eta Bunglass omen da itsaslabarrez gozatzeko punturik egokiena.

 

Dubrovnikeko harresiak. “Adriatikoko Perlaren” harresiak Europako itsaslabar ikusgarrienetako baten gainean eraikita daude. XII. mendetik XVII. mendera bitartean altxatu zituzten harresiak hiria etsaien erasoetatik babesteko eta Dubrovniken historiaren lekuko zuzenak dira. Mendebaldean, San Lorentzo gotorlekua ikusgarria dago 37 metroko altueran, itsasoaren aurrean parez pare.