IRITZIA

Krema usainekoak

Krema usainekoak. Buruan eta gorputzean gordeta ditudan herrietako jaiak krema usainekoak dira. Hondartza, eguzkitan melatutako bokata, izozkia, txiripaz harrapatutako autobusa, dutxa azkarra, eguzkitan berotutako azala gozatzeko krema, sorbaldak airean, motots tente bat, umore alaia, kalerako gogoa. Lagunak, tragoak, musikak, tragoak, lagunak, musikak. Aurpegi berriak, euskalkiak, gorputzak, algarak, tontakeriak, negar saioak, potolokeriak, ametsak, promesak, sekretuak, muxuak, igurtziak, eskuak sorbaldetan, plazerezko hozkirria, hanburgesak eta patatak, betirako laguntasunak, amaren kafesne aurpegia, “ondo pixa eginda atera zinen atzo etxetik”...

Normalean jatorrak iruditzen zitzaizkigun batzuk jai giroan baboso hutsak bihurtzen zirela deskubritu genuen udako gau berezi haietan. Parrandara galtza zuriekin joatea ez dela komeni ikasi genuen. Adin desberdineko herrikideekin nahasten ikasi genuen. Elkar babesten eta defendatzen. Maitasun toxikoak identifikatzen –normalean lagunenak, norberarenak sumatzeko gaztetasuna eta inozokeria ez dira oso lagungarri izaten–. Barraren gainean dantza egiten trebatu ginen. Txosnetan turnoak egiten. Kontzertu txikiak antolatzen. Beldurra sentitzen ikasi genuen, taberna jendetsuetan gure gorputza duintasunez defendatu nahian. Herri bakoitzak jaietan bere ohiturak eta uneak dituela ikasi genuen eta gureak gure sentitzen, zerbaiten parte izatearen pozaz eta asetasunaz.

Usainek badute memoriaren zirrikituetan sartzeko gaitasun bihurria. Gurasoen etxeko krema hori usaindu orduko pizten zaizkit barruan gordeta dauzkadan herrietako jaiak. Azalera etortzen zaizkit.

Pandemiak gauza asko kendu dizkigu eta pixkanaka berreskuratzeko esperantzan bizi gara, normaltasun berria gustatuko ote zaigun zalantzan. Herrietako jaiak ere bueltatuko dira, ahal denean eta ahal den bezala, noski. Osasuna lehen lerroan jarri da eta ezin badira seguru ospatu, ez ospatu eta kito.

Batzuen begietara gauza hutsala dira, parrandarako eta desfaserako aitzakia. Baina ez genuke ahaztu behar zein osasuntsuak diren herrietako jaiak. Herri bat josteko hari bikaina da jaietakoa. Herria eta herritarrak desberdinak dira jaietan eta hor sortzen diren konplizitateak, algarak, konfidentziak bereziak dira. Plazer kolektiboa da jaietakoa eta hori partekatzeak arrastoa uzten du herritarrengan eta herrian.

Batzuetan kezkatu egiten gara belaunaldi berriek jaietarako daukaten grinarekin. Gehiegizkoa iruditzen zaigu. Uste dut ni berdin edo gehiago kezkatuko nintzatekeela herriko jaiez paso egingo balute, ez balituzte bere sentituko, ez balute herria sentituko. Beste kupeleko sagardoa da nolako jaiak behar ote ditugun.