Galder Perez
IRITZIA

Tximeletak zapaldu

Oporretan kanpora joatea maite dugu. Turismo esaten zaion hori ohiko praktika da, sanoa batzuetan, eta bihurria beste askotan. Bihurria diogu, turismoa egiteko modu gehienak ez direlako jasangarriak, solidarioak, koherenteak eta abar, eta abar. Epai horiek guztiak beste baterako utzirik, turismoa praktikatzen dugunean egin ohi dugun beste jarduera bati erreparatu nahi nioke: denborari. Ez oporretan ez-dakit-non ematen ditugun egunei, edo nola pasatzen ditugun han orduak eta minutuak, ez. Lekuari begira konparazioak egiteko ohitura dugun bezala, hangoa eta hemengoa zein antzeko diren ondorioztatzeko, denboraren joan-etorriaren konparazioa gailentzen da ere oporretako tokietan. Iraganak protagonismo berezia hartzen du, hemen atzo gertatu zen hori, ikusten ari garen hau nolakoa zen herenegun. Gure bidaietan atzera joatea maite dugu, historia esaten diogun hori ezagutzera.

Polita litzateke, fikziozko hainbat lanetan bezala, gure bidaien helmuga iragana edo etorkizuna izatea. Denboran bidaiatzea pertsonon aspaldiko ametsa da. Einsteinek abiadura kontua baino ez dela esaten zuen. Dena oso azkar doalako sentsazioa izan badugu, bai. Baina geldi jarraitzen dugu, gaur egunean trabatuta. Badirudi ezin dugula Ray Bradburyren “A sounf of thunder” ipuinean bezala, denboran atzera egin, historiaurrera, hango txangoan turista despistatu gisa, tximeleta zapaldu eta Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzan aldaketa eragin. Ezin dugu Santimamiñeko paleolitoko akelarre batean egon, labezomorro parea zapaldu eta gure lehendakariak aldatu. Horrela ez, behintzat, ezin dugu iraganera turismorik egin, kolpe batez gaur eguna aldatu edo eragiteko.

Tximeleta batek Madrilen edo Parisen hegoak astintzeak Euskal Herrian ekaitza eragin dezakeen bezala, oinen azpikoari gehiegi begiratu gabe ibiltzen jarraitzen dugu. Umetan zapaltzen genionari begiratzen genion, inurriak edo bestelako intsektu maiteak hiltzeko beldurrez. Astiroago ere joaten ginen; ezin, hortaz, etorkizunera iritsi, Einsteinek abiadura beharrezkoa genuela esaten baitzigun. Eta orain, ordea, plastikozko kaioletan gordetako kilkerrak bezala, ahal dugun tokira egiten dugu ihes, itsu. Kri eta kri kantatu arren, batzuetan ez dugu ikusten zelai berdeak zapaltzen ari garela. Ez dugu besteen gaueko kanturik entzuten, norberak soilik bere kri, norberak bere pausoak eta, ustez, beti aurrera. Eta egunero ari gara tximeletak zapaltzen. Etorkizuna aldatzeko aukera izan badugulako, nola ez. Horretan ari gara egunero. Atzokotik zerbait ikasita (barka, tximeletok), zapaltzeko beste baten bat aukeratu behar dugu gaur, bihar gure hegalak astintzen jarraitzeko.