Jokin Urain
IRITZIA

Berrogei urte Puerton

Puerto de Santa Maria espetxea ez dute itxiko; azken hamarkadetan handitu baizik ez dute egin eta ondorengoetan ere arriskua horretan jarraitzeko. Ez baita falta eta, ikusiak ikusita, ez da faltako, arazo guztien konpongarritzat espetxea baliatu nahi duenik. Hasiera batean kartzela bakarra zegoen Puerton; gaur badira bi edo hiru, zaharraren gainean edo ondoan berria eginez gehituak, zein baino zein handiago, modernoago…

Euskal herritarrongan itzal luzea du, hamarkadaz hamarkada luzatu den itzala, ia mende oso batez bederen, agian gehiagoan. Orain, espetxea ez dute itxiko, ez dute birrinduko, baina iraganean geratu da euskal atxilotu politikoak Euskal Herritik ahalik urrutien atxikitzeko eta bertan suntsitzen saiatzeko erabili duten espetxe hori, eta bego iraganean, sekulako eta betiko.

1936-39ko gerra galdu zuten euskal herritarrak ere hantxe eduki zituzten asko, eta batzuek idatzi egin zituzten hango bizipenak, egunen nekeak, kontaketa horretan aurkitu zutelako suntsipenean ez jausteko modu bat. Baita denbora ez ezabatzeko modu bat ere, bizitakoa ez galtzeko modu bat. Luis Rezola “Tximela” 1938-40 bitartean eduki zuten Puerton, El Duesotik eramanda, eta bertsoak idazten zituen biziko bazen: «Astera nua kantuan/ Santa Mariko Puertuan/ onela ditut penak aztutzen/ etxe giltzatuan…».

Hogeita hamabost urte inguru geroago ere, frankismoaren azken hamarkadan, Tximelak atzera utzitako Puerto de Santa Maria hartara eraman zituzten euskal preso politikoak. Eta Francoren osteko hamarkadan, berdin eraman zituzten; 1981ean berriro idatzi zuten Puerton zeuden euskal preso politikoek: «Euskal Herritik urrun,/denbora hain astiro eta mingarri/ iragaiten den leku honetan...».

Eta ordutik igaro diren beste berrogei urteotan ere astiro eta neketsu igaro da denbora, astun eta luze. Berrogei urte asko da egunez egun kontatu behar denean, egunean egunekoak kontatu behar direnean, eta Puertok asko izan du kontatzeko. Denbora arintzeko, literatura egiteko, urruntasuna hain handia ez izateko, ez ahazteko… idatzi eta kontatu dute bertan egon diren euskal presoek.

Eta gogoratu behar genuke kontatu dutena, gure memoriak gorde behar luke, ahazten badugu gertatu ez balitz bezala izango litzatekeelako Puerto de Santa Mariaren historia. Historia mingarria baitu euskal herritarrontzat. Zuk ere ondo dakizu, Goiherri.