Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
paisaien forentsea

«Autopsiak», iraganaren motxilaren aringarri

Jendez hustu diren herriak, Berako bordak, Portugalgo tren geltokiak, mairu-baratzeak eta leiho itsuak. Denbora batean bizi-bizirik zeuden paisaiak hil hurren edo erabat hilik ailegatu dira guregana. Asier Gogortza Asensio argazkilaria forentse begiz hurbildu da paisaia horietara, begirunez agurtzeko, horrela bakarrik ikusten ahalko direlako sortzen ari diren mundu berriak.

2020ko martxoan, itxialdian ginela, Asier Gogortza Asensiok Portugal goitik behera zeharkatu zuen, Jordi Llorella argazkilari lagunarekin batera. Bidaia horretan egin zituen jada ez dauden tren lineen autopsiak.
2020ko martxoan, itxialdian ginela, Asier Gogortza Asensiok Portugal goitik behera zeharkatu zuen, Jordi Llorella argazkilari lagunarekin batera. Bidaia horretan egin zituen jada ez dauden tren lineen autopsiak.

Greko zaharretik heldu da «autopsia» hitza. Euskarazko itzulpen zuzena «norberak ikustea» izanen litzateke. αὐτός (autos, norbera) eta ὄψις (opsis, ikustea). Zendutakoaren gorpua behatu, hila dagoela egiaztatu eta heriotzaren kausak aztertzea ditu xede nagusi.

Asier Gogortza Asensiok (Bera, 1976) forentseen lan-metodoa paisaiari aplikatu dio “Autopsiak” erakusketa osatzen duten bost argazki multzoak egiteko orduan. «Mundu zaharretik gordetzen ahal zena gordetzeko helburua du argazki-ekintza honek, gorde aditzaren bi zentzuetan: batetik, hondakinak dokumentatu eta katalogatu; bertzetik, bistatik kendu, estali. Izan ere, autopsia egin ondoren maindire xuriz estaliak izan dira hildako paisaiak, hondakinak denen bistan utzi beharrean haien duintasuna babesteko asmoz», adierazi du. «Bertze garai bateko paisaiei zor diegun begirunez agurra egiteko ariketa» proposatzen du, «beti gibelera begira ibili beharrean behingoan aitzinera begiratu ahal izateko, horrela bakarrik ikusten ahalko ditugulako sortzen ari diren mundu eta paisaia berriak».

120 irudiko erakusketa handi hau urriaren 16an inauguratu zuten, Berako Labiaga ikastolako areto nagusian, eta abenduaren 19ra arte egonen da zabalik, larunbat eta igandeetan. Gero herriz herri mugitzea da asmoa.

Irekitzeko bezperan elkartu gara Gogortzarekin, eta autopsien ideiari tiraka hasita, argazkilariaren sormen-mataza amaigabean katigatu gara. Presarik gabe, goxo, hariak plazerez lotuz. Sortzeko gogoa utzi digun zita izan da.

Bere argazkietan ez dagoela jenderik aipatuz hasi gara. Haren arrastoak daude. Horrela ateratzen zaiola ohartu da, eta onartu du. «Hasieran ez nuen horretan pentsatzen ere. Paisaia-argazkilaria nintzela erraten nuen». Orain badaki ez zaiola pertsonei argazkiak egitea gustatzen, baina horiez ari da beti. Arkitektura eta paisaia zer dira bada jendearen ekintzen emaitzak ez badira?

20 urte darama argazkiak egiten. Teknologia aldatzen ari zen momentuan hasi zen, 2000. urte inguruan. Argazkilari aunitzek zuzenean egin zuten salto digitalera; berak, ordea, iraganera egin zuen jauzi, kamera ilunera edo estenopeikara, argazkilaritzaren jatorrira. Argazki makina zaharrak egiten zituen, eskuz, etxean zituen gauzak birziklatuta.

Argazkilari ugarik egin dute bide bera: analogikoak ziren, ez zuten deus jakin nahi teknologia berriekin, baina gero denek, edo gehien-gehienek, erabili dituzte momenturen batean. Gogortzak ere digitalean egiten ditu orain argazkiak, baina teknika analogikoekin eta antzinakoekin ere bai, eta batzuetan teknikak konbinatuz. «Gaur da eguna niretzat ez dena garrantzitsua zer kamera erabiltzen dudan. Inporta zaidana da zer kontatu nahi dudan horrekin eta zer emaitza estetiko dudan. Hortaz, proiektu bakoitzerako gehien egokitzen den teknika erabiltzen dut».

Autodidakta da gehienean. Kamera ilunarekin mundu bat ireki zitzaion. «Lau sosekin egiten ahal nituen kamerak, nahi nuen tamainakoak, eta tresna proiektura egokitzen ahal nuen. Esperimentatzen hasi nintzen, eta urteak egon naiz argazkilaritza mota hori egiten. Oraindik egitasmo batzuetan erabiltzen dut. Aunitz eman didan teknika da. Baina momentu batean ohartu nintzen bere esklabo bihurtzen ari nintzela. Teknikak esklabo bihurtzen gaitu ez badiogu kontrarik egiten edo ez badugu muga markatzen».

Erran dugu bost argazki multzok osatzen dutela “Autopsiak” erakusketa. Azken hiru-lau urteetako irudiak dira. 2018an egin zuen beratarrak azken erakusketa, mugari buruzkoa, eta lan-ildo berriak bilatzeari ekin zion. «Bat hasten nuen, eta bertze bat, eta bertze bat… Gauza aunitz egitea gustatzen zait, denak gaizki egin arren [dio irriz]. Bizian ere halakoa naiz: gauza aunitzetatik pixka bat egitea gustatzen zait. Bost-sei-zazpi proiektu nituen esku artean eta ez nuen bat ere bukatzen eta erakusten. Momentu batean autopsiaren kontzeptu horrek bere aterkiaren azpian bost proiektu hartzen zituela ohartu nintzen, eta hala sortu zen erakusketa egiteko ideia».

 

Mairu-baratzeek erdian jartzea eskatzen zioten, eta gero paisaiari argazkiak egitea. Orduan, zirkulua lerro bihurtu zen.

 

 

Kontzeptua eta estetika elkartzearen txispa. Kontzeptua «txispa bat bezala» piztu zitzaion. «Hagitz intuitiboa naiz. Interesatzen zaidan toki batera joaten hasten naiz. Hagitz argazki gutti egitekoa naiz. Baina denbora osoan buruan ditut. Erreakzio bat ere izaten ahal da bizi dugun garai hauetan. Kontra egite bat. Mundu guztiak denbora osoan argazkiak egiten dituenez, kutsadura bat dagoenez, instintiboki ateratzen zait».

Egitasmo aunitzek ez dute bukaerarik: «Pareta bat dago eta ezin dut aitzinera segitu». Baina batzuetan borobiltzea lortzen du, bi zati elkartuta, kontzeptuala eta estetikoa. «Biek betetzen banaute, puzzle batean bezala klak egiten du pieza batek. Sekulako poza hartzen dut orduan. Maitemindua egotea bezala da: bat-batean zerbait sortzen da».

Kasu honetan, gainera, autopsiaren kontzeptuan bost proiektu elkartu dira. Lehendabiziko aldia da halako erakusketa handi bat egiten duena. «Normalean 20-25 argazkikoak egiten ditut. Hau erokeria bat da», aitortu du. Argazki multzo batzuk bukatuak daude; bertze batzuk hasiak, eta segituko ditu.

Herri hutsak. Goazen banan-banan. Herri hutsen sailetik abiatuko gara. «Herri hutsetara joaten orain dela hamar-hamabost urte hasi nintzen. Batez ere Aibar, Longida eta Nafarroako inguru hustu hori bisitatzen nuen, argazkirik egin gabe. Pila bat erakartzen naute, hagitz lasaiak direlako. Ez dago gizakirik, natura bere tokia berreskuratzen ari da… Baina, aldi berean, ezinegon bat sortzen zait ikusten dudalako bazela jendea bizitzen eta desagertu dela, hirietara joan delako edo hil delako. Zenbat galtzen den ohartzen naiz: jakinduria, bertako hizkera, paisaia… Paisaia eraikuntza soziala baita, inork ez badu begiratzen ez da existitzen».

Horri guztiari bueltaka, egun batean klak egin zion buruak: «Egiten ari naizena forentse lana da. Bertara joan, nire begiz ikusi, paisaia horiek benetan hilik ote dauden egiaztatu eta heriotzaren kausei buruzko zantzuak bildu». Argazkiak atera eta erakustea zen aukera bat, baina ez zuen hori egin nahi. «Zergatik ez dugu pertsona hilen argazkirik egiten? Denaren argazkia egiten dugu, baina hilena ez, errespetuagatik. Agian tabuaren ondorio da. Heriotzari beldur diogu eta hori ez da ukitzen, ez da horretaz solastatzen eta, batez ere, ez da exhibizionismorik egiten, argazkilaritza exhibizionismo bihurtu baita denaren argazkiak eginez: janariarena, seme-alabena…», hausnartu du.

Orduan, hemen ere kontra egiteagatik, ikusi duena gorde du. «Maindirearekin probatu nuen, estetikoki ere erakartzen ninduen. Obsesio bat dut paisaian irekitzen diren leiho edo geometriekin. Agian sobera solastatzen ari naiz…».

- Ez, ez, lasai, interesatzen zait.

«Normalean gutti solas egiten dut nire proiektuez. Margarekin [bikotekidearekin]… Lagun gehienak musikariak ditut eta bertze gauzez aritzen gara. Orduan, norbaitek galdetzen badit, badut etorria».

Hagitz metodikoa ere bada eta urteekin dekalogo antzeko bat ondu du. Ezaugarrietako bat lehen aipatu duguna da, jenderik ez ateratzea. Bertze bat, enkoadratzen ez ibiltzea; enkoadraketa etxetik pentsatua eramaten du. «Nire irudi mentala egiten dut, estetikoki zer nahi dudan lantzen dut eta gero ariketa egiten dut tokian. Argazkilari aunitz bezala, goizeko eta arratseko argiak erabiltzen ere saiatzen naiz».

Proiektuetarako denbora hartzen du eta lan aunitz etxetik egiten du: Google Maps, irakurri… Ez zaio paisaia eskapatuko, hor dago. Ez du presarik, baina ezta pausarik ere. «Herri hutsekin pasatzen zitzaidan: behin eta berriz joaten nintzen, aukera nuenean familia eta guzti. Marga ni baino ilusionatuagoa. Elkar ezagutu genuenean bunkerrekin obsesionatua nengoen, eta Europa guztian barna autokarabana batekin bunkerrez bunker egin genuen ezkonbidaia, inorekin egon gabe [oroitu du irriz]. Azkenean nonbaitetik atera behar duzu denbora, eta denbora dirua ere bada».

Argazkilaritza bizibide du duela 20 urtetik, eta orain ogibide ere bai. «Argazkilaritzarentzat garai hagitz zailak dira. Ofizio bat izaten segitzen du, baina gaur egun denok gara argazkilariak. Aldatu da. Bartzelonan eman nituen zazpi urte arkitektura argazkiak egiten eta bolada batez nire ogibidea ere izatea lortu nuen. Baina gero konturatu nintzen nire helburua ez zela honetaz bizitzea, baizik eta egin nahi dudana egitea. Denok jan behar dugu. Baina ez zait inporta lentejak argazkietatik edo ostatu batean lan eginez lortzen ditudan».

«Aunitz borrokatuta», egin nahi duen hori patxadaz egiteko aukera sortu du. «Horretarako lehenengo pausoa kontziente izatea da, aunitzetan ez garelako kontziente halako lan bat egiteko denbora behar dugula. Gainera, lanari balioa eman behar zaio».

Mural batean jarri ditu Berako 56 bordak. Zutik daudenak bistan daude, baina eroriak daudenak, maindire batekin estaliak. Ondoko orrian, Gogortza, leiho itsu batekin. Argazkiak: Jagoba Manterola | Foku

 

Lerroak. Erakartzen zuen bertze toki bat mairu-baratzeena edo cromlechena zen. «Beran baditugu batzuk. Paisaia hagitz politak dira, bista zoragarriak dituzte, eta gure arbasoen arkitektura modu bat dira, misteriotsuak, ez dakigu ongi zergatik egin zituzten harrizko borobil horiek. Lekuetara joaten hasi nintzen eta hor bai, argazkiak egin nituen. Harrizko zirkulu horrek erdian jartzea eskatzen zidan, eta gero paisaiari argazkiak egitea. Zer gertatzen da zirkulu bati barrenetik argazkia egiten diozunean? Lerro bihurtzen da. Hor dagoeneko bazen zerbait».

Harrespilen inguruan teoria aunitz daude, sinbolismo handia, ehunka liburu idatzi dira… «Ikaragarrizko karga dago hor eta niri aunitz pisatzen zidan. Ez zidan paisaiaz disfrutatzen uzten. Nik ez dakit zergatik dauden eginak, ez naiz hor sartuko, baina begiratoki pribilegiatu batzuetan daude eta hori ez da kasualitatea. Agian nire terrenora eramaten dut, baina egin zituztenentzat ere paisaiak garrantzia izanen zuen. Hari fin bat dago hor lotzen gaituena orain dela 4.000 urteko herritarrak eta gu. Hari horretatik tiratzen hasi nintzen».

Hainbertzeko sinbolismoa dute, ezen bista harrira joaten zitzaion, eta ez zuen nahi. Horregatik, paisaia berri bat sortu du harriak ezabatuz, baita babestuz ere. Argazkian ikusten den zuriune bakoitzaren gibelean harri bat dago eta harriek osatzen duten lerroa edo zirkulua hor dago. «Pisua kendu diot. Mairu-baratzeen gaia landu nahi nuelako, baina arinago. Oteiza agertzen zait. Proiektu aunitzetan, bidean noa eta bere ahots grabe eta bizar handiarekin azaltzen zait: ‘Cromlecha da euskal arimaren paradigma…’ Orain ere harrapatu dut hemen! Nor naiz ni Oteizari kontra egiteko? Inor ere ez, baina bertze modu batez ailegatu naiz hona eta bertze modu batez ematen dut paisaia hau».

Esplikatu duenez, autopsiaren ideian biltzen den honek denak zerikusia du «euskaldunok dugun motxila zahar horrekin: arbasoak, gure hizkuntza zaharra, hiltzen ari den gure kultura gaixoa… Ttikitatik bizi izan dut hori eta gauzak egiten hasi nintzenetik hori eduki dut motxila bezala. Zergatik interesatzen zaizkit arkitektura zaharrak eta lehenagoko bizimoduak? Kazetari nintzenean ere gehien gozatzen nituen elkarrizketak adinekoei egindakoak ziren. Nire belaunaldian badago sentsazioa mundu zahar bat galtzen ari zaigula eta ahal den guztia berreskuratu eta gorde behar dugula, urgentziaz, arduraz… Momentu batean erran nuen: ‘Ezin dut gehiago, ahal dudana egin dut. Zuek nahi baduzue segitu, baina nik autopsia egin eta orria pasatu behar dut, eta motxila arindu’. Nik uste herri, kultur mugimendu edo belaunaldi bezala badugula pisu hori kentzeko beharra. Aldaketa baterako beharra ere bai nik behinik behin. Autopsia honek garai baten bukaera eta berri baten hasiera izan nahi du. Ez dakit zer etorriko den gero, baina zerbait desberdina izanen da».

Baditu proiektu berriak esku artean. Gehiago lantzen dute denbora espazioa baino. «Argazkilariok bi horiekin lan egiten dugu, batzuetan biekin batera eta bertzeetan bat lantzen dugu gehiago. Nik orain arte espazioa landu dut gehiago: formak, lurraldea, muga… Eta orain uste dut, konturatu gabe, modu intuitiboan, denborari lotutako proiektuekin hasi naizela. Gero kontatuko dizut, nahi baduzu».

- Ongi, goazen orain leihoen argazki multzoarekin.

Hondo xuri batean partitura bezala gelditu dira baserrietako leiho itxiak. Iraganaren arrasto edo orbanak dira.

 

 

Leiho itsuak. Hauekin ere intuizioz hasi zen, estetikoki forma horiek atentzioa ematen ziotelako. «Baserri zaharretan iraganaren halako arrastoak izateak galdera sortzen zidan: zergatik mantentzen dituzte leihoak, itsutu badituzte? Zuk zergatik uste duzu?».

- Ez dakit.

«Nik ere ez dakit zein den erantzuna. Segur aski, gauza praktiko bat izanen zen, merkeago ateratzen zelako eginen zuten. Baina esplikazio poetikoago bat bilatu diot: ez dugu iraganaren arrastoa ezabatu nahi. Lehenago etxe honetako leihoa hemen zen, harrizkoa, aski polita. Orain antolamendua aldatu dugu barrutik baina orban hori mantendu nahi dugu. Hondo xuri batean partitura bezala gelditu dira leiho itxi horiek».

Autoa edo bizikleta hartu eta aunitz ibiltzen da Bera inguruan, Lapurdin, Nafarroa Beherean… eta leiho itsu aunitz topatu ditu. «Leiho bat estaltzen duzunean barrenetik ikusten zen paisaia desagertzen da. Baita kanpotik sartzen zen argia eta haizea ere».

- Sinbolo bezala hagitz indartsua da.

«Bai. Leihoak, gainera, bi norabidekoak dira eta estaltzean biak galtzen dituzu».

Berako bordak. Maite du herri arkitektura. Eta bertako materialekin eta tartean arkitektorik gabe egiten zen arkitektura baten adibide garbi bat dira bordak, belaunaldiz belaunaldi entsegu-errore moduan egin direnak. Urteetan hobetu eta gure garaira arte iraun dute. Beran 56 borda daude herri lurretan bakarrik. Horiek dokumentatu ditu. Erdiak baino gehiago eroriak daude. Batzuetan ez dago harririk ere, sasiak soilik. Hondakinak dira eta ez du exhibizionismorik egin nahi izan.

Erakusketan mural handi batean jarri ditu 56 borden urtaro guztietako argazkiak. Herritarrentzat eta baserritarrentzat ere interesgarria iruditzen zaio plazan egitea eurei buruzko erakusketa bat. Zutik daudenak bistan daude, baina eroriak daudenak, lihozko maindire batekin estaliak, eta azpian dagoena begiratzen ahal da, nahi duenak autopsia egin eta gero hila begiratzen duen bezala. Duintasuna gordetzen saiatu da horrela.

Mapan kokatuak ageri dira eta horrek Berako lurralde antolamendua artzaintzaren inguruan nola egina zegoen erakusten du, artzaintza zer garrantzitsua zen, «berak egin baitu gaur egun ezagutzen dugun herriko paisaia».

Portugalgo tren geltokiak. Azken saila enkargu batetik dator. 2020ko martxoan Portugalera joan zen Jordi Llorella argazkilari lagunarekin. Bartzelonan bizi izan zen garaian bazkide izan zuen eta egunero elkarrekin zeuden. Lisboako geltoki nagusia zena bost izarreko hotel bilakatu behar dutela-eta geletarako artelanak nahi zituzten eta Llorella eta biek proiektu bat aurkeztu zieten.

Bertan, 50eko hamarkadako maleta zaharrak, Portugalgo migranteek diktadura garaian beren herritik alde egiteko erabili zituztenak, lortu eta kamera bihurtu zituzten. Horiekin geltokiz geltoki ibili ziren argazkiak egiten. «Migranteek ikusten zituzten beren herriaren azkeneko irudiak ziren estazioak, eta maletak memoriaren biltzaileak dira. Portugal osoa zeharkatu genuen autokarabanan, argazkiak bertan errebelatuz. Bai, erabat erromantikoak gara! [dio irriz]». Hala ibili ziren hilabete, zein eta itxialdiarena.

Portugalen existitzen ziren eta diren tren linea guztiak dokumentatu zituzten. Orduan ere jada ez dauden tren lineen autopsiak egin zituzten, eta horregatik bildu ditu horiek ere erakusketan. Baina ez ditu baliatu maletekin egindako argazkiak, hotelaren jabetzakoak direlako. Kamera digitalarekin ateratako panoramiko batzuk sartu ditu.

Paisaia bat berritik sortzea. Esku artean dituen proiektu berrietako bat hariztiarena da. 2019ko udazkenean ehun ezkur bildu zituen Urruñako zelai batean, bi haritz dotoreren azpian. Jogurt potoetan sartu zituen abendu aldera eta konfinamenduan kimuak sortzen hasi ziren. «Ehun haritz genituen etxean bertan eta erretratuak egiten hasi nintzen, dokumentatzeko». Joko bat bezala, bakoitzari aktualitatearekin lotutako izen bat jarri zion: Boris, Zumeta, Klein… Haritz bakoitza bere izena agertzen zen egunkari paperean bildu eta argazki bat egin zion. «Mundua hankaz goiti jarri zuen hilabete haren museo bat osatzen dute. Baratzean ditut, baina handitu dira eta baso bat landatzeko bidean gaude». Bere hazitik paisaia bat nola sortzen den, hori da ideia.