Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Paretak

Paretek hitz egingo balute, zenbat sekretu ez ote lizkigukete kontatuko. Baina askotan nahiago genituzke pareta mutuak; sufrimenduzko ahotsak isiltzen dituztenak.

Ez dago paretarik, etxe barruan gertatzen den indarkeria matxista isiltzeko gai denik. Zenbat haur gauaren hotzean oihu batek iratzarriak, seko beldurtuta. Atearen azpiko zirrikituan sumatzen dituzten pausoak norenak diren asmatu nahian. Batzuek pentsatuko dute arrotzen bat sartu dela etxean, haserre eta maldizioka. Izan ere, ez dute aita inoiz hain haserre ikusi egun argitan, perretxikotara elkarrekin joaten direnean, judotik atera eta auzoko tabernan tortilla pintxoa elkarrekin jaten dutenean...

Beste batzuek izararekin burua tapatu eta begiak estutuko dituzte, ekaitza noiz pasatuko. Badakite aita haserretzen denean nola jartzen den, egunez zein gauez. Horregatik neurtzen dituzte etxean hitzak eta ekintzak, aita ez dadin piztu. Amak ere hori erakusten die, hanka puntetan bizitzen, badaezpada.

Eta horrela, pixkanaka, babeslekua izan behar duena, kaleko zapatak erantzi eta lasai egoteko lekua izan behar duena, penak eta pozak murtxikatzeko tokia izan behar duena, etxea, tentuz ibiltzeko tokia bihurtzen da. Begiak erne eta lepoa tente, atzekoa eta aurrekoa ikusteko, amaren aurpegieran sumatzeko nolakoa datorren gaur eguna.

Magalari zuloa egiten zaio. Babestu, maitatu, erakutsi egin behar duen lantalde hori –gurasoena– puskatu egiten da. Segur aski, amak eguna disimuluan pasatuko du, minez zartatuta egon arren, zailtasunaren aurrean zaintzarako duen abileziari punta ateraz.

Nolako arima hazten zaio indarkeria matxista arnastu duen haurrari? Akaso begirada zorroztuko zaio eta urrutitik usainduko ditu jokaera matxistak. Akaso kontrako puntan bizitzen saiatuko da, lokatz horretatik salbatu nahian. Edo akaso aitari ikusitakoak piztuko zaizkio berari, bere aukeren gainetik haserretuko da eta bere amorruak paretak zeharkatuko ditu. Edo amak erakutsitako moduan, hanka puntetan biziko da beti, ahalik isilen eta geldien, inor ez haserretzeko.

Askotan gogoratzen naiz Maguetteren bi alabekin. 2018an lepoa moztuta akabatu zuen senarrak, Bilbon, eta bi eta lau urteko alabek 24 ordu eman zituzten amaren gorpuaren ondoan. Eta orain ezin ditut burutik kendu Erikaren bi semeak, 13 eta 17 urtekoak. Duela aste batzuk Gasteizen lepoa moztuta akabatu zuen senar ohiak, semeak etxean zirela.

Ezin dut imajinatu nolako mina ematen duten haur eta nerabe horiek dituzten zauriek. Nola orbainduko ote dira? Okerrena da, horrorea horraino iritsi izan ez balitz, hiltzaileak aita izaten jarraituko zuela, legeak babestutako neurriekin.