Amaia Uribe
IRITZIA

Altxorra

Altxorra balitz bezala gordetzen dugu, aitonak edo amonak eman zigun objektu hori. Kaxoitik atera, maitasunez eta harrotasunez begiratu eta berriro kaxoian sartzen dugu hondatu ez dadin. Izan ere, egunen batean geure seme-alabei edo ilobei eman nahi diegu aitona-amonengandik jaso genuena. Baina, zergatik ez dugu planetarekin gauza bera egiten?

Klima aldaketak kolokan jarri du Lurraren etorkizuna. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du, neurririk hartu ezean, tenperatura globala 2,7 gradu igoko dela. Toki batzuk ez dira bizitzeko egokiak izango, espezie asko desagertu egingo dira eta hondamendi naturalak geroz eta ohikoagoak izango dira. Lehortea areagotuko da, izotzez estalitako guneak urtu egingo dira eta ur maila igo egingo da. Toki batzuetan, uzta jasotzeko eta arrantzatzeko arazoak izango dituzte eta pobrezia larriagotu egingo da. Etorkizun hori nahi al dugu gure ondorengoentzat?

Lurra landuz ateratzen zuten bizimodua gure arbasoek. Eta zer egin dugu guk? Landa eremuak apurtu eta hiri erraldoiak eraiki ditugu, kotxea erabiltzen dugu edozertarako eta plastiko artean bizi gara. Armairuetan sartzen ez den beste arropa daukagu eta tonaka janari botatzen dugu zaborretara. Paperezko musuzapia dirudien bizi estiloa daukagu. Erabili eta bota. Kontsumitu eta berria erosi. Zintz egin eta tolestu.

Baina askok ikusi nahi ez duten arren, larrialdi klimatikoa hemen dago. Donibane Garazin azken 50 urteotan tenperatura 1,8 gradu igo izana ez da normala. Death Valleyen termometroak 54,4 gradura iristea ez da normala. Islandian 400 glaziar galdu izana ez da normala. Beraz, ireki ditzagun behingoz begiak eta has gaitezen geure esku dagoena egiten.

Birziklatu. Energia berriztagarriak sustatu. Kotxea gutxiago erabili. Plastikoaren erabilera gutxitu. Haragiaren kontsumoa murriztu. Tokian tokiko produktuak erosi. Ez da horren zaila, ingurugiroa zaintzeko pausoak ematen hastea.

Aitonarengandik edo amonarengandik jaso genuen objektu horren moduan zaindu behar genuke gure planeta. Hondatu beharrean, maitasunez eta harrotasunez jagon behar genuke ilobei emango diegun planeta. Azken finean, bizitzeko leku bat izatea baino altxor handiagorik ez dago.