Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Zelofan egunak

Urtearen lehen egunak kontu handiz zapalduko dituzu agian, garbitu berri den sukaldeko zorua bezala. Baina askotan hasten zara pausoa ahalik gehien luzatzen, suabe-suabe oina non kokatu pentsatzen, Pantera Rosaren lehengusua bazina bezala. Total, inoiz baino arrasto gehiago, desordenatuagoak eta markatuagoak uzten dituzula azkenerako. Edo hasten zara agenda berri-berrian, orrialde zuri eta garbi horretan, ahalik hizki dotoreenetan esaldiak osatzen, zure idazkera txukunena eta eleganteena ekartzen eta nahi baino lehen ateratzen da lehendabiziko zirrimarra, inoiz baino zatarragoa. Agian barealdia hitzeman diozu zure buruari urte berrirako eta dagoeneko serio haserretu zara inguruko horrekin, betirako bezala. Gaur ez zara oso ondo akordatzen zergatik. Baina amorratuta zaude. Akabo. Aurten behintzat ez diozu hitzik egingo. Eta oraintxe hasi da aurten.

Urteari zelofana kentzen diogun egunak dira hauek eta giroan bada zerbait, karga berezi bat. Urtea puskatu eta datozen hilabete guztietan pitzatutako urtea bizitzearen ikara modukoa. Frijitzeko arrautza irekitzen hasi eta gorringoa hausten zaizunean bezala, dagoeneko badakizu jango duzun arrautzak ez duela itxura perfekturik izango. Perfekzioa zer den, hori ere eztabaida mamitsua litzateke.

Zikloak garrantzitsuak dira, zerbait bukatu eta beste zerbait hasteak indarra ematen digu seguruen. Arnasa hartu, pauso batzuk atzera egin, abiada hartu eta salto. Baina batzuetan garrantzia eta zeremonia gehiegi ez ote diegu ematen urte amaierako eta hasierako une hauei. Gora ospakizunak, bizitza egunero ospatu behar delako ahal den neurrian, baina ez gaitezen tristatu edo haserretu urte berri-berriari lehen orbana egiten diogunean. Jolasean prakak hausten dituen haurraren modura, gozatuz urratu ditu belaunak eta tarratatu galtzak. Ba, horixe, Gabonetako iragarki distiratsuen desberdina dela gure bizitza.

Promesen garaia da. Aurten egin asmo ditugun horiek zerrendatuko ditugu agian, ahots goran batzuek, norbere buruarekin hizketan beste batzuek. Horiek ere beharrezkoak, indarra hartzeko, aurrera egiteko. Baina dagoeneko eskarmentu pixka bat dugunok badakigu ez ditugula promesa denak beteko. Promesak betetzeko baino aurrera begira bizirauteko ez ote ditugun egiten...

Imajinatu bazatozela etxera bueltan, boten zola likatsu horrekin astronauta bat ilargian bezala, pausaje bereziz. Garbitu berri dagoen zorua sukaldean. Kaka. Oheratu aurretik arrautza frijitu bat, gaur ere gorringoa puskatuta, asimetrikoa erabat. Baina ze arrautza gozoa! Eta bihar biharkoak, aurten ere urteak egun denak izango baititu, onak eta txarrak.