Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Sendatu eta isildu

Guillaume Fauveau
Guillaume Fauveau

Osasun krisiak luze eta gogor jo du, bai Euskal Herrian, bai nazioartean ere. Zer esanik ez, baliabide urriak dituzten herrialdeetan. Goiko irudia Baionan hartu zen berriki, osasungintza arlotik bultzatutako protesta-ekintza batean. Esanguratsua, bertaratutako emakume honek musukoan idatzirik daraman mezua. Sendatu eta isiltzera behartu ote dituzte medikuak?

Axalekoa gailentzen den garaiotan, kapitalismoaren esentziarik puruenak bizitzera ohitu garen uneotan, azpian geratzen dira benetako beharren funtsak, oinarrizko beharrizanen nukleoak eta gas forman ihes egiten dute, airean, estualdietan egindako promesek.

Osasun krisiak luze eta gogor jo du, begi-bistakoa da. Eta erietxeetara begira jarri du gizartea birus eran hedatu den kaos sistemiko honek. ZIUetako zifrak, ospitaleratutakoen kopurua... eta, urrunago joanik, eguneroko beharretan artatzen duten horien ezinbestekotasuna, kudeaketa administratiboa, eta, azken batean, gizatasunari zurrunki lotutako lanbide-izapide baten beharra. Gogoan hartzeko modukoa gertatzen ari dena, gerora ez daitezen iragandako akatsak errepika, oinarrizko zerbitzuen beharrezkotasuna ageri-agerian geratu baita.