Ibon Salaberria
ARKITEKTURA

Hiri porotsua

Atariak izan dira, betidanik, partikularra den etxekotasuna besteekin partekatzeko eremuak. Zentzu zabalenean ulertuz gero, ataria, geure barrua eta kanpoa kontaktuan jartzen dituen erlazio espazioa da.

Gure arkitektura tradizionalean erraz seinalatuko dugu ataria elkartzeko toki zabal eta babestu gisa. Egun, atariak desagertzen doazen neurrian, gogora dezagun, hain zuzen ere, atarien batuketak sortzen duela kalea, eta kaleak direla auzoaren atariak. Atariak, hortaz, arkitekturaren poroak dira. Grekotik datorren poro hitzak pasaiari, pasabideari edo bideari egiten dio erreferentzia. Batetik bestera igarotzeko ematen duen aukera da poro-a. Benoît Goetz-ek azaldu zuenez, «arkitektura porotsua gizakien bizitzez eta ekintzez zeharkatzen uzten dena da».

Hiri porotsua berreskuratze aldera, atariez –zentzu zabalenean– egina den hiria alegia, tarteko espazioen garrantziaz jabetzeko ariketa berregin beharra daukagu. “Hiri porotsua” da Jean Louis Deottek Walter Benjaminen pentsamenduaren arkeologia egiten duen liburuaren izenburua. Hirien eraikuntza garai ezberdinetan sorturiko “aparatuek” baldintzatuta dagoela dio Deottek Benjaminen pentsamendua adibide gisa jarriz. Porositateak arkitekturaren mugei –teknikoki– begiratzeko beste modu bat planteatzen du. Ildo horretan, modernitateak liluratu egiten zuen Walter Benjamin, zeinak, Giedionen irakurketa agian gehiegizkoan, altzairuzko eta beirazko eraikuntzaren aparatu tekniko eta pragmatiko berria espazio zehaztugabeen eta arkitektura porotsuen eszena imajinario berri gisa hartzen zuen.

Elementu metaliko txikietan oinarritutako egitura handiak osatzeko aukera tekniko horrek, Benjamini hiriaren erabilera-ordena berri baterako iruditeria eragiten dio. Alde batetik, hiri porotsua Benjaminek teknika berrien bidez irudikatzen duena da. Hala ere, Benjaminek hiri porotsuarekiko bestelako irakurketa bat eraikitzen du Italiara egindako bidaietan. 1924ko udaran, Caprin, Asja Lacis aktore eta antzerki zuzendaria ezagutu zuen. Benjaminek esan bezala, emakume eta komunista aparta. Elkarrekin egin zuten bidaia Napolira. Bidaia hartatik sortu zen “Nápoles” artikulua, 1926an “Franfurter Zietung” egunkarian argitaratu zena. Aparatu eta teknika berriekin zuen lilura, Napoliko hondakinekin eta dekadentzia errealaren bizipenarekin aurrez aurre jarri zuen Benjaminek. Ipar Europako hiriekin alderatuta, honela erretratatu zuten Lacisek eta Benjaminek Napoli:

«La arquitectura es porosa como estas piedras. La construcción y la acción se alternan en patios, arcadas y escaleras. Todo es lo suficientemente flexible como para poder convertirse en escenario de nuevas constelaciones imprevistas. Se evita lo definitivo, lo acuñado. Ninguna situación actual está dada para siempre, ninguna figura pronuncia su ‘así y no de otra manera’. Así se configura aquí la arquitectura, esa pieza contundente de ritmo comunitario». Arkitektura porotsua ez da kasu honetan gaitasun tekniko berri batek ematen duena, aldiz, mugak bizi eta partekatzeko moduak egiten du hiria porotsu. Artikuluan, aurrerago, honakoa idatzi zuten: «La vida privada es dispersa, porosa y entreverada. (...) Así la casa no es tanto el refugio al que las personas ingresan, sino más bien el reservorio inagotable del que fluyen. No sólo por las puertas sale lo animado. No sólo hasta el vestíbulo, donde la gente realiza sus tareas sentada en sillas (pues tienen la habilidad de convertir su cuerpo en una mesa)».

Ataritik haratago, Napolin, eskailera, arku, leiho eta bestelako elementuek osatzen dute arkitekturaren porositate eta bizigarritasun maximoa. Paris edo Berlin bezalako hirietan, aztertutako teknika berriek sortzen zituzten aukera “porotsuak”; Napolin, biztanleek jasotako arkitektura zaharkituen erabileran aurkitzen dira.

Gaur, gurera etorrita, porositate falta nabarmena sumatuko dugu bizi ditugun hiri, auzo eta arkitekturetan. Pororik gabeko zuntz iragazgaitz batek banatzen ditu geure etxeen atariak eta kaleak. Tarteko espazio ezak komunitate erlazioak ezabatu ditu. Hiria urbanizatzeko modua bezalaxe, profilaktikoa da etxearen eta kalearen arteko tarte-espazioa. Uzkurtu egin da zuntz iragazgaitz bat bilakatu arte. Deriba horren aurrean, hausnarketa edota prototipo berrien bila, azken garaian Europan izan diren lehiaketek, hirien moldakortasuna jorratu dute haien enuntziatuetan. Europan, lehiaketak, Europako hiri eta herri ezberdinetan gertatzen diren arkitekto gazteentzako lehiaketak dira.

Lehiaketa haietako bat irabazi zuen proiektuak ilustratzen du ezin hobeki hiri porotsuak izan dezakeen paisaia baten esperientzia. Eta hona ekarri dugu Maria Langarita eta Victor Navarrok 2015ean aurkeztutako proiektua. “En movimiento” zen proiektuaren leloa eta haien lehendabiziko ardura, honakoa: «Cómo incluir el paisaje cambiante en nuestros archivos culturales». Alde batetik, hiriaren urbanizazio ereduak sortu duen zoladura “profilaktikoa” –iragazgaitza ere– ekiditeko saiakera da Langaritaren eta Navarroren proiektua. Aldiz, osotasunean, habitatze-bigun batek eragiten duen “porositate” osoa azalduko dute: plangintzarik gabeko zola sistemak, eraikitzeko modu “bigunak” (erabiltzaileek ere moldatu ahal izango dituztenak), egitura arruntak eta moldakorrak edota paisaiaren zikloak kontuan izango dituen ekosistema berri bati potentzia gaitasuna eskaintzea. Hiria, auzoa eta eraikin bat ulertzeko bestelako modu bat da proiektua. Proiektuak azaltzen duen bezala, ez dezagun ahaztu hiri porotsuak pertsonen eta eraikinen arteko erlazioan hartzen duela arnas. Hiri porotsuak bizitza zikloak berrartikulatzen ditu, banakakotik partekatura edo kolektibora doan konplexutasunean. Hiri porotsuak ez du ezkutatzen funtzionatzea ahalbidetzen dion hori.